Otxandioko kaleak antzerki, dantza eta bestelako ikuskizunez beteko dira igandean, Artekale Eguna jaialdian. Artekale elkarteak eta Otxandioko Udalak antolatu dute jaialdia, eta Euskal Herriko antzerki taldeak bildu ditu. Hamahiru emanaldi eskainiko dituzte. Hortzmuga eta Oihulari Klown taldeek parte hartuko dute jaialdian, besteak beste. Jaialdiaren bidez kalean arte ikuskizunen garrantziaz hausnartzeko gune bat sortzea da helburua.
Denetatik bildu dute igandeko ikuskizunetarako. Jon Zabalek magia eta adimen teknikak azalduko ditu, Pensamientos encontrados emanaldian. Hortzmugak, berriz, Libertia txotxongiloen ikuskizun fantastikoa eskainiko du. Debote Enbote taldeko kale artistek zirkua, antzerkia eta musika nahastuko dituzte, ikusleei parte hartzera gonbidatuz eta umorea landuz. En La Lona clown taldeak Mementu Ridiccoli txotxongilo emanaldia eskainiko du, horrek ere barre eragiteko helburuarekin.
Ikuskizunak kalean
Otxandioko eraikinen arkitektura jaialdirako baliatuko dute. Gaitzerdi taldeak kaleetako paisaiarekin jokatuko du Armenio emanaldi ikusgarrian. Sebastopoleko Titiriteroek Otxandioko maskarada ikuskizuna emango dute, indiarren, ijitoen eta bestelako herrien elementu exotikoak erabiliz. Teatro Salitre eta Teatro Mutantek On egin, mon amour janariaren inguruko emanaldi musikala eskainiko du. Latiriri taldeak Sim & Sam antzerki komikoa egingo du.
Otxandioko kaleetatik doazenek kontuz ibili beharko dute igandean. Izan ere, emanaldietan parte har dezaten saiatuko dira antzerki taldeak. Trapu Zaharrak auto istripua izan duen itxura egingo du, eta herritarrei laguntza eskatuko die, eta Zirkalek A ze parea ikuskizun harrigarria eskainiko dute. Turukutupa taldeak birziklatzearen inguruko emanaldia egingo du, eta Toni Lasalek Teleipuina txotxongilo ikuskizuna eskainiko du.
Artekale Eguna jaialdian kaleko ikuskizunak egingo dituzte Otxandion
Igande guztian egingo dituzte emanaldiak, eta Hortzmuga eta Oihulari Klown taldeak arituko dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu