«Pikutara» bidali zituen PPko diputatuak. Eta hedabideetan egunotan behin eta berriro errepikatutako hitz horiek gogoratuko dituzte askok beharbada, baina esaldi horrek bazuen segida mamitsuagoa. «Urteetako diktaduraren ondorioz torturapean» izandako «herriko jende xeheak» hitz egiteko aukera izateak «min» ematen ziela aurpegiratu zien PPkoei, ozenki eta ausarki.
Izan ere, Jose Antonio Labordetak (Zaragoza, Espainia, 1935) ez zuen parekorik Espainiako Kongresuan. Zintzo mintzo zen, garden eta zorrotz. Askatasunaren aldeko militante nekaezina izan zen, bizi osoan ondutako abesti eta olerkietan nabarmena denez. Kantautorea, idazlea eta politikaria. Poesiak eraman zuen kantura, bere poemei oihartzun handiagoa emateko irrikak. Eta lortu egin zuen, kantuetako batzuk Aragoiko ereserki bihurtzeraino; El canto a la libertad, Banderas rotas eta La albada, esaterako. Euskal kantautoreekin ere harreman estua izan zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetan batez ere, eta Imanol Larzabalen omenaldian parte hartu zuen.
Gazterik izan zuen politikarako griña, eta poesian eta kantuetan azaldutako ideiak defendatu zituen politikagintzan ere. Bide oparoa egin zuen; Batasun Sozialista, Espainiako Alderdi Komunista eta Ezker Batuko hautagai izan zen, baina Chunta Aragonesistan, Aragoiko ezkerreko alderdian egin zituen azken urteak Labordetak.
Labordeta ez zuen nekeak erretiratu, ez adinak, ez asperdurak, ez etsipenak. Prostatako minbizia atzeman zioten 2006an, eta orduan utzi zuen kongresuan zeukan eserlekua. Idazteari, ordea, ez zion sekula utzi. Eta bizitzaren azkenetan zela jakitun, Memorias de un beduino en el Congreso de los Diputados liburua aurkeztu zuen iaz. I. BERRO
JOSE ANTONIO LABORDETA
Askatasunaren aldeko militantea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu