Pau Guillen. Zinegoak jaialdiko zuzendaria

«Artxipelago bat osatzen dute zinema jaialdiek Bilbon»

Aldaketa sozialerako kultur tresna bat izatea da Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren asmoa, eta 135 proiekzio antolatu dituzte astelehenetik aurrera.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Kultur tresna». Behin eta berriz darabil hitza ahotan Pau Guillenek (Alacant, Herrialde Katalanak, 1976). Kulturaren esparrutik gizartean eragiteko palanka moduko bat izatea da Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren bokazioa, eta jaialdiaren zuzendaria da bera. Dioenez, kalitatea ere garrantzitsua da eraldaketa horretarako bidean. 15. ekitaldia beteko ditu aurten jaialdiak. Astelehenean jarriko da martxan, etamartxoaren 4ra arte iraungo du. Bi aste horietan, 135 proiekzio eskainiko dituzte, eta mundu mailako bi erabateko estreinaldi ere izango dira. Guillenek esaldi bakarrean laburbildu du jaialdiaren azken asmoa: «Gustura emango nuke jaialdia amaitutzat, areto komertzialetako filmetan mota guztietako pertsonaiak agertzen hasiko balira, baina badirudi urte askotarako jaialdia dugula oraindik».

Lehen, Hegoak elkarteak antolatzen zuen jaialdia; orain, Zinegoak elkartea sortu duzue. Izen aldaketa hutsa baino gehiago dago horren atzean, ezta?

Moldatu egin gara egoera berrira. Hegoak elkarteak bazuen topagune eta aisirako funtzio bat, baina asko aldatu dira aisia moduak, eta, horrez gainera, agian sexu dibertsitatearen gaian gauza batzuk lortu diren sentsazioa ere badago. Elkartearen bestelako egitasmoek ez zuten arrakasta handirik izaten, eta, zinemarenak, berriz, oso ongi funtzionatu du. Aisiaren bidez sexu dibertsitatearen gaiari buruzko eztabaida zabaltzen dugu. Jaialdia zen Hegoak elkartearen ekintza nagusia, eta beste elkarteekin elkarlanean sortutako ekintzak antolatzeko aukera eskaintzen digu, denok gauza bera egiten egon beharrik gabe.

2011n, zuzendari hasi zinenean,«gerrilla jaialdi bat» zela esaten zenuen. Hala da oraindik?

Kulturgintzan aritzen den jendeak osatu du beti gure lantaldea. Zertan ari den ongi dakien jendea da, beraz, baina argi dago esku artean darabilgun aurrekontua ez dela ekitaldi handi bati dagokiona. Beste zinema jaialdi batzuen jaialdiek baino sei edo zortzi aldiz diru gutxiago dugu. Horregatik, jaialdia bada apur bat gerrilla modukoa. Elkartearen egoitzako gelan ikusten gaituzun bostok gara antolatzaileak. Badago profesionalizazio asmo bat, baina familia kutsu horri eusten diogu. Jendeak gustuko duelako egiten du lan hau, eta baita zinemaz gain transformazio sozialerako gogo hori ere badagoelako.

Zehazki zein da aurrekontua?

100.000 euro ditugu. Oso ongi dago, baina horixe da. Kanpoan kariño handia digute, gure lan egiteko moduagatik. Horrek hunkitu egiten nau orain ere. Baina profil profesional hori ere badugunez, maila ematen saiatzen gara beti, nahiz eta ezin dugun geure burua beste jaialdi batzuekin alderatu. Aurrekontuak ez du horretarako ematen.

Inplikazio pertsonalarekin osatzen duzue, beraz, falta hori.

Gonbidatuek asko eskertzen dute jaialdiaren berotasuna. Inoiz etxera ere eramaten ditugu bazkaltzera. Asko baloratzen dute militantzia eta konpromiso pertsonal hori. Beti esaten digute hurrengorako ere berriz gonbidatzeko!

Emilie Jouvet zinemagile frantziarrari emango diozue astelehenean aurtengo Ohorezko Saria. Oso militantea da haren lana.

Oso nabarmen aldarrikatzen du emakumezkoen sexualitatea, eta horretarako maiz erabiltzen du sexu esplizitua pantailan. Baina ez du egiten ohiko pornografiak daukan emakumeen aurkako bortizkeria maila horrekin; bestelako gaiei buruz aritzeko baliatzen du berak sexu esplizitua. Plazera ez da era bakarrean disfrutatzen; modu asko daude, eta Jouvetek hori aldarrikatzen du. Nahiko era punkian egiten du, adibidez, Too Much Pussy lanean, baina oso estetikoa da My Body, My Rules, eta ez litzateke justua bere lana postpornoan soilik kokatzea, besteak beste, baduelako queer amatasunei buruzko Aria dokumentala ere.

Zinema areto komertzialaz aparteko gauzak ikusteko oasiak dira oraindik zuenaren moduko jaialdiak?

Bai. Eta ez soilik gureak. Zinema jaialdi piloa egiten da Bilbon; oso ongi daude, eta balio dute aretoetara heldu ohi ez diren filmak ikusi ahal izateko. Administrazio publikoaren lanaren parte da gizarte kultu bat sortzea, eta gu pozik gaude babes hori jasotzen dugulako. Eta urtean zehar sortzen diren irla hauek guztiek, azkenean, artxipelago bat osatzen dute. Gaur egun asko ari dira aldatzen kontsumo ohiturak, eta zeure buruari galdetu beharra diozu zerk bereizten zaituen online kontsumo plataforma batetik.

Eta zerk bereizten zaituzte?

Jendea ekartzen dugu bere filmez hitz egitera. Polita da ikusiko duzun pelikularen parte den norbait hizketan entzutea. Eta, horrekin batera, garrantzitsua da ildo editorial bat lantzea, eta kalitatezko proiekzioak egitea.

Aurten emakumezkoak dira lehiaketa ofizialean dauden zinemagileenbi herenak.

Beti saiatzen gara oreka bilatzen, baina datu hori ez da beren-beregi bilatu dugun zerbait. Ez dugu hautaketa egiten parekidetasuna helburu hartuta, baina beti saiatzen gara oreka lortzen emakumezkoen eta gizonezkoen artean, eta berdin desiraren orientazioari eta nortasunekin ere. Dokumentalen alorrean nagusi izaten dira andrazkoak urtero, baina ez fikziozko luzeetan. Eta aurten bai. Gustua da hori. Gainontzeko sailak kontuan hartuz, erdi eta erdi dago kontua, baina sail ofizialean hori gertatu da, eta gu pozik.

Jaialdia martxoan amaituko da Bilbon, baina gero Euskal Herriko 40 udalerritara eramango dituzue proiekzioak. Zer balorazio egiten duzue?

Izugarri gustatzen zait hori. Artziniegan [Araba], adibidez, LGTB proiekzioak egiteko egun bat antolatzea oso polita da. Leku horietara heltzea ere bada gure lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.