Bertsolaritza ardatz dela Ipar Euskal Herrian aspaldian izan den festarik handiena izango da gaur, 17:00etan, Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketako finala, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. Ikusmin handia eta giro beroa sortu dituzte txapelketako orain arteko saioek, eta finalak errematea emango dio ibilbide arrakastatsu horri. Dagoeneko finalerako milatik gora sarrera saldu dira, eta dena beteko dela eta bertsozale askok kanpoan geratu beharko dutela aurreikusten dute Bertsularien Lagunak elkarteko kideek.
Irailaren 18an jarri zen abian txapelketa, Muskildin jokatutako kanporaketarekin. Hiru kanporaketa eta bi finalerdi jokatu dira, eta 800 entzule bildu dituzte bost saio horiek. Xilaba.net webguneak izandako bisitari kopuru handia ere txapelketaren oihartzun handiaren isla da. «Finala euskaldunon besta bat izanen da», Eneritz Zabaletak joan den astean, zortzi finalistek egin zuten aurkezpenean, adierazi zuenez. «Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskaldunok ez dugu besta anitz. Ea parada dugun erakusteko hemen ere euskaraz bizitzen ahal garela eta eguna biribiltzen dugun».
Bertsolari eta bertsozaleena bakarrik ez, oro har euskaltzaleena izango da gaurko festa, finalisten adierazpenek erakusten dutenez. «Euskararen egoerak eragiten duen minetik eta euskaldun zein bertsozaleen aitzinean kantatzeak eragiten didan pozetik eginen dut bertsotan Donibane Lohizunen», iragarri du egungo txapeldun Amets Arzallusek.
Arzallus eta Colina zuzenean sailkatu ziren finalerdietara, kanporaketak jokatu gabe, 2008an txapeldun eta txapeldunorde izan zirelako hurrenez hurren. Kanporaketetan, Odei Barroso, Kristiñe Txoperena eta Eneritz Zabaleta nagusitu ziren, Muskildin, Aiherran eta Saran hurrenez hurren, baina Txoperenak lehiatzen ez jarraitzea erabaki zuen, arrazoi pertsonalengatik. Horregatik, Xumai Muruak zuzenean egin zuen aurrera, Aiherrako saioa irabazi balu bezala. Puntuazioei esker lortu zuten sailkapena beste zazpi bertsolarik.
Arzallus eta Colina, irabazita
Finalerdietan, Amets Arzallus eta Sustrai Colina nagusitu ziren, Luhuson lehena, Gabadin bigarrena. Arzallusek Eneritz Zabaleta, Odei Barroso, Ekhi Erremundegi, Xumai Murua eta GillenHiribarren utzi zituen atzean. Colinak, berriz, Miren Artetxe, Joanes Etxebarria, Mixel Aire Xalbador II.a, Patxi Iriart eta Ximun Cazaubon.
Aldez aurretik Internet bidez (http://www.bertsosarrerak.eu helbidean) sarrerarik erosi ez dutenentzat, leihatilan 500 sarrera gorde dituzte. Eguerditik aurrera izango dira salgai sarrera horiek. Jai Alai pilotalekuko ateak 16:00etan zabalduko dira, eta barruan Zoe Bray margolariak 22 bertsolariri egindako potretek osatutako erakusketa ikusteko aukera izango da. Antolatzaileek autoa herrian utzi eta pilotalekura oinez joateko gomendatu dute, pilotalekuaren atarian ez delako aparkatzeko lekurik izango.
Aspaldiko festarik handiena
Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da gaur Donibane LohizunenOrain arteko saioek sortutako giro onari errematea eman nahi diote zortzi finalistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu