«Asun Arrazola oso pertsona ezaguna zen bizirik zen artean, baina ahaztuta zegoen. Orain hura gogora ekartzen saiatzen ari gara». Asun Arrazola zenaren iloba Joxemari Arrazolaren hitzak dira, Asun Arrazola oroitzen jardunaldien xede nagusiaren berri emateko esanak. Jardunaldi horiek antolatzen laguntzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrazolaren obra guztia digitalizatzeko konpromisoa hartu du, datorren urtean hasita.
Atzo hasi ziren jardunaldiak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Joxemari Arrazola, Edorta Kortadi, Fernando Blasco, Miren Azkarate, Ricardo Ugarte eta Julia Otxoaren hitzaldiak eta lekukotasunak bildu zituen ekitaldi batekin. Urriaren 26an, asteartearekin, Asun Arrazolari buruzko mahai-ingurua egingo dute Miren Azkaratek, Edorta Kortadik eta Joxemari Arrazolak, Zestoako udaletxean.
Azken ekitaldia hilaren 30ean izango da, larunbatarekin. Oñatiko hainbat guneri bisita egiteko aukera izango da, «Asun Arrazolaren erara». Anton Zubiaurre eta Edorta Kortadi gidari direla.
Hezitzaile eta arte historialari eta ikertzaile gisa lan handia egin zuen Asun Arrazolak. Zestoan jaio zen, 1912an, eta 17 urterekin Mariaren Lagundiako ordenako moja egin zen. Ikasten jarraituta, Pedagogian lizentziatu eta Filosofia eta Letretan doktore egin zen. Donostiako Irakasle Eskolaren sorreran parte hartu zuen, eta eskola horretako zuzendari izendatu zuten 1948an. Urte berean Gipuzkoako lehen turismo eskola sortu zuen.
Lan eskerga egin zuen Euskal Herriko -batez ere Gipuzkoako- arte historikoa dokumentatzen, inbetarioa egiten eta sailkatzen, eta Gipuzkoako Pizkundeaz egin zuen tesia (El Renacimiento en Guipúzcoa, 1967).
«Lan hori egin zuenetik, Gipuzkoan egiten diren arte historikoaren inguruko lan guztiek erreferentziatzat dute Asun Arrazolaren lana», Joxemari Arrazolak dioenez. Geroztik, monografiko asko egin zuen, «zorroztasun handiz lan eginez beti».
Klausurako moja izatea ez zen izan oztopo Asun Arrazolarentzat. Gainera, garaiko sortzaile eta eragile handien laguntza izan zuen, Manuel Lekuona eta Jorge Oteizarena, besteak beste.
Asun Arrazolaren ekarpena oroituko dute Donostian, Zestoan eta Oñatin
Hezitzaile eta arte ikertzailearen obra guztia digitalizatzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Aldundiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu