Palestinari buruzko film sorta bat eta Nashashibiren margolan bat ikusgai egongo dira Artiumen

1970eko eta 1980ko hamarkadetako film sorta bat eskainiko du museoak, bihartik larunbata bitarte. Nashashibiren 'A Winder Kind of Love' pieza ikusgai egon zen 2021ean, eta duela gutxi erosi du museoak.

Rosalind Nashashibi artista, museorako propio egin dituen margolanekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Rosalind Nashashibi artista 2021ean, museorako propio egindako margolanarekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 22a
13:15
Entzun

Gasteizko Artium museoak Palestinako historiari buruzko programa berezia eskainiko du, bihartik larunbata bitarte. Alde batetik, Tokyo Reels artxiboko film sorta bat proiektatuko du. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaz egindako hainbat pelikula biltzen ditu artxibo horrek. Dokumentalak eta fikziozko filmak dira, eta Palestinarekiko elkartasun talde baten eskuetan egon ziren hamarkada luzez, harik eta Subversive Film ikerketa eta ekoizpenerako kolektiboak 2019an eskuratu zituen arte. Gaur egun, Palestinako zinema institutuaren bildumaren parte dira.

Artxibo horretan bildutako hamahiru pelikula pantailaratuko ditu museoak datozen egunetan: The Path to Tragedy (Don Catchlove, 1970); Blown By The Wind (Jack Madvo, 1971); Cowboy (Sami Al-Salamoni, 1973); Scenes of the Occupation from Gaza (Mustafa Abu Ali, 1973); The Game (Shirak, 1973); The Urgent Call (Ismael Xammut, 1973); Kuneitra: Death of a City (Jim Cranmer, 1974); The Road to a Palestinian State (Japan Broadcasting Corporation, 1974); Kufr Shuba (Samir Nimr, 1975); Beyond the War (Samir R. Hissen, 1977); The Field (Sahib Al-Zoohiri, 1977); Palestine to Japan (T. Maki, 1979) eta Land Day (Ghaleb Xaath, 1983).

Palestinarren angurri xerrak

Pelikula horiekin batera, Rosalind Nashashibi artistaren (Croydon, Erresuma Batua, 1973) A Wider Kind of Love margolana ikusgai egongo da atzera. Nashashibik Artium Museoaren Z aretoaren programan parte hartu zuen 2021ean, eta bi film eta museorako propio egindako hiru margolan aurkeztu zituen, horien arteanA Wider Kind of Love. Margolan hori duela gutxi erosi du museoak, eta bihartik aurrera berriro jarriko du ikusgai, Z aretoan.

A Wider Kind of Love margolanean angurri ireki bat irudikatu zuen Nashashibik, gorri, beltz, berde eta zuria. Horixe izan zen, hain justu ere, Palestinako herriak 1967ko Sei Eguneko Gerraren ondoren bere egin zuen identitate ikurra. Izan ere, garai hartan delitu zen Palestinako bandera erakustea, eta palestinarrak angurri xerrak erabiltzen hasi ziren protesta gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.