ARTEA. Utopiak ezinezkoa behar du izan

Haizea Barcenilla
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Mabi Revuelta.

Non: Bilbao Arte (Bilbo). Noiz arte: abenduaren 4ra arte.

Haizea Barcenilla

Orain dela gutxi, artean ez dabilen eta ezagutu berri nuen pertsona batekin ari nintzela hizketan, pintura, eskultura edo argazkia nahiago ote nituen galdetu zidan. Galderak ez ninduen harritu; izan ere, behin baino gehiagotan ibili naiz lagunen arteko begirada eszeptikoen aurrean azaltzen euskarrien gainetik kontzeptua dagoela, eta artea ezin dela formatu soiletan sailkatu, ideia hori guztiz kausitzen ari ez denaz oso ondo ohartzen naizelarik hitz eta pitz egiten dudan heinean. Jende askorentzako, pintura pintura da, eskultura eskultura, dantza beste mundu guztiz desberdin bat eta are urrutiagokoa literatura.

Zeinek esango luke, panorama hori ikusita, orain dela jada 96 urte Rimski-Korsakovek koreografia berritzaileentzako musika probokatzailea konposatzen zuenik, Natalia Goncharovak agertokiak eta jantziak prestatzen zituen bitartean, Ballets Russes izeneko abangoardiako ballet batekin elkarlanean.

Mabi Revueltak BilbaoArten erakusten dizkigun lanak 2009ko Abeceda proiektuaren jarraipena dira, eta inspirazioa Ballet Errusiarretan aurkitu ez badute ere, zertxobait geroago, 1926an, gauzatutako ildo bereko lan batetik eratortzen da. Orduan sortu zuten Txekiako Devetsil talde abangoardistako hiru kidek Abeceda (alfabeto, txekiarrez) izen bereko proiektua. Vitezslav Nezval poetak idatzi zizkien hizkuntzaren unitate txikienei poemak; hots, letra bakanei; Milca Mayerovak ideia horien inguruko koreografia bat osatu zuen; eta Karel Teige diseinatzaileak collage tipografikoak sortu zituen, Mayerovak editatutako liburu bihurtu zirenak.

Artista bilbotarrak egun kasik ezezaguna den material hori argitara ekarri eta beste begirada bat botatzeko beharra sentitu du. Haren proposamena, ondorioz, hiru artista txekiarrek egindako lanaren interpretazio berri bat izan da; dena den, nahia ez da forma berreskuratzearena soilik. Garrantzizko puntua izpirituan dago.

Behin eta berriz ikusten dugu, izan ere, abangoardiekiko miresmen, malenkonia, gogo edo grina begiradarik gure artean. Orain dela gutxi Nadia Barkatek konstruktibismoari keinu egiten zion Rekalde aretoan zeuden lan bikainen bidez; ez dira aipatu gabe utzi behar Asier Mendizabalek edo Xabier Salaberriak egiten dituzten lanak. Eta hori ez da Euskal Herrian besterik zabaltzen den joera bat, oro har errepikatzen dena baizik.

Abangoardiek egungo artea markatu dutela argia den arren, atzera begirada horiek omenaldi bat izateaz gain, jeloskortasun apur bat ere erakusten dutela suma daiteke. Izan ere, utopiaren izpiritua galdu dugu. Ez dago mugagabeko baikortasunik, ezta gizartea alda daitekeen sinesmenik, ezta mundu berri baten aurrean gauden inolako sentimendurik ere. Post-ideologiaren garai honetan, konstruktibismoak zuen bultzada eta energia miresten dugu. Birsortu nahi dugu, ez garai horretan bezala, ezinezkoa bailitzateke, baizik eta gure garaiaren sentiberatasunarekin bat eginez. Eta lan hori ez da batere erraza.

Horregatik da pozgarria eta tristea, aldi berean, Mabi Revueltaren erakusketan sartzea. Pozgarria da, artistak lankidetzaren izpiritua jaioberritzea lortu duelako hein handi batean, formatuekin apurtu duelako halaber. Nezvalen testuak berreskuratuz, koreografiaren eta diseinuaren atalean lan egin du batez ere, jatorrizko irudietatik hasiz forma berriak lortuz, betiere abangoardien erakusgarri diren ezaugarri formal hainbat mantenduz. Erakusketan, Abeceda liburuaren berrikuspenaz gain, 2009an BAD festibalerako sortutako dantza emanaldiaren grabazioa ere ikus daiteke. Hemen, beste formatuetan baino gehiago, elkarlana agerikoa da, hala nola lengoaia artistikoen arteko elkarrizketa eta esperimentazio grina.

Tristezia, ordea, presente da mostran. Bada malenkoniaren kutsu sotil bat. Alde batetik, Nezvalek, Mayerovak eta Teigek Abeceda sortu zutenean, berritasunean, apurketan, sormen absolutuan baitzegoen koska. Mabi Revueltaren lanak historiari begiratzen dionez, laurogei urteko zama pairatu behar du, horrek dakarren guztiarekin. Egun, berrikuntzaren ametsa barregarri geratu da, eta jada existitzen denari dei eginez lor dezakegu bakarrik aurrera egitea. Mabi Revueltaren lanak badu berrikuspenaren kontzientzia, horrek iraultzaren ideia guztiz baztertzen duelarik. Artista iraultzaileen lana iraultzaren aukera iragan eta gero da berrikusia, iraultza berri baten esperantzarik gabe.

Behin eta berriro datorkit Richard Hamiltonen izenburuaren eraldapen bat burura, artikulu honen irudikapen lakoniko baten modura: zerk egiten ditu egun abangoardiak horren desberdin, horren erakargarri? Hasierakoaren eta esaldi horren arteko aldea honetan datza: Hamiltonek aurrera begiratzen zuen denbora berrien ateetan zegoela sumatuz, onerako edo txarrerako hauetara iristeko irrikaz, azken abangoardiak agortzen zituen bitartean; gaur, berriz, aurrera egiten dugu soilik iraganak lekua hartuz bultza egiten digulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.