Artea

Artearen ahalmen eraldatzailea

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, erakusketak, zinema zikloak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte zenbait kultur erakundek eta instituziok.

(ID_13536184) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-01-26, Gasteiz. Néstor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko egitarauaren au...
MENDEURRENA. Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzeko egitaraua aurkeztu zuten, atzo, Gasteizko Artium museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko urtarrilaren 27a
05:05
Entzun

XX. mendeko euskal artista nabarmenetako bat izan zen. Diziplina ugaritan egin zuen lan, hala margolaritzan, nola eskulturan, zinemagintzan, ilustrazioan eta diseinuan. Aurten hamar urte egingo ditu Nestor Basterretxea hil zela (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014), eta maiatzean beteko da artista jaio zeneko mendeurrena. Data hori ospatzeko bat egin dute Euskal Herriko hogei kultur erakundek eta instituziok baino gehiagok, eta egitarau zabala osatu dute elkarrekin. Erakusketak, zinema zikloak, ikus-entzunezkoen programak… askotarikoak izango dira jarduerak, eta batzuek oraindik ez dute data zehatzik, baina aurten eta datorren urtean egingo dituzte denak, Euskal Herri osoko hainbat udalerritan. Haien bidez, artistaren lana ezagutarazi, eta euskal kulturaren sustapenean egin zuen lanagatik omenduko dute. Egitarauaren berri atzo eman zuten, Gasteizko Artium museoan eginiko agerraldi batean.

Mendeurreneko ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak koordinatu ditu, artistaren seme Gorka Basterretxearekin elkarlanean. Elkarlanean jardun dute beste hainbat instituziok —besteak beste, Eusko Legebiltzarrak, Arabako Foru Aldundiak, eta Bermeoko, Hondarribiko, Irungo eta Gasteizko udalek—, zenbait museok —besteak beste, Artiumek, Bilboko Arte Ederren Museoak, Donostiako San Telmok eta Jorge Oteiza museoak—, eta beste hainbat kultur erakundek ere —Donostiako Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia, tartean—.

Otsailaren 28an hasiko dira egitarauan bildu dituzten ekitaldiak, Bilboko Arte Ederren Museoan: Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketa inauguratuko dute egun horretan. Peio Agirre, Pedro Feduchi eta Pedro Reula dira erakusketaren komisarioak, eta Basterretxeak 1950eko hamarkadatik aurrera egindako obrak ezagutaraztea hartu dute xedetzat. Apirilean, maiatzean eta ekainean beste hiru erakusketa egingo dituzte: bata Irunen (Gipuzkoa), eta beste biak Gasteizen. Eta udazkenetik aurrera, beste erakusketa bana eskainiko diote artistari Durangoko Arte eta Historia Museoak (Bizkaia) eta Donostiako San Telmo museoak. Datorren urteko udaberrian, berriz, Donostiako Museum Cemento Rezolak hartuko die lekukoa.

Erakusketekin batera, zinema zikloak eta bestelako jarduerak ere izango dira. Halaber, mendeurrenari eskainitako webgune bat ere abian jarriko dute. Atariarekin, testuen eta irudien bidez, artistaren ibilbidea ezagutaraztea da asmoa. Denbora lerro batek artistaren funtsezko mugarriak adieraziko ditu, eta mapa batek, berriz, haren obra publikoa geolokalizatzeko aukera emango du. Webguneak, gainera, Nestor Basterretxea Artxiborako sarbidea izango du, zeina Basterretxea familiak dohaintzan eman zion Artium museoko Dokumentazio Zentroari.

Basterretxearen «konpromisoa»

Agerraldian bildutako ordezkariek goraipatu egin dituzte Basterretxearen figura eta obra. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, «Euskal Herriaren historia ulertzeko, erabat beharrezkoa da Basterretxea eta haren obrak ulertzea». Bat etorri da harekin Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere; haren esanetan, Izaro —Eusko Legebiltzarraren ikurra— eta Gernikako Arbolari omenaldia obrak «herri subiranotasunaren» sinbolo dira.

«Euskal Herriaren historia ulertzeko, erabat beharrezkoa da Basterretxea eta haren obrak ulertzea».

BINGEN ZUPIRIAEusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere «demokraziaren» sinbolo gisa irudikatu du Basterretxea. Azpimarratu du denen lana dela Basterretxea izan zena osatzea, eta Euskal Herriko gizartearekin izan zuen lotura nabarmendu du: «Euskaraz lotura ez da bakarrik batzen duenaren sinonimoa; konpromisoa ere esan nahi du. Eta hori zuen Basterretxeak euskal gizartearekin: konpromisoa».

«'Lotura' hitzak 'konpromisoa' ere esan nahi du. Eta hori zuen Basterretxeak euskal gizartearekin: konpromisoa».RAMIRO GONZALEZArabako ahaldun nagusia

Artistaren seme Gorka Basterretxeak eta alaba Monica Basterretxeak ere goraipatu egin dute beren aitak Euskal Herriari egindako ekarpena. Herriari eskaini zizkion «aniztasuna», «konpormisoa» eta «gertutasuna» nabarmendu ditu semeak. Alabak, berriz, bere aitaren bizitzaren zenbait gako aletu ditu: haurtzaroa, frankismo garaia, erbestea… Eta argitu du une horietan guztietan ikasitakoek egin zutela Nestor Basterretxearen arteak «ahalmen eraldatzailea» izatea.

ERAKUSKETAK

  • Otsailaren 28tik maiatzaren 26ra:Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura. Bilboko Arte Ederren Museoan.
  • Apiriletik uztailera:Basterretxea Irunen (1957-1975). Irungo Menchu Gal aretoan.
  • Maiatzaren 10etik irailaren 22ra:Basterretxea artxiboan. Gasteizko Artium museoan.
  • Ekainaren 27an:Euskal serie kosmogonikoa. Gasteizko Oihaneder Kulturunean.
  • Azarotik urtarrilera:Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea. Durangoko Arte eta Historia Museoan.
  • Azaroan:Nestor Basterretxea museoko bilduman. Donostiako San Telmo museoan.
  • 2025eko udaberritik udara:Basterretxea eta zementua. Donostiako Museum Cemento Rezolan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.