Underground kultura borborka zegoen 60ko urteetako New York hirian artista bat sortu zen AEBetan. Azkar bizi izan zen, bizi-bizi, eta goiz hil. Hala ere, artearen historian bere izena idazteko adina egin zuen. Sugar bat izan zen, azkar ahitua, baina bizia. Haren bizitza grafiti bat izan zitekeen, azkar margotua, baina denboran iraun duena. Bihar 25 urte beteko dira Jean-Michel Basquiat (New York, 1960-1988) hil zela. Edo arte zuriaren munduan bere tokia egin zuen beltzaren mitoa eraikitzen hasi zirela.
Kalean bizitako mutila izan zen Basquiat. Hamabost urte zituela eskola eta etxea utzi zituen. Erdi klaseko familia batean jaio bazen ere, nahiago izan zuen bere kabuz ibili. Sohoko paretaketa metroko pasabideak margotzeari ekin zion orduan SAMO deiturarekin, grafiti politiko-poetikoak eginez. Bizirik irauteko, berriz, berak margotutako postalak saltzen zituen kalean, punk estiloan oinarriturikoak.
Hala ere, ez litzateke zuzena haren artea grafitiekin parekatzea. Hark ere ez zuen horrelakorik nahi: «Nire lanak ez du grafitiekin deus ikustekorik, nik beti margotu izan dut», aitortu zuen. 1979an, «SAMO hil da» pintatu zuen, eta bere bizitzaren beste atal bati ekin zion. Miseria gorrian egoteari utzi, eta diru sobera izan zuen aurrerantzean. Traje garestiak zeramatzan soinean, baina margoz zikindurik janzten zituen.
19 urte zituela Annina Nosei galeristak erakusketa bat egiteko tokia utzi zion gazteari. Harentzat lanean hasi zen orduan. Erakusketak eta The Radiant Child artikuluak ezagun egin zuen haren izena, eta 1982an artista neo-espresionista ugariren pare ibili zen. Aurrerago, Mary Boonerekin eta Bruno Bischofbergermekin egin zuen lan, baina harremanik estuena Andy Warholekin izan zuen. 1984-85ko urteetan harekin ibili zen elkarlanean, nahiz eta kritika txarrak jaso zituzten.
Espresionismo abstraktua maite zuen. Panel anitzeko margolanak eta oihalean egindako marrazkiak, idatzitako gainazal trinkoak, collageak eta erlijiozko irudiak nabarmendu ziren 1982tik 1985era egindako lanetan.
Bere lanak artista anitzengan eragin du. Euskal Herrian ere bada artista estatubatuarra maite duenik. Harkaitz Canok, adibidez, hari esakinitako poema bat idatzi zuen. Han dioenez, Basquiat «beltzek eta zuriek baztertu» zuten, eta «merkatuak irentsitako» gazte hark, etxeko ateetan eta errezeletan margotzen zuen, eta, hiltzean, behinola margotutako hozkailua eta 200 kiloko atea lapurtu zioten lagunek, merke saltzeko.
«Mito arrazista»
Basquiaten lehen agerraldi jendaurrekoa Annina Nosei galeristari esker izan zen. Berriki esan duenez, artista estatubatuarraren inguruan mitoak sortu dira; haren aburuz, «arrazismoak» bultzatuak. Eta horrek Basquiaten bizitzaren «interpretazio pop bat» egitera bultzatu du berriro. «Oraindik ez da ulertu Jean Michel-Basquiaten benetako handitasuna artean», ohartarazi du.
Noseik dioenez, Basquiat ez zen grafiti artista bat: «Paretetan poesia idazten zuen, baina ez zuen deus ikustekorik Bronxeko grafiti egileekin; hori aurreko belaunaldiari dagokio». Galeristak azaldu duenez, Basquiatek ere ez zuen gogoko bere irudiaren inguruan sortutako «oztopoen gainditze historia» hura. «Oso adimentsua eta sentibera zen diskriminazio horrekin», zehaztu du.
Artista garra 80ko New Yorken
Bihar 25 urte beteko dira Jean-Michel Basquiat margolari estatubatuarra hil zela. Garai hartan abangoardia izan zen, eta ordura arte zuriena zen artearen munduan bere tokia egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu