Kondairak dio Basolatik ez dela berri onik heltzen. Kondairari izkin egin, eta Basolako arma olari (Orbaizeta, Nafarroa) fantasiazko unibertso propio bat eman diote Asisko Urmeneta eta Joseba Larratxe komikigileek. Lau urte dira arma ola abiapuntu hartuta Xabiroi aldizkarirako komikiak sortzen hasi zirela. Orain, Xabiroi-n argitaratutakoak liburu bilduma batean eman dituzte. Dani Fano aldizkariko zuzendaria izan da proiektuko editorea, eta Ikastolen Elkarteak argitaratu du lana. Bi egileek batera ondutako lehen lana da. Urmenetak egin du gidoia, eta Larratxek marrazkiak.
«Munduan erakusteko moduko lana da». Hitz horiekin deskribatu du egindakoa Urmenetak. «Ametsetako proiektua, nire lana zergatik egiten dudan oroitarazi didana. 15 urte nituela hau egingo nuela erran izan balidate, ez nukeen sinistuko», Larratxek. «Oso-oso-oso zoriontsu egin nauen proiektua», Fanok. Bat egin dute ideia batean: «Prozesu oso aberasgarria izan da». Hitz politak baizik ez dituzte egilek egindako lanaren inguruan. Baita proiektua bultzatu duen Ikastolen Elkartearekiko ere, komikigintza bultzatzeko egiten duten ahaleginagatik.
Fanok hasi zuen bidea. Xabiroi aldizkarirako komiki bat egiteko enkargua egin zien Urmenetari eta Larratxeri. Abiapuntua ere jarri zien: Orbaizetako arma olan kokatua egotea. «Txikitatik joan izan naiz oporretan Aezkoako ibarrera, eta iruditzen zitzaidan ola leku aproposa zela zerbait sortzeko», kontatu du Fanok. Hortik aitzinerako dena libre zuten. «Danik proposatu zigun oraingo hondakinetatik abiatu eta historian gertatu dena asmatzea. Pribilegio bat izan da nahi duguna kontatzea», nabarmendu du Urmenetak.
XVII. mendean kokatu dute, eta fantasiazko mundu bat eman diote arma olari. Kolore ilunak dira nagusi, eta, pertsonez gain, bertzelako izaki fantastikoak ere gehitu dizkiote istorioari: Orkaitzak. Hasiera eta bukaera ditu kapitulu bakoitzak, eta berezitasun bat ere badute guztiek: denetan hiltzen da pertsonaiaren bat. Atal bakoitzean olako lanbide baten inguruko historia kontatu dute, eta pertsonaiak kapituluetan elkarrekin gurutzatuz doaz.
Komiki bilduman fantasiazko mundu bat sortu dute, baina dokumentazio lan sakona egin dute horretarako. «Orbaizetan izan gara lekua ezagutzen, Legazpiko Mirandaolan ola batean nola lan egiten duten ikusten, bertako historiari buruz irakurri dugu. Finean, iturri askotatik edan dugu gero fantasiazko mundu hori sortzeko», azaldu du Urmenetak.
Lan egiteko manera ere partikularra izan dute. Urmeneta arduratu da planteamendu orokorra egiteaz eta pertsonaien ingurumaria idazteaz. Urmenetaren testuak abiapuntu hartuta sortu ditu pertsonaiak Larratxek. Behin pertsonaiaren zirriborroa eginda eta Urmenetari bidalita, elkarrekin eztabaidatu dituzte garapenaren nondik norakoak. Fanoren laguntza ere izan dute tartean, eta hirurek «elkarlanean» egindako lana dela nabarmendu dute.
Bertzearen lanaren inguruan hitz onak bertzerik ez dute egileek: «Miresten dut Josebaren lana. Nik deskubritu ditut pertsonaiak, bai, baina berak eman die ezinezko anatomia hori. Erabat asmatu du horretan», kontatu du Urmenetak. Marrazkilariak harturiko erabaki artistikoak goraipatu ditu: «Kolore aldetik, apustu aparta egin du. Alde batetik, gorria, kolore belikoak gisa hautatuz, eta bertzetik, bertako koloreak ere sartuz». Emaitza «XVII. mendeko atmosfera» da.
Larratxek berak ere nabarmendu du bilduma osatzekoa prozesu oso gustagarria izan dela. Urmenetarentzat hitz onak bertzerik ez du: «Proposatzen zidanean, beti argi ikusten nuen zein zen egin beharreko lana. Oso komikigile ona da bera, eta alferrikako lan gutxi egin behar izan dut», nabarmendu du. Gainera, lana atalka egitearen onurak ere aipatu ditu: «Xabiroi-n argitaratzeak aukera eman digu atalak banaka egin eta dena soseguz prestatzeko» .
Mundu propioaren bila
Komikia ontzeko lanean, oztopoak ere aurkitu dituzte bidean: «Dena sortuta dago, eta batzuetan erreferentzia kultural denen kontra egindako borroka ere izan da. Mundu propio bat sortzean, zaila da bertzelako erreferentziek eragin gehiegi ez izatea», azaldu du Urmenetak.
Denera lau urteko prozesua izan da. Eta, egindakoa eginda, «gogobeteta» eta «harro» daude orain sortzaileak. «Ez dakit niri dagokidan hau erratea, baina harro nago egindakoaz. Tarteka badagokigu hori ere erratea», nabarmendu du Larretxek. Halaber, ez dute baztertu unibertso horrek jarraipena izatea: «Orkaitzak aipatu ditugu liburuan, eta ez dugu horien inguruko inolako azalpenik eman. Hurrengo baterako aukera izan daiteke».