Banakoek edo irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkeztutako proiektuak laguntzeko, aurten 2.016 euroko 60 laguntza eta 20.160 euroko sei ematea erabaki zuen Donostia 2016 fundazioak orain ia bi hilabete —241.920 euro guztira—. Bada, zozketa bidez hautautako herritar talde batek, Ardorak, deliberatua du zein diren diruz lagunduko dituzten aurreneko bost proiektuak.
Aniztasunaren CDa
Aztibegia elkarteak Euskal Herriko hainbat musika talde bildu nahi ditu, eta guztiek ezaugarri komun bat izango dute: Euskal Herrira hainbat tokitatik eta hainbat arrazoirengatik etorritakoak izatea. Lankidetza proiektu honek lurraldeko aniztasuna islatzea du helburu.
Donostiako arkitektura ezagutu
2016ko udan, hiriaren XX. mendeko arte eta arkitektura ondarea ezagutzeko ibilbidea proposatu du Eugenio Santos Aranazek. Ibilaldiak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta hainbat ibilbide egingo dituzte hirian barrena; batzuetan oinez, eta beste batzuetan bizikletaz.
Hirian barrena galtzeko gida
Natalia Salaberria Etxebestek herritarrentzako eta bisitarientzako gida bat sortuko du, normalean turismo gidetan agertzen ez diren tokiak ezagutarazteko asmoarekin. Gida horrek sakelako telefonoetarako aplikazio bat eta blog bat ere izango ditu. Noizbehinka, elkartzeak antolatuko ditu ibilbideak taldeka egiteko.
Hysteron
Nagore Legarreta argazkilariak kamera estenopeikoarekin ateratako argazkien erakusketa garatuko du, Hysteron izenez bataiatu duena. Zapata kaxa batekin edo antzeko euskarri batekin modu errazean eskuz egindako kamera batekin argazkiak eta negatiboak lortzea ahalbidetzen duen teknika da argazkilaritza estenopeikoarena. 2016ko martxoan irekiko litzateke erakusketa, dantza eta musika uztartuko dituen ikuskizun multidiziplinar batekin lagunduta.
Barro Busa
Undermount kultur elkarteak 2015eko maiatzean autobus edo furgoneta bat eramango du Grosera, Antiguara eta Intxaurrondora. Bertara hurbiltzen diren herritarrek buztinarekin esperimentatu ahal izango dute eta obra txiki bat egin. Ondoren, pieza hori lehortu ostean, elkartearen egoitzan jaso ahal izango dute euren artelana.
Gisa horretako laguntza gehiago ematen jarraituko du, gainera, Donostia 2016 fundazioak hurrengo urtean. Energia-olatuak programaren barruan sortu ditu laguntza hauek, "herritarren parte hartzeko nahia" bideratzeko, eta ekimen honen bitartez Donostia 2016 egitasmoaren energia-olatuak inoiz baino "ukigarriagoak" izateko, bultzatzaileen esanetan.
Dagoeneko irekita dago proiektuak bidaltzeko apirileko deialdia.