Askatasun parametroak

Marc Ribot gitarristak eta The Young Philadelphians taldeak Filadelfiako soul musika eta Ornette Colemanen Prime Time taldea ekarriko dituzte gogora gaur Donostian emango duten kontzertuan.

Marc Ribot (ezkerrean) The Young Philadelphians taldearekin. KURSAAL ESZENA.
mikel lizarralde
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Musika garaikideak duen gitarrista sonatuenetakoa da Marc Ribot (Newark, AEB, 1954). Begirada irekia, arakatzailea, ausarta duena. Curriculumari begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. John Zornen ohiko kolaboratzailea da, baina, horretaz gain, bere gitarra ezinbestekoa izan da beste hamaika artistaren lanen soinua identifikagarri egiteko: Tom Waits, Elvis Costello, Caetano Veloso, Solomon Burke, T-Bone Burnett, The Lounge Lizards, Arto Lindsay.... Besteentzat eginiko lanek bihurtu zuten Ribot prestigioko gitarrista 1980ko hamarkadan, baina azkeneko 25 urteotan bakarka egindako ibilbide askeak, proiektu ugari eta askotarikoek, bilakatu dute gitarrista ezinbesteko erreferentzia bere garaiko proposamen ausartenen artean.

Proiektu horietako batekin, The Young Philadelphians taldearekin partekatzen duen egitasmoarekin, ariko da gaur Ribot Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan emango duen kontzertuan. The Young Philadelphiansek bi ardatz ditu. Bi abiapuntu edo jomuga. Batetik, Ornette Colemanek 70eko hamarkadan abian jarritako Prime Time taldearen punk-funka; eta bestetik, garai bereko Filadelfiako soul sofistikatu eta melodikoa. Musika ulertzeko bi modu ezberdin baina osagarriak. Ribotek musika beltzaren bi tradizio horiek elkartzen ditu bere proposamenean, baina interpretazio huts edo akademikotik oso urrun kokatuta. Colemanek berak ezagun egin zuen etiketa bati jarraituta, askatasunez. Free.

Ribotekin batera Colemanen proiektu hartan parte hartu zuten bi musikari izango dira oholtza gainean, Jamaaladeen Tacuma baxu jotzailea eta G. Calvin Weston bateria jotzailea, eta horietaz gain Mary Halvorson gitarrista eta hari hirukote bat. Emaitza, diotenez, soula, funka, punka eta noisea uztartzen dituen proposamen sailkaezina.

Suntsitu, eraikitzeko

Marc Riboten izena beti azaldu izan da abangoardiari lotua, nahiz eta bere proposamen batzuk —Los Cubanos Postizosekin musika afrokubatarrera eginiko hurbilketa— molde estandarragoetara makurtu diren. Baina barruan eraman du beti esperimentaziorako eta inprobisaziorako joera natural bat. 70eko hamarkadan New Yorkera mugitu zenean ohartu zen horrek izan behar zuela bere aukera. «Niretzat, garai hartan, jazza askatasunaren musika zen. Musikari onenek jazza jotzen zuten, eta hori egin nahi nuen. Baina New Yorken konturatu nintzen jazza jotzeko beste musikari batzuen ikasle-laguntzaile aritu behar zenuela denbora batez, ehunka pieza ikasi...». Jo zuen ezkontzetan, eta jazz estandar ia gehienak «gorrotatzeraino». «Ikasi nuen haiek [jazz estandarrak] gorrotatzen, baina Arto Lindsayren DNA proiektua eta The Lounge Lizards ezagutu nituenean, ohartu nintzen bazegoela kantu haiek guztiak jotzeko modu gustagarri bat. Eta horretarako, aurretik suntsitu egin behar nituela».

Horretan jardun du azkeneko 40 urteetan. Suntsitu eta eraiki. Tradiziotik zerbait berria sortzen. Askatasuna gidari.KONTZERTUA

Eguna: Gaur, 19:00etan.

Lekua: Kursaaleko Ganbera aretoa. Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.