ARTEAZ KALE EGITEA; KALEAZ ARTE EGITEA

Talkan batzuetan, eskutik besteetan, etengabea da negoziazioa sorkuntza artistikoaren eta espazio publikoaren artean, eta hain zuzen ere bidegurutze horretaz hizketan aritzeko bildu ditu BERRIA egunkariak Bilbon Dora Salazar artista, Maria Mur Dean arte ekoizlea eta Igor Rezola artista.

Dora Salazar artista, Maria Mur Dean arte ekoizlea eta Igor Rezola artista Bilbon, BERRIA egunkariak antolatutako hitzorduan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bagdad, 2003ko apirilaren 3a. Zuzeneko irudiak telebistan. Gizon kuadrilla bat gogor dabil Saddam Hussein diktadorearen estatua erraldoi bat lurrera bota nahi eta ezinean, baina apartatu egiten dira une batez denak,mailutzar batekin heldu den gizonkoteari leku egiteko. Kolpez kolpe txikitu nahi dute azken hamarkadetako historiaren sinboloa. Eta balio dezake kolpe bakoitzak arteak eta espazio publikoak berezko duten talkaren metafora gisa ere. Muturreko adibidea da ikonoklastiarena, baina intentsitate txikiagoan ere etengabea da negoziazioa artelanen eta plazaren artean. Arteak eraikitzen baitu kalea, baina kaleak ere eraldatzen baitu artea. Kristal gainean dabil beti plazan dabilen artista, eta Dora Salazar artistaren hitzek ematen dute sortzailearen arduraren neurria: «Kalean garrantzitsua da gustu eremu zabal bat barne hartu ahal izatea. Ez dadila soilik izan elitearentzat, eta ez dadila soilik geratu behean ere. Kalerako zabiltzanean lehen-lehenik espazioa dago, eta lehen-lehenik jendea dago». Eta, hain zuzen ere, sorkuntzaren eta publiko denaren arteko bidegurutze horri buruz aritzeko bildu ditu BERRIA egunkariak Dora Salazar eta Igor Rezola artistak eta Maria Mur Dean Consonni arte ekoizpen etxeko zuzendaria. Cortes eta Mirasol kaleen bidegurutzean dagoen Consonniren bulegoan, zehazki, Bilbon, 2015eko otsailean.

Haizetan jarri du Murrek eztabaidaren lehen harria. «Arte publikoaren kontzeptuak nahasmen handia sortzen du. Zer da arte publikoa? Diru publikoz lagunduta sortzen dena? Kalean gertatzen dena? Espazio publiko ere badiren hedabide eta sareetan gertatzen dena? Zer da publikoa? Horregatik Consonnin maiz hitz egiten dugu Rosalyn Deutsche pentsalariaren kontzeptuaz. Haren hitzetan, garrantzitsuena ez baita zer espaziotan dagoen obra, ez zer diruz sortu den, baizik eta zein den obra horren gaitasuna esfera publikoa sortzeko. Eta horretarako maiz artelanek ez dute objektu izan beharrik ere. Esfera publiko horrek ez du kalean egon beharrik ere. Debatea sortzeko gai izatea da niri arteaz interesatzen zaidana». Eta jarri du adibidea: Jeremy Deller artistaren The Battle of Orgreave pieza, zehazki. «80ko hamarkadan Orgreaven [Ingalaterra] izan zen sindikatu, meatzari eta Poliziaren arteko gatazka bat berregin zuen artistak. Gatazka hartan parte izan zen jendea gonbidatu zuen berriz gatazka hura irudikatzera. Polizia erretiratu batzuk meatzari rolean jarri ziren, meatzari erretiratuak Poliziaren rolean... Pieza bera oso ongi eginda dago, eta interesgarria da berregite horrek pertsona horiengan eragindako debatea».

