Bertsolaritza

Asier Galarza eta Imanol Uria garaile Udabarria Bertsotan faseko lehen bi saioetan

Hasi da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Galarzak Munitibarren irabazi du, eta Uriak, berriz, Bakion. Datorren astean jarraituko du lehiak, Balmasedan eta Orozkon.

Asier Galarza atzo, kantuan, Munitibarreko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
Asier Galarza atzo, kantuan, Munitibarreko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko maiatzaren 9a
09:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Abiatu da jada Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Guztira zortzi saio izango ditu, bina hileko ostegun bakoitzean, eta 48 bertsolari arituko dira nor baino nor gehiago. Ikusteko dago zenbatek egingo duten aurrera, 2023tik zuzenean sailkatutako bertsolarien izen ematearen araberakoa izango baita, baina gutxienez hogeik izango dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatzeko parada. Atzo jokatu ziren lehen bi saioak Munitibarren eta Bakion, eta Asier Galarza Garai eta Imanol Uria Albizuri gailendu ziren, hurrenez hurren.

Munitibarren jokatu zen saioan gainerakoak baino koska bat gorago amaitu zuen Galarzak; 194,5 puntu bildu zituen muxikarrak. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren: Maite Sarasola Isazelaia (188 puntu), Beñat Bilbao Landa (175 puntu), Ander Elorriaga Aresti (149,5 puntu), Illart Gamuzio Larrazabal (146,5 puntu) eta June Diaz Franco (136 puntu). Leire Garatxena Larrabe aritu zen gai emaile.

Are alde handiagoz irabazi zuen Uriak Bakion. 212 puntu bildu zituen, Jone Larrinaga Dañobeitia bigarren sailkatuak baino ia 40 puntu gehiago —186,5 puntu lortu zituen Larrinagak—. Segidan sailkatu ziren Alexander Idoeta Anakabe (171 puntu), Ion Barrocal Besga (169,5 puntu), Asier Alcedo Cano (169,5 puntu) eta Julen Ibarguengoitia Ordorika (168 puntu). Jon Amezaga Fernandezek egin zituen gai-emaile lanak.

Jarraipena, maiatzaren 15ean

Hilabete osoan etenik gabe egingo dira saioak; bina egingo dira ostegunero, multzo bakoitzeko bat. Balmasedako kultur etxeko areto nagusian egingo da hurrengo saioa, datorren ostegunean, hilak 15, 18:30ean. Eta sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Aitor Arrutia Azkueta, Araitz Katarain Mugarza, Enara Gallastegi Barrenetxea, Ixone Asategi Narbaiza, Janire Arrizabalaga Munduate eta Maider Altuna Urbina. Igor Menika Bengoetxea izango da gai emailea.

Egun eta ordu berean egingo da B multzoko bigarren saioa, Orozkon. Beste sei bertsolari arituko dira bertan: Ander Aldazabal Olabarri, Ander Sarriugarte Garcia, Ander Ucelay Aristi, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Irune Basagoiti Agirre. Gai-emaile lanak Idoia Anzorandia Kareagak egingo ditu

Bi saio horietako eta gelditzen diren beste lauretako sarrerak salgai daude jada: Bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, 3 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.