Eszeptizismo eta etsipenaren poeta deitzen zaio, zakur ulukaria bezala filosofatu zuela argudiatzen. Haren jaiotzaren mendeurrenean, haren pentsamenduaren ertzak haren hitzetan bisitatzeko proposamena da gaurkoa:
Itzala
«Nire izatearen paradoxa honakoa da: izatearen pasioa dut alde batetik, baina nire pentsamendu oro bizitzaren arerioa da gero. Betidanik asmatu eta sentitu dut bizitzaren alderdi iluna, itzala. Han dena hutsa da. Nagusiki asperdura jasan izan dut. Agian berezkoa dut, ezin dut ezer egin. Itzulezina da hori deskribatzen duen frantsesezko hitza: cafard. Ezin liteke ezer egin horren aurka. Berez joaten da».
Asperdura
«Nire bizitza asperduraren esperientziak dominatua egon da. Haur nintzelarik ezagutu nuen sentimendu hori. Ez da dibertsioekin, elkarrizketekin edo bestelako plazerekin estal daitekeen asperdura; asperdura hori, nolabait esan, oinarrizkoa da eta, gutxi gorabehera, honetan oinarritzen da: bat-batean, etxean edo bisitan zaudela, paisaia edo egoera ederrenaren aurrean, denak bere eduki eta zentzua galtzen du. Hutsa norbere baitan eta kanpoan ezartzen da. Orduz gero ezer ez da da interesgarri, ezerk ez du loturarik merezi».
Lehen oroitzapena (Asperdura II)
«Lehen mundu gerran izan zen. Bost urte nituen. Arratsalde batean, udakoa izango zen zalantzarik gabe, inguratzen ninduen orok zentzua galdu zuen, hustu egin zen, gelditu: egonezin jasangaitza zen. Orduan zer gertatzen zitzaidan formulatu ezin nuen arren, denboraren izateaz jabetu nintzen. Inoiz ez dut ahazterik izan esperientzia hori. Gizabanakoaren bakartasunaz konturatu nintzen. Hain da sentimendu hori nirea, paradisuan ere sentituko nuela. Garai hauetan zentzu txarra du asperdurak; aspertzen denaz hutsik dagoela esan ohi da, eta hori ez da egia: hustasun horrek munduaren azalpen bat darama berekin».
Etorkizunik ez
«Azken batean ezerk ez du zentzurik niretzat. Etorkizunik gabe bizi naiz. Etorkizuna nigandik kanpora dago erabat; iraganari dagokionez, beste mundu bat da. Ez naiz denboraz kanpora bizi, baina geldirik nago metafisiko eta historikoki. Niretzat ez dago irtenbiderik; irtenbideak ez du zentzurik. Orainaldi amaigabean bizi naiz, eta ez naiz zoritxarreko helbururik ez dudalako. Pertsonek helbururik gabe bizitzen ikasi behar dute, ez baita uste bezain erraza. Nire pentsamendu guztiak horretara mugatzen dira: helbururik gabe bizi. Horregatik idazten dut gutxi, lan egiten dut gutxi, beti bizi izan naiz gizartetik apartera, apatrida naiz... eta horrela ondo nago. Nik ez dut aberririk behar, ez dut ezeren baitako izan nahi».
Heriotza
«Gaztea nintzenean, heriotzean pentsatzen nuen une oroz. Obsesio bat zen: bazkaltzen ari nintzenean ere ezin nuen burutik kendu. Nire bizimodua heriotzaren inperioaren menpe zegoen. Pentsamendu horrek ez nau inoiz abandonatu, baina denborarekin ahuldu egin da. Obsesio bat izaten jarraitzen du, baina ez pentsamendu bat. Adibide bat jarriko dut: duela zenbait hilabete, emakume bat ezagutu nuen, eta biok ezagutzen genuen baina aspaldian ikusi ez nuen lagun batez jardun genuen. Berak esan zidan, hobe nintzela hura ikusi gabe, zoritxarrekoa baitzen. Ez ei zuen heriotzean besterik pentsatzen. Nik erantzun nion: 'beste zertan nahi duzu pentsatzea ba?'».
Arrazoia eta jakintza
«Jakintza eta sentimenduak nekez uztartzen dira ondo. Niretzat, munduaren historian aurkikuntza bakarra izan da. Genesiko lehen atalean aurkitzen da, bizitzaren eta ezagutzaren zuhaitzez hitz egiten den pasarteetan. Jakintzaren zuhaitza, zuhaitz madarikatua da. Jendearen tragedia jakintza da. Beti nabaritu izan dut, zerbaiten kontzientzia hartu dudanero, horrekiko dudan sentimendua ahuldu egiten zaidala».
Historia
«Historia sarraski bat da! Batek ikerketa handi abstraktuak irakurtzen baditu, bere teoria eta garaiko aldarriekin, oso ondo; baina bertan izan zirenen memoriak irakurtzen dituenean, izugarriak izan zirela konturatzen da. Historiarentzat ona dena txarra da pertsonentzat».
Gu
«'Gu' diodanean, askotan 'ni' esan nahi dut. Ez da, inolaz ere, politikariaren, profetaren edo besteren izenean hitz egiten duen jainkoren baten 'gu'-a. 'Gu' horrek ez du zentzu kolektiborik. Inoiz ez dut inoren izenean hitz egin: erabilera hau 'ni'-a saihesteko da (ezinezkoa dena zenbait kasutan) eta nire kontu subjektiboei itxura objektiboa emateko».
Idaztea
«Jendaurrean nork bere burua erakustea, modu batean, lizuna da, baina idazten duzunean ez duzu zeure burua erakusten. Zeure buruarekin bakarka zaude orduan. Eta ez duzu argitaratuko zaituztela pentsatzen. Niretzat, hori da idaztea, bakartasun latzean burutzen den ekintza bat. Idazleak une horretan besterik ez du zentzua. Ondoren egiten duzun guztia prostituzioa da. Baina izatea onartu duzun unetik beretik prostituzioa onartu behar duzu. Niretzat, bere buruaz beste egiten ez duen oro, prostituitua dago nolabait.»
Frantsesa
«Harreman konplexua dut frantsesarekin. Frantsesez idazten hasi nintzenean, ez zela niretzako hizkuntza pentsatu nuen. Alkondara hertsigarri baten baitan banengo legez sentitzen nintzen. Baina orain, urte batzuk geroago, frantsesa dekadentzian dagoenetik, ahitzear dagoen hizkuntza horri lotua sentitzen naiz. Frantsesak ez direla hizkuntzaren galeraren aurrean indiferenteak esango nuke; baina eurek onartzen dute, eta nik ez. Eta munduak frantsesa zenbat eta gehiago alboratu, orduan eta lotuago sentitzen naiz ni. Arrazoi nagusia, galtzen dudanak edo lapurtzen didatenak nigan sortzen duen erakarpen indarra izan daiteke. Frantsesaren isolamenduak liluratu egiten nau. Hastapenetan oso zaila izan zen berarekin harremantzea, Errumanian denek hitz egiten zuten frantsesez edo beste hizkuntzaren batean; baina ni Transilvaniatik nentorren, eta han alemanez edota hungarieraz hitz egiten zen. Oso serio hartu nuen hizkuntza aldaketa. Niretzat, benetako desafio bat zen frantsesek bezala idatzi beharra, haiekin lehiatu beharra hizkuntzaren erabileran...».
Etsipena
«Ezkorra naizela esaten dute: 'ez da egia!' Kategoria horiek groteskoak dira. Zehatz-mehatz dakit zer den etsipena. Alde nabarmena dago etsipen sistematikoaren eta etsipenaren eguneroko esperientziaren artean. Ezin liteke ezkorra izan bizitzan: bizirik gaude, ez du zentzurik. Eszeptizismoaren eta etsipenaren apologia egitea hautatu nuen, baina hori ez da garrantzitsua. Garrantzitsuena bizitzen duguna da, bilatzen duguna eta hura sentitzeko modua».
Literatura
Asperdura, etsipena, eszeptizismoa
1911ko apirilaren 8an jaio zen Emil Mihai Cioran. Jatorrian errumaniarra zen, Austria-Hungariako Inperioaren menpean sortu arren. Burdinazko guardia faxistako kide izan zen II. Mundu Gerraren lehen urteetara arte. Hura amaituta, frantsesez sortu zuen bere obraren gehiena. Haren libururen bat irakurri duenak ez du lehen bezala begiratzen ingurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu