LITERATURA

Asiain inspektorea protagonista egin du Alberto Ladron Aranak, bosgarrengoz

Idazleak nabarmendu duenez, "agur ez” baina “gero arte” esan dio pertsonaia horri gaur aurkeztu duen lanarekin: Mendekuaren hazia eleberria. Benetan gertatutako bi krimen izan ditu liburua idazteko abiapuntu.

Alberto Ladron Aranak gaur aurkeztu du 'Mendekuaren hazia' nobela. ANDONICANELLADA / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko otsailaren 9a
16:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egun gehien irakurtzen diren euskarazko idazleetako bat da Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967), eta Leire Asiain inspektorea du pertsonaia ezagunenetako bat, ezagunena ez esatearren. Idazlearen azken lanetako protagonista da Asiain, gaur aurkeztu duen Mendekuaren hazia-koa ere bai, eta, liburuaren izenburuak berak adierazten duen bezala, “mendeku baten kontakizuna” du lan berria. “Nire ustez, denok dugu justiziaren sena buruan, eta mendekua justizia mota bat da, azken batean, muturrekoa izanik ere. Horregatik gertatzen zaizkigu horren erakargarriak mendeku istorioak, justizia egarri hori asetzen dutelako nolabait”, zioen idazleak berak, aurkezpenean.

Mendeku istorio horren sinopsi laburra: Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu. Handik urte batzuetara, berriz, beste emakume bat hil eta desagerrarazi duela dirudi, Nafarroan, baina neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta, hilotzik ezean, ezin hilketarik egotzi. Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago lodituz eta korapilatuz doa.

Hamabitik bost

“Hau nire hamabigarren nobela da, eta Leire Asiain protagonista duen bosgarrena”, nabarmendu du Ladron Aranak. Harrian mezua (2014), Gezurren basoa (2016), Jainkoen zigorra (2017) eta Film zaharren kluba (2018) dira soka horretako aurreko korapiloak, eta, haiek bezala, Elkar argitaletxeak eman du Mendekuaren hazia ere.

Laugarren nobelatik bosgarrenera bi urteko tartea egoteari buruz, honako hau adierazi du idazleak: “Ia-ia urtero argitaratu dut azken urteotan, eta atseden hartu behar nuen. Bestetik, nobela hau patxadaz idatzi nahi nuen”. Aurreko nobelaren arrakastagatik, neurri batean. “Badakit irakurleei biziki gustatu zitzaiela Film zaharren kluba; nire lanetan orain artean harrera onena jaso duena izan da, seguruenik. Suspensezko pelikula klasikoetan ardaztu nuen, fikzioan, baina ez nuen nahi formula errepikatu, eta erabaki nuen honetan errealitatea izatea inspirazio iturri”.

Hala, urtebete eman zuen benetako krimenei buruz dokumentatzen. Bi kasu aukeratu zituen azkenean: AEBetako familia batek abiarazitako “plan harrigarria”, batetik; eta, bestetik, joan den mende amaieran Galizian gertatu zen neska baten hilketa. “Nik dakidala, azken hori ez zen argitu sekula. Bi kasuak elkartuta eta muntatuta, nobela hau idazten hasi nintzen”. 2019ko udan. Urtebetean bukatu zuen idazketa. Pandemia lehertu zen tarte horretan, eta nobelako bloke bat, hirugarrena eta azkena, moldatu egin behar izan zuen, 2020an girotuta zegoelako. Hala, maskarak, distantzia soziala eta bestelako neurriak erantsi zizkion. Nagore Laffageren hilketak eta 2016ko sanferminetako talde bortxaketak eragindako suminduraren oihartzunak eta halako delituekin barkabera den epaile bat ere bai.

Liburuko lehen bi blokeak 2014an eta 2017an daude kokatuta, hurrenez hurren: “Lehen atalean, neskalaguna hil berri duen gizon gazte bat da protagonista”. Andoni Iso. “Putakume bat, nobelan behin baino gehiagotan esaten diotenez”. Hasieratik zeukan garbi Ladron Aranak hiltzailea nor zen ez zuela ezkutatu nahi, “zerbait deberdina” egin nahi zuela.

Asiainen ifrentzua

Mendekuaren hazia-ko bigarren partean agertzen da Asiain inspektorea, Erronkariko landetxe batean desagertu berri den neska gaztearen bilaketan. “Nire irakurleek badakite Asiainek Foruzaingoa utzi zuela aurreko nobelan, 2018an. Oraingo nobelaren atal hau 2017an dago kokatuta, baina”. 2020ko zatian jakingo du irakurleak, hain zuzen ere, zein duen ogibide berria Asiain foruzain ohiak; eta Patxi Vazquez izeneko detektibea ere ezagutuko du. “Bikote oso berezia egiten dute Asiainek eta Vazquezek”. Zaharra da Vazquez, eta ez da politikoki zuzena, batere. Gizarteko eliteen kontrako gorroto moduko bat ere badu, bere homosexualitateagatik jazarria izan zelako gaztetan. “Asiain ez den guztia da Vazquez”, nabarmendu du Ladron Aranak. “Seguruenik, hau ez da Asiainen azken nobela izango; eta, seguruenik, Asiainen hurrengo nobela horretan Patxi Vazquez ere agertuko da”.

Mendekuaren hazia ez baita Asiainen agurra, baina bai eten bat. Idazlea beste nobela klase bat ari da idazten orain, gerraostean girotuta eta haurrak protagonista dituela. “Zerbait guztiz diferentea egiteko gogoa nuen. Aldaketa bat behar nuen. Mendekuaren hazia hau eta aurrekoa Asiainen nobelarik hoberenak direla uste dut, eta agur egiteko ez, baina ‘gero arte’ esateko tenorea bada segur aski. Denbora batez, behintzat, hor geratuko da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.