Baietz dio Rezolak, baina amildegi bati buruz mintzo da. Kalean hasi zen hura grafitigintzan; kalean egin zuen sorkuntza esperimental eta kontzeptualagoranzko jauzia; eta kalean igartzen duenaz mintzo da orain ere. «Amildegi moduko bat dago esparru artistikoaren eta beste esparruen artean, eta batzuetan ez zait erraza egiten hori kudeatzea». Herrian ikusten duenaz mintzo da: «Nik inguruan igartzen dudana da eskultura oso figuratibo oso literal eta oso leziatzaileak ez badira, adibidez, gauza arrarotzat hartzen dituztela gehienek. Jendeak ez ditu nahi izaten, edo onartzen baditu, elementu dekoratibo bilakatzen dira espazio publikoan. Niri kezka sortzen dit horrek. Non dago esparru artistikoa? Norentzat lan egiten du esparru artistiko horrek? Ez dakit bere esparruan itxita geratzen ote den edo publikora zabaltzen den».

Hiriaren memoria

Memoriak arduratu du gehien Salazar azkenaldian kalerako egin dituen lanetan. Egungo hirian ezkutatuta dagoen iraganeko hiri horrek. Clara Campoamor sufragistaren omenezko 7.890 kiloko eta 1,78 metroko eskultura jarri zuen Donostian 2011n, adibidez; eta Gipuzkoako hiriburuaren erreketaren ostean hura berreraikitzen aritu ziren emakumeak omendu zituen beste eskultura figuratibo batekin 2013an. «Ni ari naiz apur bat itzultzen monumentuaren ideiara», aitortu du. «Iruditzen zait horrek baduela zentzua. Jarri ditudan azken bi piezak pertsona batzuei edo kolektibo batzuei eskainitako monumentuak dira. Izan ere, hiria ez da soilik gaurkotasuna. Hiria da bertatik pasa den guztia. Gorde behar dira hiriak bere baitan duen iraganaren arrastoak. Memoria oso garrantzitsua da, eta erabat desmemoriatuta gaude». Pozik gelditu zen egindako lanarekin, baina Campoamorren enkargua jaso zueneko beldurra ere aipatu du. «Halako gauzek errespetua ematen dute». Eta azaldu du bere estrategia: «Saiatu nintzen ahalik eta esku hartzerik txikiena egiten, ia ez zedila igar nire eskua. Existitzeari uzten saiatu nintzen nolabait ere, bertan egoten ausartuko ez banintz bezala».

Betikotasunak ere kezkatzen duela dio Rezolak. «Kalean jarri diren artelanak askotan iraupen luzea izan duten lanak izan dira. Monumentuak, eskulturak eta halakoak. Baina kalea bizia da, eta, gauzak aldatzen doazenez, ez dut ulertzen arte bat etengabe mantendu behar denik jaio edo sortu den bezala». Negoziazio etengabean dago espazio publikoa, artistak dioenez, eta ezinezkoa da artea negoziazio horretatik libre uztea. Baina ez da soilik kanpora begirako kritika artistarena. Autokritika zama darama Rezolaren gogoetak. «Beren margoketak denboran manten daitezen nahi dute grafitigileek ere. Udala da haien lana ezaba dezakeen bakarra. Zuk ezin duzu beste grafitigile baten lanaren gainean ezer ere margotu. Hor espazio publikoaren jabetze bat dago, eta oso gutxitan jartzen da auzitan grafitigintzaren edo legezkotasunaren eta instituzionalizazioaren ertzetik datozen bestelako mugimenduen barruan. Hor pose bat dago maiz: 'Begira zer makarra naizen, banoa kalera eta margotu egiten dut nahi dudana'. Baina era berean hor badago zerbait ideologikoa ez zaidana batere gustatzen. Badu errebeldia ukitu bat ekintzak, baina era berean horma hori zure egiten duzu. Hor badago kontraesan bat». Eta horregatik Rezolaren ezinegona.

