Aterpetik kalera begira

Eneko Alcaraz eta Asier Zabaleta Dantza Hirian jaialdirako proiektuak garatzen ari dira Donostiako ArtelekunAlcaraz Mikel Laboan inspiratu da, eta Zabaletak gardentasunaren ideia landuko du

Eneko Alcaraz koreografoa Mikel Laboan inspiratutako dantza lantzen ari da. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ideiak, proposamenak eta bat-bateko burutazioak dantzan dabiltza egunotan Donostiako Arteleku zentroan. Dantzagunea aretoa kaleko koreografien laborategi bihurtu da; Eneko Alcaraz eta Ertza konpainiako Asier Zabaleta ari dira esperimentuak egiten. Dantza Hirian jaialdiak kaleko dantza baten proiektua garatzeko aukeratu ditu, Aterpean plataformaren bitartez. Uztailean amaitu beharko dituzte piezak; horretarako, hiru agertoki dituzte eskura: Mendi Zola aretoa (Hendaia, Lapurdi), CCN Malandain Ballet Biarritz zentroa (Miarritze, Lapurdi) eta Dantzagunea. Irailaren 16an kalera aterako dituzte aterpean lantzen ari diren dantzak.

Eneko Alcaraz Sorginak kanpora! koreografia lantzen ari da; Asier Zabaleta, berriz, Transparent. Prozesuaren une ezberdinetan daude biak. Alcarazek astebete eman du Hendaian; beraz, Zabaleta baino pauso bat aurrerago doa: «Material fisikoari ezaugarriak bilatzen hasi nintzen, eta batzuk aurkitu dizkiot. Orain, pertsonaia bilatzen ari naiz». Mikel Laboan inspiratutako pieza garatzen ari da Alcaraz. Absentziaren ideia irudikatzeko bideak lantzen dihardu, eta, horretarako, etxegabe baten pertsonaia garatzea du buruan.

Zabaletak astebete darama lanean. Arteleku da haren lehen aterpea, baita Zabaletarekin lan egingo duen dantzariarena ere. Errusiako Rafael Timerbancov dantzariarentzat sortuko du dantza Zabaletak. «Oraindik probak egiten ari gara, inprobisatzen, eta gaia nondik heldu erabakitzen». Transparent piezak «segur aski denok sentitu dugun sentimendu batez hitz egiten du». Gardenak bihurtzen garen momentuak irudikatu nahi ditu, bereziki egoera hori bizi duen pertsonaren ikuspegitik: «Batzuetan hitz egiten dugu edo hitz egin nahi dugu, eta konturatzen gara ez digutela kasurik egiten, ez zaigula entzuten, ez gaituztela ikusten».

Koreografiak garatzeko prozesu bete-betean dira orain; aurretik, ordea, proiektua bera garatu behar izan zuten, Dantza Hirian jaialdian aurkezteko. Alcarazek aspaldidanik erabiltzen du Mikel Laboaren musika euren piezetan, eta Laboari eskainitako disko batetik abiatu zuen proiektua: «Txinaurriak diskoa asko gustatu zitzaidan. Mikelen absentzia hartu nuen ideia gisa, eta bera presente egon daitekeela erakutsi nahi dut, benetan ez badago ere». Laboaren abestien bertsioak biltzen ditu diskoak, hainbat artistaren ahotsetik. Hiru bertsio aukeratu ditu Alcarazek: Ruper Ordorikarena (Gure bazterrak), Ama Say taldearena (Ama hil zaigu) eta Willis Drummondena (Gaztetasuna eta zahartasuna). Oraindik ez dauka argi besterik sartuko duen: «Lisabo, Berri Txarrak eta Gora Japonenak asko gustatzen zaizkit».

Ertza konpainiako zuzendariak argi zuen nor izango zen bere proiektuaren irudia: Rafael Timerbancov. Dantza Antzerki Garaikideko Txeliabinsk konpainiako kide da, eta iaz haientzako koreografia bat egin zuen Zabaletak. «Esperientzia interesgarria izan zen, eta Rafaelek izugarrizko gaitasunak zituela iruditu zitzaidan». Hori dela-eta, elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zitzaion. Asmoa bere horretan geratu zen, Dantza Hirian jaialdiko proposamena heldu zen arte. «Denbora nahikoa nuen, konpainiako azken lana bukatu berri genuen eta. Aterpean plataforman aritzeko aukera atera zenean, Rafaelekin lan egiteko momenturik egokiena zela ikusi nuen».

Absentziaren eta gardentasunaren ideiak buruan, horiek adierazteko bideen bila dabiltza Dantzagunean. Alcarazek azaldu duenez, «fisikoki izan ditzakeen mugak» erabiltzen ari da absentziaren ideia adierazteko: «Aurpegia estalita lan egiten ari naiz, aurpegirik gabe dantza egiteko. Eskuak poltsikoan jarrita, besoak ez erabiltzeko. Eta buruz behera, hankak geldirik edukitzeko». Zabaletak «ezin aproposagoa» ikusten du dantza gardentasuna adierazteko. Haren ustetan, dantzaren bidez hobeto adierazten dira emozioak: «Oso zaila da sentimendu hori hitzekin adieraztea, eta horregatik sortzen dira egoera horiek, ez garelako gai geure burua entzunarazteko».

Jaialdia, erakusleiho

Eneko Alcarazek Dantzagunean amaituko du bere egonaldia, uztailaren 29an. Zabaleta eta Timerbancov, berriz, Miarritzeko CCN Malandain zentroan izango dira datorren astelehenetik igandera bitarte.

Jaialdiak eskaini dien «aukera ona» azpimarratu dute biek. Horrekin batera, Myriam Arkaia jaialdiko zuzendariaren lana goraipatu dute. Hala dio Alcarazek: «Oso garrantzitsua da egiten ari den lana. Sentsibilitate ikastaroak ematen ditu, dantza jende arruntari hurbiltzeko. Dantza ez da elitearekin lotu behar, kalera eraman behar da, eskoletara… Eta horrela jendea zaletuz doa, eta gustukoen duen dantza zein den ikasiz». Sentsibilitate tailerretan parte hartu dute bi koreografoek, ezgaitasun psikikoa duten lagunekin nahiz haurrekin.

Zabaletaren iritziz, «oso polita da jaialdiak eskaintzen duen erakusleihoa». Beste jaialdietako antolatzaileak biltzen dira jaialdira, eta hori aukera ona da Dantza Hirian amaitzen denerako. Ertza konpainiaren kasuan, duela bi urte jaialdian aurkeztu zuten pieza batekin lan egiten ari dira oraindik. Aterpean plataformak eman dien laguntza ere aipatu du Zabaletak: «Gure kasuan, Rafael ekartzea inbertsio handia da: bidaiak, ostatua, lana… Eta Aterpeanen laguntzari esker posible izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.