Errepide bat. Eta kotxe bat errepidean. Lerro zuzena han. Lerro zuzena berriketarako, isiltasunerako, zoramenerako. Lerro zuzena eta amaiezina. Lerro zuzena eta bat-batean makurra. Lerro zuzena iparralderantz. Errepidea, bazterrak. Errepidea eta seinaleak, autostopisten mamuak, marra jarraituak eta etenak, gasolindegiak, plast! haizetakoaren kontra zomorroak. Odola, izerdia eta malkoak: aurrera, aurrera beti.
Restop. Restaurante El Figón. Travel Club. Club La Boheme. Peaje. Toll.
Go on. Go on.
Errepidea eta bidaia, asfaltozko metafora, auto-ezagutza, penitentzia, deserria, basamortuan zehar egindako ibilbidea. Itaka. Literaturaren historian tradizio oparoa duen generoa. Zer uste zenuen ba. Gauza hauek fundamentuz egiten dira. Aurreko literaturaren errebisio batez. Status quaestionis.
On Quixote, errepideak asfaltozkoak ez ziren garaikoa. The Road, asfaltozko errepideek dagoeneko ezertarako balio ez duten apokalipsiaren osteko garaian. Edo bestela, erdi-bidean, On the road, klasiko bat. Edo Suminaren mahatsak, beste klasiko bat. Eta ez ahaztu Lolita. Zer esan Lolitaz. Lo-li-ta.
Bai, Iparramerikako literatura nagusi. Eurek asmatu zituzten errepideak eta.
Baina are euskal literaturan ere, tentuz arakatuz gero. Errepidea laket izan duten euskaldunak egon dira historian. Errepidea eta bujiak. Gasolinaren usaina. Abiadura maldan behera. Zulatzen diren gurpilak. Denek ez dute ozeanoa zeharkatu indioak masakratzeko, Japonia ebanjelizatzeko, Filipinak konkistatzeko. Batzuek errepidea nahiago. Etxepare medikuak Beribilez eleberria utzi zigun 1931. urtean. Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun. Ezin jakin zeinen azkar deuseztatuko genuen hitz hori. Beribila. Elhuyar hiztegiak bere altzoan dauka oraindik, eta horregatik ez dit word zuzentzaileak gorriz markatu. Hori ere bada nire kezka. Hemendik urte batzuetara ulertuko ez dituzun hitzekin orriak betetzea. Alferrikako ahalegina. Adierazle hutsa. Hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan.
Baina goiz da horretaz aritzeko. Has gaitezen suabe, lehenengo martxa batekin, motorra berotuz. Pisu handikoa da mugitu beharreko tramankulua.
Norena da ideia? Zurea. Demagun zurea dela. Zurea behar du izan. Zuk esaten didazu:
—Eta zergatik ez, Ulia? Eta nik erantzuten dizut:
—Baina zertara dator hori, Gustavo? Gustavo zara proposamen bitxiak egiten dizkidazunean. Gus, supermerkatuan txokolate beltza erosteko eskatu behar dizudanean. Gustavito, zure kontura barre egin nahi dudanean. Gusiluz kalenturak harrapatzen zaituenean. G puntua. Gustavo igela. Gustav Mahler. Gustave Eiffel. Gustave Flaubert. Gustavo Adolfo Bécquer. Nire beltza, nire maiordomoa, nire jabea. Nire gidaria. Batez ere nire gidaria.
Demagun kotxe berria probatu nahi duzula. Errodatu, esaten duzu. Demagun kotxe berria errodatu nahi duzula. Demagun oporraldi lasaia behar duzula, ardo ona eta itsasoa. Plazer txikiak, plazer motelak. Errepide sekundarioak. Errepide sekundarioak beti, ados? Sekulako urtea izan duzu; azkena, astebeteko eskapada Errepublika Dominikarrera, litigazio internazionaleko masterrean klaseak ematera. Gogorra da gero zure bizimodua. Ulertu egin behar dut.
