Literatura

Aurrerapenaren kritiko aurreratua

Duela 300 urte jaio zen Jean-Jacques Rousseau, Genevan, eta duela 25o urte haren liburuak erre zituzten hiri berean. Moral erlijiosoaren defendatzailerik estuenek ez ezik, zibilizazioaren aldezle arrazionalenek ere etsaitzat izan zuten, bere idatziengatik

Juan Luis Zabala
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Garaiko agintariei «matxinatuak, fedegabeak eta sakrilegoak» iruditzen zitzaizkiela eta, Jean-Jacques Rousseauren bi libururik enblematikoenak erre egin zituzten duela 250 urte, 1762ko ekainaren 19an, Genevako Udaletxearen aurrean: Émile eta Du contrat social. Erlijioaren, moralaren eta ohitura onen etsaitzat jo eta Genevatik alde egitera behartu zuten idazlea. Orduan geratutakoak ezkutatu eta disimulatzeko tentaziorik ez du izan Genevako Udalak —edo izan badu, ez dio hari men egin—, eta antzezpen baten bidez gogorarazi ditu, ekitaldi horrekin Rousseau eta haren obra omenduz. Horretarako ekitaldi gehiago ere izango da ondorengo egunetan, datorren ostegunean 300 urte izango baitira Jean-Jacques Rousseau Genevan jaio zenetik. 28. eguna zuen 1712ko ekainak.

Bizi zelarik, Rousseauk ez zituen soilik erlijioaren ikuspegi itxienari lotutakoak izan aurka. Denis Diderot eta Ilustrazioaren aldeko beste zenbait eragile ezagutu eta Encyclopédie-rentzat hainbat lan egin ondoren, entziklopedistengandik urruntzen hasi zen, eta haiek aurrerapenaren eta arrazoiaren etsaitzat jo zuten. Discours sur les sciences et les arts (1750) izan zen estreinako pitzaduraren eragilea; han adierazi zuen lehen aldiz basati onaren teoria deitzen dena, gizakia berez eta naturaz ona dela dioena, galbidearen errua gizarteari eta zibilizazioari egotzita. Discours sur l'origine et les fondements de l'inegalité parmi les hommes idatzi zuenean (1755), zibilizazioa gizakien arteko desberdintasunen sortzailetzat eta oro har gizakiarentzako kaltegarritzat jo zuen. Parisen ondo hartzen ez zutenez, Montmorencyra (Frantzia) aldatu zen, eta han idatzi zituen Émile, ou Del'éducation (1762) eta Du contrat social ou Principes du droit politique (1762), egilearen jaioterrian erreak izatera kondenatu zituzten obrak.

Hezkuntza eredu berri eta apurtzailea proposatu zuen Rousseauk Émile-n, prozesu naturalak hobetsi eta zibilizazioak ezarritako beharrizanak gaitzesten zituena. Du contrat social, berriz, berdintasunaren eta askatasun sozialaren aldeko aldarria da; liburu horretan, herritarren borondatean oinarritutako hitzarmen bat beharra planteatu zuen, monarkiaren inolako premiarik eta parte-hartzerik gabe. Egokitu zitzaion garaian ezin ziren horrelako aldarrikapenak egin jazarpena jasateko arriskurik gabe, baina Rousseauren obrak denboraren higadurei aurre egin eta oihartzun handia izan zuen gerora. Frantziako Iraultzaren bultzatzaileengan eragin handienetakoa izandako idazleetako bat dela esan ohi da, eta Parisko Komunan eta are XIX. mendeko komunismoan ere izan zela haren ideien arrastorik.

Azpi-asmorik gabeko pentsamendu libre baten taupadak sumatzen dira Rousseauren prosan. Bilaketa biluzi baten arrastoak; biluzia, aurrez ezarritako ideologiarik gabekoa delako, eta baita egilearen autolaudoriorako isuririk gabekoa ere. Nekez onartzekoa da, jakina, basati onaren teoria deitu ohi dena, baina Rousseauz geroztik modu berean ezin onartuzkoa da aurrerapen zibilizatutzat jo ohi denaren ukiezintasuna. Haren kritikan aitzindari izan zen Rousseau.

Euskal Herriarekin harremana

Euskal Herriko Ilustrazioarekin eta Azkoitiko Zalduntxoekin izan zuen harremanik Rousseauk, eta adiskidetasun estua Ignacio Manuel Altuna Portu Azkoitiko alkatearekin. Jon Sudupe saiakeragileak berriki kontatu duenez (2012ko maiatzaren 23ko BERRIAn), Rousseauk bizitzako azken urteak Azkoitian emateko asmoa izan zuen, Altunaren ondoan. Altuna, ordea, gazterik hil zen, 40 urterekin, 1762an, Genevan Rousseauren liburuak erre zituzten urte berean, duela 250 urte, eta Rousseauk beste hiri batzuetan bilatu zuen aterpe, harik eta 1778ko uztailaren 2an Ermennonville-n (Frantzia) hil zen arte.

Rousseauren bost obra daude gaur egun euskaraz irakurgai: Gizarte-Hitzarmena (1993), Émile edo hezkuntza (1999),Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia (2007), Ibiltzale bakartuaren ametseriak (2007) eta Bikario Savoiarraren fede-aitortza (2009).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.