Artea, nortasunaz eta norbanakoaz hitz egiteko

Uharteko Arte Garaikideko Zentroan lau erakusketa aurkeztuko dituzte denboraldi honetan

ALBERTO BARANDIARAN IRUñEA
2008ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Nortasunaren gaia ardatz hartuta, hainbat artistaren gogoeten inguruan kateatzen dira, otsailaren 29tik aurrera, Huarte Arte Garaikideko Zentroan paratuko diren erakusketa berriak. Esaterako, gizabanakoaren nortasunaren kontzeptuaz eguneroko bizitzak ezkutatzen dituen grina, sexua, krudelkeria eta tragikotasuna azaltzen dituzte Keren Cytterren Repulsion, Deamtalk eta Mfpig artelanek. Eta Carles Guerrak kudeatutako Hau ez da erakusketa bat izeneko lan bilduma plataforma pedagokiko gisa osatu dute, eskolaz, gerraz, lantegiaz eta topiko sorta luze batez zer pentsa emateko.

Hugo Canoilasek, EndlessKilling izeneko hormirudi erraldoiaren bidez, nazio-estatua sortzeko proiektuei buruzko gogoeta egin du, eta Roberto Agirrezabalagak, net-artearen baliabideekin, ikuslearen nortasunari erreparatu dio.

Huarte Zentroko komisarioek, proposamen horien bidez, ikusle eta ekoizpen artistikoaren arteko hesiak apurtzeko apustua egin nahi izan dute, eta egungo arte garaikidean hain ohikoa ez den komunikazio sarea osatu. Gogoetak, azken finean, bi norabidekoak izan daitezen.



DOGMA FILMEN ETA NOUVELLE VAGUE. Keren Cytterren lana Euskal Herrian ikusteko lehen aukera izango da Uhartekoa. Bere film esperimentalen bidez, nazioarteko hainbat museo, zentro alternatibo eta arte aretoren interesa piztu du artista israeldar horrek, itxura zein edukia dela-eta, eta biak lotu zein askatzeko darabiltzan moduengatik.

Nouvelle Vague, Dogmaren filmak eta bideoartea, zinema dokumentala eta medrolama... artistak berak egindako gidoien bidez, desioa eta oroimena, sexua eta amodioa, ankerkeria eta beldurra, gorrotoa eta jelosia nahastu ditu, eta, horrela, harreman korapilatsuen lekuko egiten du ikuslea. Eta kontraesanen mikrokosmos horrek, tragikotasuna zein komikotasuna, azalekotasuna eta sakontasuna, egunerokotasuna eta hutsalkeria, ezaxolakeria eta malenkonia uztartzen ditu, denak aldi berean. «Umorea lotsatik dator, eta alderdi serioak, berriz, estresetik», dio egileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Psikologia eta Pedagokia Sailaren laguntzarekin, Hau ez da erakusketa bat izango da hirugarren proposamen nagusia, zentroko 2. gelan jarriko dena. Argazkien, bideoen eta dokumentalen bidez, garraiatu eta lekuz aldatzeko artelanak aurkeztu ditu Carlos Guerra komisarioak, ikusleak erabil ditzan. Aurkeztutako lanen asmoa ez da begiratzeko objektu hutsak izatea; aldiz, beste espazio, toki eta erakunde batzuetara joan eta garraiatuak izan daitezen sortu dituzte. Azken helburua ikusleek haien gainean eztabaidatzea da. Beste era batera esanda: Huarte zentroa erabiltzaile hurbilenen bitarteko zentro bilakatu nahi duen «antierakusketa» da erakusketa hori.

Bruno Serralongue, Allan Sekula, Azra Aksamija, Jeremy Deller, Jordi Colomer, Ignasi Aballi eta Walid Raad dira, besteak beste, erakusketako artistak.



MUGAGABEKO HILKETAK. Hugo Canoilas margolari portugaldarraren hormairudiak hartuko du 3. aretoa, otsailaren 29tik aurrera. Canoilasek irudien zirkulazioa eta interpretazioa du gai nagusitzat, eta Endless Killing artelanen bidez, amaiera edo muga gabeko hilketari buruz jokoa aldarrikatzen du. Espazioaren luze-zabalera osoa hartzen duen hormairudi erraldoiarekin, historiatik zuzenean hartutako erreferentziak nagusitzen dira, berehala, ikuslearen begi aurrean.

Margolariak talde bat edo nazio bat beste bati indarkeriaz gailentzen zaioneko unea islatu nahi izan du. Eta, erloju-orratzen noranzkoa antolatuta, berrogei gorputz biluzik irudikatu ditu, hilketa baten aurreko jarrera eta aurpegierarekin. Kate bat da, gizakiaren beraren suntsiketa iradokitzen duen hondamendi gisa. Hormairudi klasikoen gisara, irudiak eta denboraren orratzak tartekatzen dira, eta elkarrekin egokitzen. Artistak esan du helburua «bizitza politikoaren norabidea ebaluatzea» dela.

Roberto Agirrezabalagarena da beste proposamena. Sareak eskaintzen dituen baliabideekin tematuta, zineman oinarritutako sistema narratiboak aztertzen ari da, eta zinema bera, fotografia eta Internet erabiltzen ditu horretarako. Net-art izeneko erakusketa aurkeztuko du Uharteko zentroan.

Harri Larunbek, azkenik, eskultura itxurako instalazio bat prestatu du Huarte zentrorako, eta margolanak eta marrazkiak ditu bere lanak ardatz.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.