Askatasunaren ajeak

Lea Ypi filosofoak bere bizipenetatik abiatuta idatzi du bere aurrenengo literatura lana; askatasuna eta justizia ditu ardatz nagusi.

(ID_4609801) ANDY WARHOL
Andy Warhol artistaren 'Green Coca-Cola Bottles' lana, New Yorkeko Metropolitan museoan. METROPOLITAN MUSEOA / EFE
2024ko urtarrilaren 14a
05:15
Entzun

Lea Ypiren Free: Coming of Age at the End of History kontakizun autobiografikoa balizko ikerketa akademiko baten truke heldu da irakurleengana. Pandemia garaian, Ypi bekadun zela Berlinen, askatasunari eta justiziari buruz idaztekoa zen. London School of Economics ospetsuan katedradun den filosofoak Kanti buruz argitaratu zuen aurreko liburu akademiko mardula. Egonaldiaren izaera aldez aurretik zehaztua bazuen ere, Berlinen familiarekin batera itxialdian zela, apika COVIDak sortutako bakarraldiagatik, askatasunari eta justiziari buruz bere bizipenetatik idaztea erabaki zuen. Prozesu hori Karl Marxen Kapitala irakurri zuenean izan zuen esperientziarekin parekatzen du: Marxen liburuaren ideiak pertsona jakinak bilakatu ziren, zeinak Ypi pertsona gisa eraiki zuten.

Errealitateak sarri fikzioa gainditzen duela erakusten du Ypiren bizitzak; azken finean, jadanik orduko Albania bakartuak fikzioa baitzirudien. Albanian hazi eta hezi zen komunismo garaian, eta sistemaren suntsiketaren ostean joan zen Italiara filosofia ikastera. Florentzian filosofian trebatu, eta gaur egun teoria marxista irakasten du Londresen.

Aurrenengo literatur lana badu ere, narratzaile abila da Ypi. Horren adibide da aurrenengo atala, Stalin izenekoa, non eskolatik etxerako bidean dituen aukerak narratiboki baliatzen dituen. Herrialde komunistetako beste idazle askok bezala, esate baterako Agota Kristof hungariarrak, erbestean ama hizkuntza galdu zuen Ypik, eta ingelesez idazten du.

Fikzio huts diren biografiak

«Denok gara erabat ezagutuko ez dugun ama baten seme-alabak», Leire Bilbao poetaren hitzetan. Seme-alabek gurasoak guraso izan baino lehen ez ezagutzea edota aurreko errealitate hori ezin irudikatzea esperientzia unibertsala izan arren, Ypik bizi izandakoa, zalantzarik gabe, muturreko bizipena da. Gurasoek unibertsitatean emandako denbora espetxearen ordezko kodetzat erabiltzen zuten. Komunismo aurreko politikari baten senide izanik, beti ukatu zioten hala zela. Komunismoa amaitzean, Ypi jabetzen da gurasoen pentsamoldea ez datorrela bat berak eskolan jasotakoarekin. Ia traizio moduan bizi du hori.

Kontuan izan behar dugu indoktrinazioak zuen indarra. Esate baterako, Agota Kristofek Analfabetoa idazle liburuan —euskaraz Alberdaniak argitaratua— aipatzen du Rudolph Nureyev dantzari errusiarrak nola deskribatzen duen bere bizipena Stalin hil zenean; haren ustez, naturan eraldaketa izugarri bat espero zuen, katastrofe moduko bat, eta harritu zen inguruan ez zenean ezertxo ere jausi. Sistema orojakile eta ahalguztidunak umezurtz utzi zituen gazteak. Ypiren gurasoak, aldiz, aske sentitu ziren.

Albaniara iristen ziren turista bakanen bitartez, coca-cola ontziak azaltzen hasi ziren. Cola-colarekiko desira da liburuak duen atalik xarmantena. Albaniarrek ontziak etxeetan apaingarri gisa erabiltzen zituzten; auzokide zen familia komunista sutsuak ere egongelan coca-cola ontzia jarri zuen apaingarri gisa. Andy Warholek coca-cola kapitalismoaren sinbolo gisa erabili zuen, edonon zegoena, eta Albanian ere objektu desiragarria bihurtu zen, albaniarren aurrean dantzan, Karl Marxen fetitxe moduan.

Filosofiak ez du ezertarako balio

Slavoj Zizekek harrera beroa egin dio Ypiren lanari. Berak dio Albanian kritikak ez direla onak izan, baina, haren ustez, komunismoaren ideiaz hausnartzen duen lan ausarta da. 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren, Mark Fisherrek esan zuen kapitalismoak sinetsarazi digula ez duela alternatibarik. Garai berean, komunismoaren ideiari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten Alain Badiouk eta Zizekek, Londreseko Birkbeck unibertsitatean. Hizlari ospetsuak aritu ziren bertan, besteak beste, Badiou, Michael Hardt, Toni Negri, Jacques Ranciere, 2008ko krisialdiaren ondoren komunismoaren ideia berreskuratzeko. Ekitaldiak 700 bat partaide erakarri zituen; benetan erraldoia testuinguru akademikoan.

Teoria kritikoko talde bat han izan zen, eta egun horietan, atsedenaldietan, eztabaida biziak izan zituzten: laburtuz, Zizek bufoia ala jenioa ote zen —ez al da hori betiko eztabaida?—. Zizekek eskaini zuen azken hitzaldia: jardunaldiak laburbilduz hasi zen, eta bukaeran denak zutitzeko eskatu zuen, Internazionala elkarrekin kantatzeko. Bere hurbileko bizpahiru kenduta, ez zen inor kantatzen jarri. Horrek ez zuen Zizek kikildu, eta kanta oso-osorik abestu zuen, inoiz ikusi gabeko talde akademikorik handienaren aurrean, hasi eta buka. Ez genuen federik, denok ideia teoriko gisa ari ginen komunismoaren eguneratzeari buruz pentsatzen. Performance jeniala izan zen, ispilua eta akuilua. Zizekek antolaturiko jardunaldiek badute Ypiren liburuarekin zerikusirik: Nola irudikatu kapitalismoaren alternatiba, sozialismoaren printzipioak kritikoki gauzatuz?

Ypik etxekoei Italian filosofia ikasi nahi zuela esan zienean, aitak erantzun zion filosofiak ez zuela ezertarako balio. Marxismoaren aurkari sutsuak Marxek Feuerbachi buruzko tesia liburuan zioena erabili zuen alabaren proposamenaren aurka, hots, filosofoek mundua interpretatzen zutela, besterik ez, eta munduaren eraldaketa zela egin beharrekoa. Azkenean, Ypik filosofia ikastea lortu zuen, ironikoki, gurasoek ezarritako baldintza bakarrarekin: Marxengana ez hurbiltzea.

Kapitalismo neoliberalak bahitu du askatasun hitza —Mileiren «Libertad, carajo» leloa edota Ayusoren «Madrid askea» datozkit gogora—, ezinezkoa dena sinetsaraziz; hots, justizia sozialaren arrastorik gabe askatasuna posible dela sinetsaraziz. Askatasuna salmentan den garaiotan, liburu ederra idatzi du Ypik, giza eskubideez, ertzak eta konplexutasunak barne, sakonki pentsatzeko. Oso narratzaile fina izan behar da Ypik idatzi duena burutzeko: tesi-nobela zuri-beltza saihestea lortzen duen ideia kritikoen bildungsroman-a da. Ypiken ekarpena teoria marxista askatasunarekin lotzea da, askatasuna ez baita tradizio liberalaren monopolio. Esan bezala, filosofiak ez badu errealitatea eraldatzen, ez da baliagarri. Bide batez, diotenez, Zizekek Iruñean eskaini zuen prentsa elkarrizketan coca-cola light bat eskatu omen zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.