Zintzotasun premia

«Pentsatzen dut interesgarriena dela errealitatearekiko zintzotasun ariketa bat egotea». Murrena da oraingoan azalpena. Objektu ez diren artelanekin lan egiten du berak gidatzen duen arte ekoizpen etxeak, baina ez du horrek esan nahi arriskuz libre denik haien jarduna ere. «Kalean dagoen objektuak zalantzak sortzen dizkit», onartu du. «Orain arte halako lanek izan duten monolito kutsu horregatik eta gehiegikeria horregatik izango da ziur aski, eta baita halakoek dakarten gastuagatik ere. Baina beste muturrera pasatzeak ere ez nau betetzen. Hasten bagara soilik behin-behineko gauza parte hartzaileak eta ez-objektualak egiten, badago zerekin kezkatua. Hor ere kontuz ibili beharra dago, zeren IKEA jadanik ez da sekula mintzo altzariei buruz bere iragarkietan. 'Ongi etorri zure etxeko errepublika independentera'. Kapitalismoa esperientzien bitartez dator egun. Eta gure ekoizpen etxea objektu sorkuntzaren ideiatik kanpo dagoen arren, eta egia den arren sorkuntza efimeroak interesatzen zaizkidala, alarmarako motiboak daude bi muturretan. Bi moduak izan daitezke instrumentalizatzaileak; monolitoek eta esperientzia parte hartzaileek problema bera dute, eta formatuen batailan sartu baino nahiago dut horregatik pentsatzea errealitatearekiko zintzotasuna dela interesgarriena».

Berriz jarri du galdera mahai gainean Murrek. «Nik uste dut arte oro dela publikoa. Arte politikoaren eztabaidaren pareko zerbait da. Badago arte politikorik? Arte oro da politikoa! Politikoa da gizakia, ezinbestean. Politikoak gara beste inorekin harreman motaren bat ezartzen dugun momentutik beretik. Nik beti esaten dut ez zaidala interesatzen arteari abizenak jartzea. Euskal ote den, feminista ote den, politikoa ote den... Interesatzen zaidana da lan egiteko modua. Era politiko batean lan egitea, ikuspegi feminista batetik aritzea... Eta berdin arte publikoarekin ere». Eta esfera publikoa sortzen duen artea da haren ustez interesgarri dena. «Negoziazioa beti dago presente arte praktika guztietan, baina are presenteago artelan horiek publikotasunaren gaiarekin konfrontatzen dituzunean».

Auzotarren aurkako artea

Beste adibide bat jarri du: Itziar Okariz artistaren Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea. Sinplea da ideia, baina ikusgarri dira ekintzaren irudiak. Okariz ageri da guztietan, gona batekin, hankak zabalduta, eta pixa egiten. Zutik askotan. Metro geltoki batean. Auto baten gainean. Arte galeria baten barruan... Keinu txiki hori dokumentatu, eta kolpean mahai gainean da espazio publikoaren erabileraren eta genero rolen arteko loturari buruzko eztabaida. Eztabaida hori, adibidez. Murrek jarraipena: «Niri asko gustatzen zait. Kontrapuntu moduko bat dira irudi horiek. Batzuetan badirudi hiri artean sekulako garabia behar duzula artea sortzeko, baina gero ikusten duzu halako ekintza txiki eta hutsalarekin egindako pieza batek nolako indarra izan dezakeen. Eztabaida mahai gaineratzea lortzen du, eta oso egunerokoa den ekintza batekin. Gastu handirik gabekoa da proposamena, baina oso eraginkorra». Bestela esanda: balio duela arteak plaza sortzeko.

Bada arma moduko bat ere, ordea. Maiz erabili dute artea urbanismo arduradunek auzo txiro edo gatazkatsuak estandarizatzeko, eta ezagun zaie arazo hori hiru sortzaileei. Izena ere jarri dio Murrek hiriaren eraldaketa prozesu horri: gentrifikazioa. Sinplea da azalpena. Auzo pobretu bateko jatorrizko biztanleriaren lekua hartzen du diru sarrera handiagoko auzokide talde berriak. Eta baietz dio Rezolak, maiz laguntzen duela arteak prozesu horiek bizkortzen. «Instrumentalizatu egiten dira artistak auzoak berritzeko aitzakia horrekin. Bestelako interes tipo batzuk ere badaude mugimendu horien atzean. Argi ikusten da hori munduko kirol txapelketetan eta gisako ekitaldi erraldoietan. Baliatu egiten dute aukera kalea sexu langilez, diskoak saltzen dituzten migranteez, etxegabeez eta abarrez garbitzeko. Pintura berria botatzen da hormetan, eta zeinen hiri ederra dugun erakusten saiatzen dira. Batzuetan kontziente gara hori egin nahi dutela, eta orduan erabakitzen dugu jokoan sartu ala ez. Grafitiak ezabatzeko ere erabiltzen dira grafitiak. Ni neu ere deitu naute margoketaz betetako horma baten gainean margotzeko». Eta zer egin orduan? Zintzo bezain gordin Rezolak erantzuna. «Jateko beharra duzunean izorratu eta esandakoa egitea beste aukerarik ez duzu. Baina beste batzuetan ezetz esaten duzu, noski. Baina gauzak ez dira debaldekoak. Bilboko Gorte kalera deitzen zaituztenean zerbait margotzera, gutxienez jakin beharra duzu non ari zaren lanean. Ezin duzu hor lurreratu, edozer gauza margotu eta alde egin. Gogoeta asko pizten duen gaia da. Zertarako egiten dira halakoak eta nork irabazten du halakoekin?».

Baietz Murrek. «Erakundeek instrumentalizatu egiten dute maiz artista». Eta are bihurriago egiten du gero ekuazioa. «Baina artistek ere batzuetan instrumentalizatu egiten dute testuinguru soziala». Eta horregatik lehen ere aipatu duen zintzotasunaren beharra. «Guk ez dugu objektu sorkuntzarekin lan egiten, eta gogoan dut auzora etorri ginenean izan genuela halako gizarte zentro bilakatzeko arrisku moduko bat». Beren esperientziaz mintzo da Consonniko zuzendaria. Beren auzoaz. «Hemen gizarte klase ezberdinen arteko nahasketa nahiko handia dago. Hor daude sexu langileak, modernoak eta bestelakoak eta denak batera. Eta nola aurre egin gentrifikazio prozesu horri?». Artelan bat aipatu du adibide modura: Sra Polaroiska arte kolektiboarekin egindakoa zehazki. «Kutxa beltz bat bihurtu zuten gure lokala. Ez zen ezer ere ikusten, eta hamabost pertsonako taldetan ematen zitzaion jendeari sarrera. Kantatu egiten zuen jendeak, auzokideak ziren guztiak. Jendearekin aurreiritzirik gabe harremanetan jartzeko proposamen bat zen. Ingelesez abesten zuen nerabe bat, ijito bikote bat, rapero bat... Baina oso gauza organikoa izan zen. Ez zen izan sekulako erreparoa ematen didan 'goazen jende gixajo hau laguntzera' edo gisako beste jarrerak bultzatutako ezer ere».

Aberastasuna eta banaketa

Rezolak jarri du azken arantza mahai gainean. Nabarmen barrurantz itzulitako arantza. «Mugimendu handiko auzoak ere hiria den fabrikaren parte dira. Hori da azkenaldiko teoria batzuek planteatzen dutena. Mugimendu horrek turismoa erakartzen du. Kapitala biltzen du... Halako ekimen guztiek erreklamo gisa funtzionatzen dute, baita zintzotasunez egiten direnean ere». Baietz Murrek eta baietz Salazarrek ere. Baina zail dela horri kontra egitea biek. «Bizitzeak dakar hori», Salazarrek. Eta Murrek berriz zintzotasunaren ideia: «Nik sinesten dut alde handia dagoela zintzotasunez egindako eta zintzotasunik gabe egindako proiektuen artean». Rezola ados biekin, baina sakonagoko zerbait zuela berak buruan. «Jakintza sortzen da auzo horietan, kultura sortzen da auzo horietan, eta azken batean hori aberastasuna da. Baina sortzen den aberastasun hori guztia ez da gehienetan aberastasun hori sortzen duen jendearengana bueltatzen. Bidezko lan horrek eragiten duen aberastasuna ez da era bidezkoan banatzen». Baietz hirurek, hala dela. «Hori aipatu behar da artikuluan», Salazarrek eskaera. Eta plazan da eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.