Astigarraga eta Lasarte arkitektoek eraberrituko dute Koldo Mitxelena eraikina

'KMK 2020' proiektuak irabazi du lehiaketa, "eraikinaren egiturari eta identitateari errespetu handienez eutsi diena" baita, epaimahaiaren iritziz. Obra 2019ko udazkenean hasiko dela aurreikusten dute.

Koldo Mitxelena Kulturuneko sarrera eraberritua, proiektu irabazlearen arabera. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 29a
17:43
Entzun

Hasieran pentsatu baino azkarrago doa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea eraberritzeko egitasmoa, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren ustean. Uda aurretik iragarri zituzten ideia lehiaketan aukeratutako bost proiektuak, enpresen ibilbideari eta esperientziari erreparatuta. Bakoitzak bere aurreproiektua aurkeztu ondoren, Astigarraga eta Lasarte / Bab Arquitectos enpresek osatutako aldi baterako batasunaren KMK 2020 aukeratu du epaimahaiak.

"Oso proposamen ausartak" jaso dituztela azpimarratu du Itxasok, baina irabazlea izan da "eraikinaren egiturari eta identitateari errespetu handienez eutsi diena, eta espazioen komunikazioak eta moldakortasuna ondoren konpontzen dituena". Halere, negoziaketa hasiko da orain: irabazi ez duten proiektuen artean ere badira epaimahaiari interesgarriak eta egingarriak iruditu zaizkion ideiak, eta horiek txertatzeko aukera izango dute. Gainera, beharrezkoak ez diren gauzak ezabatuko dituzte proiektutik. Aurreikusitakoa baino aurrekontu handiagoa izango du proiektuak, finalista guztiek ikusi baitzuten Foru Aldundiak iragarritako 6 milioi euroak ez zirela nahikoa "eraikinak behar dituen aldaketak egiteko". 9-10 milioi ingurukoa izango dela aurreikusi dute, eraikinaren gabeziak konpontzeaz gain, moldatu ere egingo delako.

"Moldakortasuna" behin eta berriro aipatu dute Itxasok eta epaimahaiko Joaquin Montero arkitektoak gaur goizeko prentsaurrekoan, Kulturunea berrantolatuko baita, egitura errespetatuz. "Gaur egungo kultur zentro batek dituen eskakizunei" erantzungo die hala Koldo Mitxelenak, eta etorkizunean horrelako eraikin batek izan ditzakeen beharretara egokituko dute. Aldaketen artean, nabarmendu dute irakurketa areto handi bat sortzea proposatzen dela, liburutegiko erabiltzaile guztientzat. Ganbara aretoari "balioa eman" nahi diote, eta irisgarritasuna hobetzea izango da horretarako lehen urratsa. Beheko solairuan, barruko plaza bat egitea da proiektuaren beste bereizgarrietako bat, eraikineko espazioak errazago lotzeko.

Monterok argi du gaur egun liburutegiek ez dituzte duela 25 urte zituzten behar berberak, eta eraikineko liburutegiaren erabilera arazoak konpontzea da obraren helburuetako bat. Arkitektoak ez du uste irudi berria sortu behar denik, dagoeneko izaera bat duen eraikin bat egokitu eta etorkizunerako prestatu baizik: azalera irabazi eta irisgarriago egin. Liburutegiaren espazioa, esaterako, %50 handituko da.

Orain, sei hilabeteko epea izango dute obren betetze proiektua idazteko, eta udaberrian lehiaketara aterako dira obrako lanak. Hortaz, obra 2019ko udazkenean hasiko dela aurreikusten dute, eta Koldo Mitxelena Kulturunea itxita egon beharko da hurrengo bi urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.