Tira ba. Demagun behingoz eta fundamentuz nire herria ezagutu nahi duzula, nire lurraldea, nire sehaska. Bada garaia, ezta? Aski da, nazkatuta naukate asteburuko presazko bisitek, familia konpromisoek, ezkontzek eta hiletek. Lurralde horretan murgildu nahi duzu, blaitu. Aberria. Abaroa. Abisinia. Nire galbidea, hitz batean. Baina ez, hori oraindik ez dakizu. Jakingo duzu. Horretan datza bidaia, auto-ezagutza eta abar.
Gustavo, zurekin korritu dut Messarako lautada, baina sekula ez Arabako lautada. Mojaveko desertuan sartu ginen aire girotua izorratua zuen auto alokatu batekin, baina ez gara inoiz ausartu Bardean sartzera. Ferryz zeharkatu dugu Gibraltarko itsasartea, bisigua jan dugu Bosforotik nabigatzen zuen itsasontzian, baina ez dugu inongo barkutatik esploratu Zumaiako flysch ospetsua. Salemgo museo barregarri batean sartu ginen, gaizki mozorrotutako aktorez betea, baita azkar atera ere, baina ez gara inoiz kezkatu Zugarramurdiko sorginez eta haien akelarreez.
Bada garaia, ezta?
Hortaz, bai, demagun baietz esaten dizudala, zure nahi eta beharretara biltzen naizela amoroski. Ni horrelakoa naizelako, zurekin, batzuetan. Demagun, beraz, entusiasmo neurtuaz erantzuten dizudala:
Tira, ez da hain ideia txarra ere. Ez dakit ba, amari deituko diot ea zer dioen. Ez nuen halakorik espero, baina... Eta halako batean, ni ohartu orduko, plana gehiegi hazi da, beranduegi da abortuetarako, zertan ari naizen neure buruari galdetzeko. Abiatu egiten gara. Aberri abegikorrerantz abiatu. Hemen gaude. Kotxe berrian. Errepidean. Lerro zuzena eta abar.
Hasieran beharbada ez dugu gehiegi hitz egingo, goiz da oraindik eta erdi-lo egon gaitezke. Musika jarriko duzu, bidaiarako propio aukeratutakoa. Musika elektroniko lasaia: Tracey Thornen bigarren bakarkako lana, azaltzen didazu, niri gauza horiek berdin zaizkidan arren. Gero, halako batean, urgentziaz eskatzen didazu hizketa-gai mamitsu bat. Lokartu egingo zara bestela, arraioa. Ahal dudana egiten dut. Ama ekartzen dut berriz hizpidera. Hobeto egongo garela bera gabe, nahiz eta denok antzeztu dugun ezinegona gu hara goazenean bera Granadarako bidean egongo dela jakiterakoan.
Pozik zoaz autoan. Igarri egiten dizut. Deskubrimendu liluragarria egin duzu azken bolada honetan: objektuekiko maitasuna.
Eta maitasun berriki deskubritu horretan, ez zara oso originala izan, sentitzen dut.
Bost urteko aurrerapenarekin ari zara 40etako krisialdia igarotzen, eta 15 urteko atzerapenarekin ezagutu duzu zer den automobil bat maitatzea. Eta ezkutatzen saiatzen zara, akaso orduz kanpoko zaletasun honetaz apur bat lotsatzen zarelako. Baina igarri egiten dizut. Eskuak bolantean paratzeko zure moduan. Harrotasunez, segurtasunez. Baina ez hori bakarrik, trinkotasun amultsu horretan beste zerbait ere badagoela esatera ausartuko naiz. Eta maitasuna deituko diot. Hitz horrek ez dit beldurrik ematen.
LIBURU AURRERAPENA
Atertu arte itxaron
Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) datorren astean aurkeztuko du bere lehen nobela, Atertu arte itxaron (Elkar). Euskal Herrian girotutako road movie antzeko bat da. Uliak bere sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari, eta ibilbide lasai bat prestatzen dute horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu