Arteleku, aro berria gune berrian

Artelekuk Santa Teresa komentuan hasiko du hurrengo ikasturtea, Txomin Eneko eraikina hil honetan hustuta

Ikerne Badiola eta Garazi Lopez Etxezarreta, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Arteleku arte zentroak Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentua gune nagusi duela hasiko du 2014-2015eko ikasturtea, Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Saileko diputatuak Batzar Nagusietan atzo egin zuen agerraldian adierazi zuenez. Ikasturte berriarekin batera abian jarriko den «aro berrian», arte zentroak «azken urteetan izan duen gainbehera» gainditu eta sorreran izan zituen oinarrizko ezaugarriak berreskuratzea espero du Badiolak, hau da, pedagogiara eta formaziora bideratutako arte eskola esperimentala izatea, «ikusgarritasunik gabeko lan isila» egitera bideratua.

Arte zentroa bere baitan hartzen duen egungo eraikina eraitsi egin behar dute, Donostiako Udalak Txomin Enea auzoa berritzeko onartua duen hirigintza plana jarraituz. Eraikina noiz eraitsiko duten zehaztu ez badute ere, apirilaren 7an liburutegiak ateak itxiko ditu dagoeneko, eta erabiltzaileek hilaren amaierarako hustu beharko dituzte beren guneak. Leku aldaketa «Aste Santu inguruan» hasi eta maiatzerako amaitua izatea espero dute. Aurreneko mintegia 2014-2015eko ikasturtearen hasieran egingo da Santa Teresa komentuan.

Batzorde artistiko bat

Zentroarentzat «autonomia» ezinbesteko ezaugarria izango da, Badiolak adierazi duenez. Hori bermatzeko, «batzorde artistiko baten osaketa» lantzen hasiak dira; bost edo sei artista eta arte adituk osatuko dute batzorde hori. Horrez gain, programaren koordinatzailea hautatuko da, datorren astean abian jarriko den «prozedura publiko baten bidez».

Batzorde artistiko horrek eta hautatzen den koordinatzaileak definitu beharko dituzte xehetasunak, eta haiek hautatuko dituzte taldeko partaide eta mintegien ildoak ere. Mintegi «trinkoak» antolatuko dira, eta 12 bat artistak hartuko du parte horietako bakoitzean. Bi edo hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta denbora hori Donostian igarotzeko bekak emango zaizkie parte hartzaileei. Mintegi horietan pedagogia eta sorkuntza izango dira helburu nagusi, «praxi artistikotik abiatuta».

«Arteleku-Santa Teresa artistentzako zentroa izango da, formazioa helburu duena eta sorkuntza sustatu eta erraztuko diena», Badiolak adierazitakoaren arabera. «Baina ez soilik erabiltzaile gisa, zuzendaritza ere euren eskuetan izango duen zentroa izango baita; hau da, artistek egituratu beharko dituzte zentroko espazioa, lantaldea eta tailerrak, programa jakin baten inguruan».

Arte zentroak Tabakalerarekin elkarlanerako bideak jorratuko dituela adierazi zuen agerraldian Badiolak, eta «denborak»erakutsiko duela zer neurritakoa izango den bien arteko lotura eta sinbiosia. Baina argi utzi zuen, halaber, bietako bakoitzak bere izaera eta filosofia berezia duela orain eta izango duela aurrerantzean ere. «Arteleku-Santa Teresa» izenez deitu zuena artistentzako espazio bat izango dela esan zuen, pedagogiara eta formaziora bideratua eta ikusgarritasunik gabekoa; Tabakalera, aldiz, publiko orokorrari irekitako gunea izango da, ikusgarritasun handikoa.

Santa Teresa komentua prestatua eta egokitua dago Artelekuren beharretarako, eta arte zentroari dagozkion mantentze gastuak 500.000 euro izango direla aurreikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.