Amets Arzallus. Bertsolaria

«Askatasun handiagoa eman diot neure buruari txapelketan»

Txapelketa hala hartuta, poza ikuspegi kolektibotik jaso zuen Amets Arzallusek, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarro Behereko Bertsolari Txapelketako hirugarren txapela ere lortuta. Bertsolaritzaren mugimendutik txapelketa beste «pausutxo bat» izan dela dio.

BOB EDME.
Beñat Zamalloa Akizu.
Hendaia
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hirugarrenean ere txapela jantzi zuen Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketaren finalean, joan zen larunbatean, Baionako Lauga aretoan. Biharamunaren «nahas-mahasa» pasatuta, lasaiago zen atzo: «Beste sosegu batekin hitz egiteko moduan».

Txapela irabazteko arrisku handiarekin hasi zenuen txapelketa?

Ez diozunean zuzenean horri begiratzen eta hartzen duzunean helburu hori bakar-bakarrik ere zure baitan dagoen onen energia puntu bat gisa, ez zaitu gehiegi itsutzen, kezkatzen eta ez dizu burukomin handirik sortzen, baina hartzen duzu zure baitako energia kanporatzeko puntu gisa. este zerbaitetan gehiago nintzen zentratua, baina kontziente nintzen guztiz aukera erreala zela.

Zeure burua aurreko finaleko maila berean ala hobean ikusi duzu?

Ez, ez dut ikusi. Egun hori hartuta, maila hobean ez dut ikusi duela bi urtekoa baino. Nik uste dut banituela hobeto egin nitzakeen gauzak, dena ongi ateratzea oso zaila izaten dela edozein egunetan, eta nire lana askietsita atera nintzen. Koska batzuk hobeto findu nitzakeen. Bertsotan hasi ginenetik hona badago bide bat, esperientzia hori pilatzen duzu, saiatzen zara egunero-egunero zerbait berria ikasten eta hobetzen, eta saioa ez dakit nola aterako zen, baina ni aurrera bidean zerbait berria hartzen ari naizen sentsazioarekin banoa. Jakina, gero eta gauza txikiagoak dira, gero eta sotilagoak dira, eta orduan eta zailagoak agertzen, baina ez naiz duela bi urte baino ahulago sentitzen.

Gustura agertu zara txapelketan egindako saioekin, eta sentipena izan da ez dela Arzallusik onena entzun, beste aldi batzuekin alderatuta; gehiegi exijitzen zaizula uste duzu?

Ez. Nik uste dut exijitzen dena nonbait egon dela ere, eta aparte errekonozimendua dela exijentzia bakoitza. Nik nahi nuke egunero, aldiro, nire bizitzako saioa egin, baina badakit ez dela beti ateratzen, eta faktore pilo bat daude horretan eragiten dutenak. Zure bilaketak eta zure lorpenak izan behar du horren gainetik aldiro zorroztasun maila horretan egotea, baina kosta egiten zait lortzen. Balorazio baikor batek ez du esan nahi ez ditudala min batzuk gordetzen. Pentsatzen dut txapelketa bukatzen dudan lekuan bukaturik ezin dudala hasi nire pena guztiak kontatzen.

Zein lanketaren eta zein erabakiren bidean hartu duzu txapelketa?

Ez dut uste dagoenik momentu bat non erabaki potolo bat hartzen dudan eta neure buruari bide bereziki jakin bat ala aldaketa bat markatzen diodan. Uste dut gehiago dela nire bertso bizitzaren kasua pixkanaka-pixkanaka zeure burua ohartuz joaten zareneko bide baten gisa. Badut ibilbide bat txapelketetan, eta zure gailurren memoria bat baduzu beharbada. Kasu honetan, saiatu naiz egin izan dudan horretan eta ongi samar atera zaidan horretan gehiegi ez abusatzen. Adibidez, doinuen aukeraketan ekidin dut doinu luzeetara jotzea, batez ere finalean: sei puntukoak ziren neuzkan luzeenak. Ez naiz bete-betea gelditzen egin nuenarekin, baina bai esploratzeko neure buruari eman nion bideagatik. Nire erabakia gehiago izan da askatasun handiagoa ematea neure buruari, gauza desberdinago batzuk probatzeko, ikusteko zer ateratzen zaidan horretatik.

Maddi Sarasuarentzat izan ezik, gainontzekoentzat hirugarren finala izateak txapelketa eta finala ezagutzean ziurtasuna eman zizuen?

Ez da lehenengo Iparraldeko txapelketaren final bat, ez da denok ilusio izugarria baina tentsio puntu bat duguna ea zer gertatzen den nola gelditzen. Heltzen ari den txapelketa bat da, eta heltzen ari den final bat da. Gutxi gorabehera geunden, gehienek ezagutzen genuen finaleko testuingurua, eta final heldua eskaintzen ariko ginen sentipena bagenuen. Ematen du lasaitasuna, eta Iparraldeko txapelketari ematen dio bere ibilbidea, baina uste dut bakoitzak eta txapelketak berak ere beste buelta batzuk merezi dituela, eta kuantitatiboki bezala kualitatiboki saiatu behar dugula harago joaten eta aberasten.

Nola topatu zenituen kideak kartzelan?

Zaharragoa izateagatik edo pixka bat beste ardura bat genuen. Saiatzen zara bertsokideak laguntzen, baina, aldi berean, zure hausnarketak egiten. Sustrai nahiko bere baitara bildua ikusi nuen, eta hitz egin genuen pixka bat. Uste dut Sustrai bere saioa eta bere arrastoa uzten ari zela finalean. Bera denarekin ez zegoen oso gustura. Ikusten nuen bere baitan pentsakor zegoela. Odei beti da oso pertsona zalantzatia, eta bere burua eta bere lana asko kostatzen zaion pertsona. Baikortasunerantz tira behar diozu. Maddik bere lehenengo finala zuen, eta bere deskubrimendu horren pozean ikusi nuen bere estura guztiekin. Ikusi nuen nahiko pozik, eta nik ere transmititu nion ahal nuela poz hori. Eneritz eta Xumai ere euren baitara bilduagoak zeuden. Ez zen izan euforia handia zegoen kartzela, normala ere bada.

Nondik datorkio doinua txapelketari?

Nik pertsonalki estimatzen dudan gauza bat da, eta nik uste dut orokorrean ere eskertzen zaion gauza bat dela Euskal Herriko kantutegian ere Iparraldeari duen historia, errepertorioa eta ekarpen berezia. Iparraldeak Euskal Herrian badu presentzia musikal berezi bat. Nik uste dut hortik nonbait badatorkigula edo guri ere txapelketa honen testuinguruan ateratzen zaigula beste libertate bat doinuak aukeratzeko orduan. Egia esan, txapelketetan oso segurutik jotzen dugu askotan: bakarkakoetan bakoitza libreago ibiltzen da, baina ofiziokoetan oso segurutik eta askotan errepikakorki hartzen ditugu doinuak. Iparraldean badirudi horrelako aire berezi bat hartzen dela.

Lauga aretoa gutxiagotan lehertu zen sentipena duzu?

Bai, nik sentipen hori hartu nuen saioa bukatu eta gero. Ez dauzkat orain bi eta lau urteko oroitzapenak garbi-garbi, baina holako sentsazio bat hartu nuen. Hasieratik konturatu nintzen zailxeago zegoela plaza Donibane Lohitzunen baino. Askotan frontoietan gehiago edo errazago berotzen da, eta beste leku batzuetan hainbat faktorerengatik gehiago kostatzen da. Kartzelan komentatu genuen, ez zela dena emana, eta bilatu behar zela pixka bat eta bilatu behar zela pixka bat. Ez zegoela plaza erraz-erraz-erraza.

Odei Barrosoren kolorea aipatu izan duzu; nola deskribatuko zenuke?

Nik uste dut Odeik pertsona gisa baduela sentsibilitate berezia, bertsolari gisa ere azaltzen zaiona. Bere barruko hausnarketak ateratzeko bertsoak eta bertsoen doinuak nahiko ongi ezkontzen dituela. Ahotsa ere ez du ahots txorrotx eta estridente bat edo, ahots potolo grabe bat da, eta nahiko ongi egiten ditu hitzen aukeraketak bere ahotsaren eta doinuaren arabera. Pixkanaka definitzen da bertsolaria; orduan, nik ez diot definizio itxi bat emango, gero hartan preso egon dadin.

Zuretik izan dezake?

Entzun izan dut. Gure kantuak, ahoskerak eta tonuak kolore antzekoan dabiltzala uste dut. Gero, bakoitza berezia da, eta, adibidez, sentsibilitatean Odeiren ñabardura eta benetakotasuna hartuko nituzke. Badira gauza batzuk ni iristen ez naizenak, eta alderantziz izango dira beste batzuk.

Bertso eskoletan dabiltzan 200 haur horiei zein aukera ikusten diezu Iparraldean euskaraz bizitzeko?

Ni naiz horietako bat, adibidez. Nik nire herrian euskaraz bizitzeko muga nabarmenak ditut. Bertso eskoletan orain dabiltzan gazte horiek ere muga handiak aurkituko dituzte euskaraz bizitzeko euren herrietan. Herrian herrika desberdina da. Bilatuko dituzte mugak, eta horiek izango dira funtsezkoak; muga horiek gainditu behar baldin badira, bertso eskoletako ikasle horiek funtsezkoak izango dira.

Txapelketa Nagusiak zein bidetan harrapatzea nahiko zenuke?

Orain natorren bidean harrapatzea nahiko nuke. Lortuko banu pixka bat harago eramatea eta pixka bat sakontzea neure burua urtebetean, ba, estimatuko nioke, baina nik garbi daukat jada aurrerapenak eta aldaketak gero eta nekezagoak direla. Dakarkizun bidean, badaukazu ahalegin bat, eta iritsi ez zaren gailur izugarrietara orain nekez iritsiko zara. Iritsiko zaren lekuak beharbada askoz modu finago batean zapalduko dituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.