Donostiako 73. Zinemaldia

Askatasunaren alde borrokatu zirenen emozioetan barrena

Asier Altuna zinemagileak ‘Karmele’ filma aurkeztu du Donostiako Zinemaldian. Jone Laspiur, Eneko Sagardoi eta Nagore Aranburu aktoreak izan ditu alboan, baita Kirmen Uribe idazlea ere. Urriaren 10etik goiti iritsiko da zinema aretoetara.

Jone Laspiur aktorea, Asier Altuna zinemagilea eta Kirmen Uribe idazlea begira dituela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Laspiur aktorea, Asier Altuna zinemagilea eta Kirmen Uribe idazlea begira dituela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 22a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Handia filmak zabaldu omen zizkion begiak Asier Altunari (Bergara, Gipuzkoa, 1969). Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako film sarituak, hain zuzen. Anartean, ez omen zuen sekula uste izan bere burua halako produkzio handi batean ikusi ahal izango zuenik. Baina horra Mikel Eleizegiren bizitzan oinarritutako filmak eragindakoa: Altunak 1937tik 1947rako tarte historikoa erretratatzen duen pelikula bat ondu du, zer, eta duintasunaren eta askatasunaren alde borrokatutakoei gorazarre egiteko.

Karmele-k Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarri, eta hark bezala, Karmele Urresti eta Txomin Letamendi senar-emazteen 36ko gerratik aitzinako ibiliak kontatzen ditu. Filmak, baina, haien bizitzako epe jakin bati heltzen dio, abenturen gainetik protagonisten eguneroko bizimodua eta intimitatea lehenestearren. Altuna: «Eleberriak informazio gehiegi du, amaiezina da, eta ez nuen gogorik pertsonaiak zaharrarazteko».

Haragizko Karmele Urrestik Frantzian ezagutu zuen Txomin Letamendi jazz musikari eta militantea, 36ko gerran erizain ibili eta erbestera jo behar izan ostean. Bigarren Mundu Gerra pizturik, naziengandik ihesi Venezuelara jo zuten biek, eta, une «gozoak» bizi arren, Euskal Herrira itzuli ziren haien hiru seme-alabekin. Altunari Karmeleren ikuspegia axola zitzaion: «Bere garaiari aurrea hartu zion. Nortasun eta indar handikoa zela diote lekuko guztiek, batik bat erabakiak hartu behar zituenean».

«[Karmelek] Bere garaiari aurrea hartu zion. Nortasun eta indar handikoa zela diote lekuko guztiek, batik bat erabakiak hartu behar zituenean»

ASIER ALTUNA Zinemagilea

Kirmen Uribek Letamendi-Urrestitarren historiaren gaurkotasuna nabarmendu du: «Lehenaldia dirudi, baina orainaldia da bete-betean. Familia urratua, joan-etorriak, erbestea... Hori guztia gertatzen ari da munduan, baina esperantza eta duintasun istorio bat ere bada».

Liburuak irakurri orduko harrapatu zuen Altuna: «Oso gertukoa egin zitzaidan, etxean ere gerrako kontu asko entzun nituelako». Alta, «zerbait berezia» aurkitu zien familia horren bizipenei: «Musika asko dago, eta Francoren altxamenduak ostutako askatasunaren alde borrokatzeko pertsonaia ugari». Elementuak bazter uztea eta kontatu beharrekoa hautatzea izan omen da harentzat zailena: «Asko kostatu zait hona iristea, batez ere elementuak kentzea eta pertsonaien bidez kontatzea».

Amamak gogoan

Jone Laspiur aktoreak gorpuztu du Karmele Urresti. Bere ibilbideko «erronkarik handiena» izan dela aitortu du, besteak beste, haren bizitzako zenbait etapa kontatzen direlako: «20 urte baino ez zituela erabaki gogorrak hartu behar izan zituen, eta gero, ama izatean, munduari begiratzeko modua aldatu zitzaion». Filmatzerakoan, Laspiurrek bere birramonak eta batik bat amonak izan ditu gogoan etengabe, eta garai hartako emakumeen «gogortasuna» nabarmendu du: «Amama Amaia gazte alargundu zen, zazpi seme-alaba zituen eta gurasoak ere zaindu behar izan zituen». Beste amonaz ere mintzatu da: «Nerabe zela ikasketak utzi, eta etxeko enpresaren ardura hartu behar izan zuen, aita hil zitzaielako eta haren amak ezin izan zuelako».

Aurreko emakume belaunaldiekin konektatzea ariketa garrantzitsutzat jo du aktoreak: «Zaharragotan ezagutzen ditugu amonak, baina haiek ere gazte izan ziren, eta ametsak izan zituzten, borroka egin zuten, maitemindu egin ziren...».

Eneko Sagardoik erronka tekniko bat izan du filmatzen hasi aurretik: tronpeta jotzen ikasi behar izan du. Baina ezer nabarmentzekotan, haragizko pertsonaiak gorpuzteak daukan «ardura» nabarmendu du, baita filma egiteak eragin dion «erreparazio sentsazio sakona» ere: «Ezin da ahaztu duela 75 urte torturatuta erail zutela Txomin, eta oraindik ere egin gabea zaiola aitortza hori». Zinemak horren aurrean izan lezakeen balioaz mintzatu da jarraian: «Ez dakit zinema gauzak aldatzeko gai ote den, baina solasak eragiten ditu behintzat. Eragingo ahal du bakea eta errekonozimendua ere».

«Ezin da ahaztu duela 75 urte torturatuta erail zutela Txomin [Letamendi], eta oraindik ere egin gabea zaiola aitortza hori»

ENEKO SAGARDOI Aktorea

Mantso lan egitearen pribilegioa

Altuna lagunez inguratuta eta taldean lan egitearen abantailez mintzatu da: «Oso profesionalak dira denak, eta mimo handia jarri dugu, filmak hori eskatzen zuelako». Esan du batez ere «pertsonaien emozioei» jarri dietela arreta, eta haien bidez josi dutela kontakizuna. Horretarako, «musikak eta koloreak» izan omen dituzte lagungarri.

Gehien gustatu zaiona zer izan ote den galdetuta, erantzun du «etxera buelta» izan dela harentzat emozionanteena, «beldur handienak eta egoera konplexuak» agertzen direlako bertan. Altuna: «Bidaia konplikatua izan da, baina era berean elegantea. Mantso egin dugu lan, eta hori pribilegio bat da, baita luxua ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.