Hiru urterako kontratua sinatu du. 2017-2018ko denboraldian hasi, eta 2019-2020ra arte ariko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular. Ondo bidean, urtebete luzatzeko aukera izango du. Robert Treviño orkestra zuzendari estatubatuarra (Fort Worth, Texas, 1984) iragan azaroan onartu zuen EOSeko Administrazio Kontseiluak, Oriol Roch zuzendari nagusiak proposatuta. Gaztea izanagatik, ibilbide oparoa osatu du nazioarteko orkestrekin lanean. Besteak beste, Munich eta Londresko orkestra filarmonikoekin, Bambergo Sinfonikoarekin, Frantziako Orkestra Nazionalarekin eta Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin lan egin du, jada. Detroit, San Frantzisko, Cleveland eta Cincinnatiko orkestrak zuzentzen ditu sarri, AEBetan, eta dagoeneko bi aldiz zuzendu du EOS ere. «Jende askok osatzen dugu orkestra, eta gustatuko litzaidake nire ibilia amaitzen denean orkestra sendoago bat izatea».
Bi aldiz zuzendu duzu jada Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zeintzuk dira orkestraren ezaugarri nagusiak?
Oso langileak dira, eta egiten duten horretan buru-belarri sartzen dira. Ez dute batere beldur edo konplexurik lan egiteko. Nik dudan metodoarekin bat egiten du orkestrako musikarienak. Ez naiz musikari pasiboa, oso aktiboa baizik. Egoten naizen lekuetan intentsitatea areagotzen saiatzen naiz, komunikazioan, musikan, denean. Lan egin izan dut beste orkestra batzuekin ere, eta sarri ez dute gogo handirik azaltzen, ez dute hain gogor lan egiten. Euskadiko Orkestrak beste energia bat dauka. Orkestra ezagutu dudanetik, bultza egin ahal izan diet, eta beraiek prest daude bultzada hori jasotzeko. Hori oso inportantea da.
Zein konpositoreren obrak landuko dituzue?
Programak %99an zehazturik daude. Konpositore gutxi batzuetan zentratuko gara. Iruditzen zait publikoa inpresionatu egingo dugula, bai landuko ditugun zuzendari eta obrengatik, eta bai gurekin izango diren bakarlariengatik. Eta bigarren denboraldian are musikari sendoagoak ekarriko ditugu, baina oraingoz ezin nezake aurreratu gehiago. Lan handia egiten ari gara jada...
Zein konpositore dituzu gustukoen?
Hainbeste ditut! Izugarri gustatzen zaizkit Wagner, Mahler, Strauss, Mozart, Xostakovitx, Prokokiev, Dvorak, Schubert, Beethoven... Musika barrokoa ez dut askotan zuzentzen. Bach asko gustatzen zait, baina nire alderdirik txarrenak ateratzeko gaitasuna du... Perfekzionista naiz, eta Bachekin akatsak ikustea errazagoa da: horregatik normalean saihestu egiten dut.
Euskal konpositoreren bat lantzeko asmoa duzu?
Bai, dudarik gabe. Lehen denboraldian, Musikaste jaialdian parte hartuko dugu. Nire hasierako planean ez zegoen kontzertu hori egitea, baina Oriol Roch gure zuzendari nagusiari esan nion neuk zuzendu nahi nuela.Berak zergatik galdetu zidan. Eta erantzuna garbia zen: orkestra honetara lanera etorri eta soilik Mahler, Strauss eta enparauak zuzenduko banitu, eta bestelako kontzertuak beste jende baten esku utziko banitu, hierarkia bat markatzen egongo nintzateke. Itxura eman dezake konpositore horien musika eta euskal konpositoreena maila desberdinetan egon litezkeela. Bigarren denboraldian bai landu nahi nituzke euskal konpositoreak, eta baita haien obrak zuzenean eman ere. Baina lehenik egile horien obrak ondo ezagutu nahi nituzke. Interes handia dut euskal kultura osoan, baina lehenik aztertu eta ikasi egin behar dut. Erakunde honen eta Euskal Herriaren enbaxadore izango gara munduan barrena, eta hori ardura handia da. Nire ikasketa prozesuak bere denbora behar du. Ehunka partitura biltzen ari naiz, eta horiek ondo aztertzea da orain nire egitekoa.
Zuzendari zorrotz moduan duzu zeure burua, ala musikariari askatasuna ematen diona?
Ez bata eta ez bestea. Nire lanari dagokionez, dena asko kontrolatzea gustatzen zait. Oso espezifikoa naiz. Partitura bakoitza zehaztasunez aztertzen dut, oso modu sakonean. Pieza bat lehenengo aldiz zuzentzen dudanean ere, aurrez denbora luzez aztertutakoa izaten da. Bizitza guztia pasatu dut obrak aztertzen. Hori bai, orkestra batekin lanean hasten naizenean, orkestra horretako kideen iritziak eta sentsazioak entzuten ditut. Komunikatzeko duten modua entzuten saiatzen naiz, eta lehen instintua izaten da haien artean kolaboratzeko modua bila dezaten laguntzea. Nire estiloa ez da pasiboa, aktiboa da, eta elkarren artean komunikatzera eta interkonektatzera behartzen ditut. Musikari guztiek elkar ezagutzea garrantzi bizikoa da niretzat. Hori guztia gertatzeko testuinguru egokia sortzea da nire egitekoa. Behin hori sortuta, konfiantza sortzea da gakoa. Ni zuzentzen ari naizela, haiei aurre hartu eta konfiantza izan behar dut, piezari duen potentzialtasun guztia ateratzeko.
Oso gaztea zara. Adinarena handikap modura ikusten duzu?
Ez. Ni naizena naiz, eta une eta leku honetan dagoena. Asko jakin arte itxarongo banu, ez nuke ezer egingo. Une honetan jakin dezakedan guztia dakit, eta etengabe ari naiz ikasi nahian, eta informazio berria neureganatzen. Aldaketetan eta bilakaeran sinesten dut. Euskadiko Orkestra zuzendu nuen bigarren aldian, jada niregana jotzen zuten musikariek, zalantzak, iritziak trukatzeko. Hori da gogoko dudan jarrera.
Hiru urteko epea nahikoa da egin nahi duzuna egiteko?
Ez, inondik ere ez. Horregatik, beste urtebete luzatzeko aukera ere sinatu dugu kontratuan. Hori ez da ohikoa izaten. Baina garbi dut: baliagarria naizen heinean egon nahi dut orkestran. Ez zait batere interesatzen kargu bat izatea soilik kargu bat izatearren. Ez zait interesatzen alderdi finantzarioa edo prestigioa, ez behintzat hori bere hutsean. Orkestrako zuzendari titularra izatea orkestra bera zure aurretik jartzea da. Kontratuak biltzen du lan urte bat igaro ondoren kontratua bertan behera gera litekeela, edo, dena ondo badoa, aurrera egin eta beste urte hori ere sinatzea. Ahalik eta denbora luzeenean baliagarria izatea da nire ilusioa.
Robert Treviño. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular berria
«Asko jakin arte itxarongo banu, ez nuke ezer egingo»
Jun Marklen lekua hartuko du ekainetik aurrera. Behar eta nahi zuen lekura iritsi dela dio; «orkestra sendoago» bat uztea du erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu