Artelanak eguneratuz

'Praxiaren bestelako ekintzak' proiektua aurkeztu du Alberto Lomas artista gasteiztarrak.Estudio izango du lau hilabetez Artium museoa

Alberto Lomas berrikusiko dituen lanen artean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Artelanak ez dira une jakin batean egin eta betirako ukiezin bilakatzen. Ez behintzat Alberto Lomas (Gasteiz, 1967) artistarentzat, eta hala erakutsi nahi du Artium museoko Praxis programarako aurkeztu duen Praxiaren bestelako ekintzak proiektuarekin. Lau hilabetez almazen, estudio eta lantegi bilakatuko ditu museoko gelak, eta 1990eko hamarkadan egindako zenbait lan eguneratuko ditu.

Gasteizko Artium arte garaikideko museoko hiru gela erabiliko ditu artistak horretarako; 600 metro koadro guztira. Proiektuak martxan dirauen bitartean, hainbat performance egingo ditu Lomasek, eta pixkanaka aretoa atonduz joango da, Praxis programako beste proiektu batzuetan egin bezala.

Performance horietan ez ezik, sorkuntza prozesuan ere ikusle orok zuzenean parte hartzeko aukera izango du, Lomasek berak adierazi duenez. «Egoerak sortzea gustatzen zait niri. Nire lanetan, egilearen eta publikoaren arteko espazio berezi bat, kanal bat sortzen saiatzen naiz». Izan ere, teknologia eta publikoa ditu ardatz Lomasek bere artelanetan. Hala, zaharkituta geratu diren tresnak egungo testuinguruan kokatzea du xede, ikuslearekin solasean aritzen den bitartean. «Publikoa ez da ikusle soil bat niretzat; berak ere parte hartzea gustatzen zait, nire lanetan eragina izatea».

Eguneratuko dituen lanen artean, besteak beste, Cool Light Is Cold Light eta Feedback laborategia proiektuak dira. Biak, 90eko hamarkadan garatuak.

Arte jarduna hasi zuela 25 urte inguru igaro badira ere, ia hamar urte pasatu ditu Lomasek sorkuntza prozesuetatik at. Besteak beste, sukaldari lanetan ere aritu da tarte horretan. Hala ere, banaka zein beste artista batzuekin partekatuta, nazioarteko hainbat erakusketatan hartu du.

Orain, Artium museoak egin dion proposamena jaso ondoren, berriz ere murgildu nahi du artearen eta sorkuntzaren munduan bere ibilbide artistikoan egin dituen lanik garrantzitsuenak berrikusiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.