Dantza

Ateak gertaleku

'Dalet (da)' dantza ikuskizuna
'Dalet (Da)' dantza ikuskizuna. DANIEL ABREU
Agus Perez.
2024ko otsailaren 20a
05:10
Entzun

Nik ez dakit zer gertatzen zaion Daniel Abreu koreografo eta dantzariari hebrear alfabetoarekin, baina ezin ukatuzkoa da haren hizkien esangurak nolabaiteko misterioa eta inspirazio iturria direla kanariar sortzailearentzat. Bere azken lanean ere –Vav izenekoan– baliatu zuen aitzakia, eta orduko hartan emakumeak eta kolore zuria izan ziren nagusi, esandako hizkiak dena batzearen ahalmena omen duelako.

Oraingo honetan, ordea, dalet hizkia hartu du abiapuntutzat. Atearen eta lau zenbakiaren esangura dauzka, eta horregatik sinbolizatzen du leku batetik bestera —hau da, egoera batetik bestera— igarotzeko gunea, onerako zein txarrerako. Sei gizonezko izan dira taula gainean, eta, haiekin batera, biolontxelo eta tronboi jole banak —emakume eta gizon, hurrenez hurren— interpretatu dituzte zuzenean musika pasarte batzuk. Izan ere, musika izan da emanaldiaren osagai garrantzitsu bat, batzuetan ikusleak soinu-giro zapaltzailean murgilduz eta beste batzuetan atmosfera arinagoak sortuz, betiere erabateko abstrakziotik eta perkusio desegituratuetan oinarrituta.

Metalezko hiru trapezoide irregular handirekin gauzatu da ate mistikoen irudikapen plastikoa, eta esan dezakegu artelan kategoria eduki duela hiruren arteko konposizioak, musikak eta argien diseinu delikatu eta inguratzaileak eduki duten bezala.

Hasierako musika-pasartearen ostean, Abreu bera agertu da eszenan, eta gero banan-banan gehitu zaizkio beste bost dantzariak, baina hor amaitu da sortzailearen protagonismoa —beste une oso diskreturen bat kenduta—, eta horrek ere nabarmentzen du artistaren kategoria, era horizontalean gauzatzen dena eta ez bere burua nagusituz eta bigarren mailako dantzariez inguratuz, askotan ikusten eta jasaten dugun bezala.

Era estandarrean eta serio jantzita agertu dira dantzariak, beltzetik hurbileko praka dotoreak eta kolore bereko poloak edo alkandorak jantzita, eta haien eboluzioetan sinbolismo ilunen bat igarri nahi izan dugu. Norberaren inguruko esplorazioetan oinarritzen ziren gorputzen deskribapen ezin aldakorragoak, besoen eta eskuen proiekzioek antzinaroko edertasunera eramaten gintuzten eta dantzarien desplazamendu bertikalek askotan desafiatu dute grabitatearen legea.

Azken finean, maskulinitate ariketa eder bat izan da, non energia, erabakimena eta malgutasuna elkarren eskutik ibili diren. Amaierako aldietan ate itxurako bi panel laukizuzenekin jostatu dira dantzariak, eta azken irudietan itxura koloretsuko pertsonaia estatiko batzuk agertu dira bi gizon biluzirekin batera, bat zeharo biluzik eta bestea irudimenezko biluztasunean. Haien atzean gizon zibernetiko baten irudia proiektatu da, dantzariak askoz era informalagoan jantzita agertu dira, eta guztiaren esangura iluna artearen maila gorenera heldu da.

‘Dalet (Da)’

Konpainia: Daniel Abreu. Sorkuntza eta zuzendaritza: Daniel Abreu. Jatorrizko musika eta interpretazioa: Hugo Portas, Elisa Tejedor. Eszenografia: Luis Crespo. Argiak: Pedro Yague. Jantziak: Esteban Cedres. Dantzariak: Daniel Abreu, Abian Hernandez, Diego Pazo, Maurizio Perez, Daniel Rodriguez, David Vilarinyo. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Otsailaren 17a.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.