Astelehenean hasiko dira 'Xora' zubererazko lehen film luzea grabatzen

Peio Cachenaut gidoilari eta zuzendariaren fikziozko lanak «mundu berezi, ilun eta korapilo asko dituena» azalduko duHiru astean grabatu, eta datorren urteko udaberrian estreinatzea espero dute

Ezkerretik eskuinera, Jeremie Garat, Ttittika Rekalt, Peio Cachenaut eta Mixel Etxekopar, atzo Donostian egindako aurkezpenean. GARI GARAIALDE/ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Filmean sinesten dugu, ziur gaude zerbait positiboa aterako dugula». Peio Cachenaut zuzendariaren hitzak dira, Xora filmaren aurkezpenean atzo esandakoak. Zubererazko fikziozko lehen film luzea izango da, eta dagoeneko dena prest dute grabaketak hasteko. Astelehenean hasita, hiru astez ariko dira grabatzen. 45.000 euroko aurrekontuarekin, hainbat erakunde eta herritarrek lagundu dute egitasmoan. Hebentik elkartea, Aldudarrak Bideo elkartea eta Baleuko ekoizpen etxea dira horietako batzuk. Filma datorren urteko udaberrirakoespero dute estreinatzea.

Jef Goihenexpe eta Tttittika Rekalt dira filmeko aktore nagusiak. Goihenexperen pertsonaia Zuberoako gazte bat da, euskaldun berria. Bere bizilekuan euskara desagertuta zegoenez, euskara ikasten urteak eman ditu. Gau eskoletako irakaslea da orain. Askok desiratuko luketen lana duen arren, berak beste zerbait du buruan: idazle izateko ametsa. Aholku bila joko du bere osaba Hollywoodengana (Tttittika Rekalt). 30 urte inguru eman ditu hark AEBetan, gidoilari eta idazle gisa. Bien arteko harreman hori indartuz doan heinean, ordea, beltzez jantzitako gizon bat agertuko da. Haren presentziak istorioaren norabidea aldatuko du.

Rekaltek azaldu duenez, «mundu berezia, ilun samarra eta korapilo asko dituena» da Xora filmekoa. Istorioaren atzean, gainera, bada irakurketa bat: «Edonork bere bide propioak egiteko erreferente batzuk ditu, baina beti ez da horien menpe egon behar. Helmugan norbera erreferente horietatik aska daiteke, edo ez, pertsona heldu izateko».

Duela bi urte hasi zen Peio Cachenaut gidoia lantzen. Fikziozko lana bada ere, «Zuberoan egunero gertatzen dena» hartu du oinarrian. Hiri bizitza eta mendi ingurukoa uztartu ditu, baita zubereraren bi alderdi ere, bi pertsonaien bitartez: batak euskara du ama hizkuntza; bestea, aldiz, euskaldun berria da. Balioen transmisioa ere jorratu du, ondorengoei utziko dietenaren gaineko gogoeta eginez. Zuzendariak literaturarekin duen lilurari ere tarte bat egin dio filmean: «Bakartuta egon zaitezke, orri bakar batekin, eta gauzak sortu». Zuzendari eta gidoilari gisa ari den lehen aldia da, eta gogo handiz bizi du esperientzia. Xiberoa Zinez egitasmoaren bitartez jarri zuten martxan proiektua, eta plazer handia da harentzat horrelako ekimen batean parte izatea.

Elkarlanean egindako lanari esker izan da posible Xora. Mixel Etxekopar Hebentik elkarteko arduradunak guztien artean egindako lana azpimarratu du: «Sua pizten eta hedatzen den bezala piztu da auzolana; sua Bilbotik Santa Grazira heldu da». Herritarrek dirua biltzeko kanpaina bat hasi zuten filma egin ahal izateko, eta, horrez gain, aktore, antolatzaile eta teknikari gisa lan egingo dute zuberotar askok. Oraindik ere badago ekimena diruz laguntzeko aukera, Xiberoa Zinez egitasmoari laguntzeko irekita dagoen kontu korrontean. «Orain arte egindako kanpainak funtzionatu du, eta espero dugu horrela jarraitzea».

Baleuko ekoizpen etxeak ere sustatu du ekimena. Ikus-entzunezkoen produktuak ekoizten ibilbide luzea daramate, baina, Eduardo Barinaga Bauleukoko kudeatzaileak azaldu duenez, «zaila da XXI. mendean horrelako freskotasun, ausardia eta sakontasunez sortu den proiektu bat topatzea». Horrekin batera, film horretako parte hartzaileek «musu truk» lan egiten dutela azpimarratu du.

Hiru arrazoik bultzatu zituzten proiektuaren alde egitera. Batetik, lan erakargarria, berritzailea eta ausarta izateak. Bestetik, gaia «ohiko kanonetatik kanpo» egoteak; eta azkenik, herritarren ekimenetik sortua izateak. «Hazia zuhaitz bihurtu da, eta espero dugu hostoak eta enborra erreferente bat izatea zinemaren eta kulturaren etorkizunean». Barinagak adierazi duenez, ETBk ere bat egingo du proiektuarekin, eta beste hainbat erakunderen erantzunaren zain daude.

Abenduan, aurrerapena

Udazken aldera muntaketa lanei ekingo diete, grabaketak amaitzen dituztenean. Filma 2012ko udaberrian estreinatzea da asmoa; hala ere, badute aurrerapen bat eskaintzeko asmoa. «Durangoko Azokan aurkezpen moduko bat egitea gustatuko litzaiguke», adierazi du Jeremie Garat filmeko soinu teknikarietako batek. Beraz, baliteke abenduan heltzea Xora filmaren lehen irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.