Artelanak gurpil artean

Bibendum panpina ikonikoa ardatz duten piezak Afrikan zehar bildu, eta Donostian jarri dituzte ikusgai. Langileek beren tailerren iragarki moduan eginiko margolanak kaleko artea direla du aldarri mostrak

Irudiak berezko tamainan erakutsi nahirik, argazki handiak zintzilikatu dituzte aretoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Harriz betetako bideak ugari dira Saharaz azpiko herrialde askotan. Haien ertzetan, tailer txikiren bat topatuko du gurpila zulatu zaion bidaiariak. Eta maiz etxolatxo bat besterik ez den hori tailer bat dela jakiteko, panpina ezagun bat ikusiko du ziurrenik horman, iragarki moduan. Bibendum izeneko gurpil gizona da, Michelin markaren irudia; ikono bat da jada, mundu osoan ezaguna baita. Eta iragarki ofizialik ezean, haien tailerretako hormetan margotu izan dute Saharaz azpiko herrixketako mekanikariek, nork bere molde eta estiloan. Pieza horiek kaleko artea direla aldarrikatu nahi du Liñiou Faté erakusketak. Hainbat adibide jarri dituzte ikusgai Donostiako San Telmo museoan, uztailaren 2ra bitarte.

Juan Mari Indok bildu ditu erakusketako piezak. Urteak daramatza munduan zehar bidaiatzen, eta Afrikan hamabost bat alditan izan da jada, Jose Luis Esarte erakusketako komisarioarekin batera hainbatetan. Tailerretako mekanikariek ondutako irudiei argazkiak hartzen hasi zen, eta 500 bat izango ditu bilduak jadanik. 150 argazkirekin eta jatorrizko 22 piezarekin osatu dute erakusketa.

Laborategia deritzon espazioan jarri dituzte ikusgai. Lehen aretoan, jatorrizko piezak ikus daitezke; metalezko kartelak dira, gurpil uztai batzuetan sartuak. Haien inguruan, dozenaka argazkirekin osatutako panelak daude hormetan. Barrurago, beste areto batean, argazki gehiago zintzilikatu dituzte. Handiak dira, berezko tamainan erakutsi nahi baitzituzten irudiak. Tailerra, inguruak eta herritarrak —umeak gehienetan— ageri dira hainbatetan, baina Bibendum da denetan protagonista erabatekoa. Gizon gurpildun zuriak, horiak, berdeak, beltzak; gizenak edo argalduak; gurpil batekin jolasean edo beso bat altxatuta agur egiten; betaurrekoak edo txapela jantzita, edo gabe; trazu lodiz edo ukitu abstraktuagoz onduak... guztiek irribarrez egiten diote harrera bezeroari.

Mali, Senegal, Gambia, Burkina Faso, Mauritania eta Beningo mekanikariak dira pieza horien egileak. Indok azaldu duenez, artisauak dira, dituzten baliabide eskasekin egiten baitituzte autoen konponketak. Baina artistak ere badirela nabarmendu dute Indok nahiz Esartek, kaleko artea egiten duten aldetik. Inguruetako herritar askok irakurtzen ez dakitela eta, ohikoa izaten da tokiko saltoki eta lantegiak marrazki bidez iragartzea, eta Bibendum hartu zuten askok tailerrak identifikatzeko irudi gisa, gehienak Frantziaren menpe egon zirenez Michelin marka aise zabaldu baitzen herrialdeotan. Argazkiekin batera, ikus-entzunezko zenbait lan jarri dituzte ikusgai aretoan: Indok eta Esartek hartutako irudiak erakusten dituzte, eta Michelin etxeak 1920-1930eko urteetan herrialde horiei begira egindako iragarki bat ere ikus daiteke.

Desagertzear den artea

Erakusketaren antolatzaileek azaldu dute errepide berriak egiten ari diren neurrian tailerrak desagertzen ari direla pixkanaka, eta, haiekin batera, baita arte berezi hori ere. Piezek analisi soziologiko eta ekonomiko bat ere badutela uste du Karmele Barandiaranek, museoko Garapen eta Publikoen arduradunak: «Baliabide gutxi baina sormen handia duten herrialdeak dira, baina ahaztutako irudiak dira». Horregatik erakusketaren izenburua, woloferaz ahaztutakoak esan nahi duena. Gaineratu du bildutako piezek errealitate «bizia, kolorez betea eta indartsua» erakusten dutela.

Ikusgai jarritako argazkietako bi museoaren bilduman geratuko direla jakinarazi dute. Halaber, erakusketaren osagarri, hainbat tailer egingo dituzte apirilean eta ekainean, baita haietan sortutako irudiekin beste erakusketa txikiago bat ere. Ekainaren 3rako, berriz, Liñiou Fate eguna antolatu dute, eta hainbat kultur jarduera izango dira Zuloaga plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.