Eta zer aurkituko du ikusleak Thyssen-eko erakusketan? Aurrez ezagutzen dituen lan asko bai, baina ez denak, eta ez ezagunenak. Bere lanik ezagunena izango dena, Nighthawks (Gaueko belatzak), ez dago, esate baterako. Eta ez da harritzekoa. AEBetako museo askorentzat Hopperren koadroak dira euren altxorrik preziatuena, jenderik gehiena erakartzen dutenak, eta ez dute maileguan utzi nahi izan euren funtsetako lanik. Baina Hopperrek bere bizi osoan margotu zituen lanetako asko dago ikusgai, besteak beste, ez zelako produkzio ugariko artista izan. Poliki egiten zuen lan, asko kostatzen zitzaion koadroak egiten hastea, eta baita bukatzea ere, pintzelada bakoitza zen harentzat garrantzitsua, eta zalantza asko egiten zuen, antza. 1906an arte eskola utzi zuenetik 1967an hil artera hirurogei urteko tartea izanagatik, haren ekoizpena ez da beste askorena bezain ugaria, eta oso sakabanatuta dago gainera. Beraz, aukera ona da Hopperren hainbat lan batera ikusi eta bere ibilbidearen ikuspegi zabalago bat osatzeko.
Arte eskola utzi ostean, orduko ia artista estatubatuar guztiek ohi zuten gisan, Europara etorri zen Hopper. Parisen egin zuen egonaldia. Museoetan eman zituen egunak, jan egin zituen klasikoak. Rembrandten De Nachtwacht (Gaueko erronda) koadroarekin liluratuta geratu zen —gero erreferentzia zuzena egin zion bere Nighthawks ezagunean—. Baina puri-purian zeuden mugimendu berrienei ere jarri zien arreta; inpresionistak ezagutu zituen, Manet atsegin zuen, eta batez ere Edgar Degas, haren oihartzunak dira garbienak Hopperren lanetan. Ondo ikusten da erakusketan.
Europara egindako lehendabiziko bidaian Paris ezagutu zuen, eta Londres, Brusela, Berlin. Handik hiru urtera beste egonaldi bat egin zuen Parisen; ordukoan pintatzen hasi zen, kalean, inpresionisten erara, pintzela askatuz, apunte azkarretan bilduz hiriko paisaiak eragindako inpresioa. Baina Ameriketara bueltan, eraginak ez dira jada hain bat-batekoak, arrastoa utzi dioten artistak bere galbahetik pasatzen ditu, bada zerbait bere barrenean beste guztiengandik diferente egiten duena. Mantentzen ditu, hori bai, klasikoen baretasuna, Maneten leuntasuna eta Degasen pintatzeko modua, bai etxe barruko eszenak margotzeko joeragatik, bai hark erabili ohi zuen pintzelkada arinagatik. Urtua da Hopperren margotzeko modua, olio askorekin, mihisea zikindu besterik ez du egiten askotan, eta materia falta horrek eszenaren arintasun ikaragarria indartu egiten du, eta han agertzen diren pertsonaien hutsala nabarmentzen da.
Ilustratzaile aldizkarietan
New York hiritik hurbil dagoen Nyack herrian jaio eta hazia, Parisetik bueltan hirira egin zuen. Ilustratzaile egiten zuen lana; aldizkarientzako, batik bat: La France, Tavern Topics, The Morse Dial. Erakusketan badaude berak egindako portada batzuk. Eta bati galdera sortzen zaio, gerora hain nabarmena den irudia sinplifikatzeko joera hori ez ote zuen ilustratzaile lanean hartu. Greenwich Villagen zeukan estudio txiki bat. Grabatuak egiten zituen garai hartan, akuarelak, eta olioz margotzen zuen lantzean behin.
20ko hamarkadako susperraldi ekonomikoaren haritik etorri zen artearen suspertzea ere AEBetan. Berezko arte estatubatuarra sortzeko deia egin zuten hainbat artista eta kritikok, dirudun bat edo beste hasia zen bere bildumatxoa sortzen. Eta parean tokatu zen Hopper. 1925ean margotutako House by the Railroad (Trenbide ondoko etxea) ezaguna, gero Alfred Hitchcock zine zuzendariak Psycho filmeko etxeari itxura emateko inspirazio iturri izan zuena, Steven Clark bildumagileak erosi zuen. Eta 1929an, MoMA ireki zutenean, museoari eman zion. Izena hartu zuen Hopperrek, dirua eman zion, bestelako lanak uzteko aukera, pintatzeari dena ematekoa. Garbi ikusten da erakusketan. Gehiago, hobeto pintatzen du handik aurrera.
Asko bai, denak ez
AEBetako museo askorentzat, artistaren koadroak dira euren altxorrik preziatuenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu