Aurrez aurre eta elkarrekin

'Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan' erakusketa zabalik da, gaurtik, Donostiako San Telmo museoan. Bi artistei batera eskaini dieten lehena da, eta ehundik gora obra ditu

Oteizaren 1957ko eskultura bat aurrean, eta Txillidaren 1955eko beste bat atzean, San Telmo museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi argazki elkarren ondoan. Jorge Oteiza ageri da batean, bere tailerrean, esperimentazio prozesuan ondutako pieza txiki bat eskuetan duela, hari begira, gogoeta egiten. Eduardo Txillida agertzen du besteak, bere lantokian hura ere, pieza bati kolpeka, ekinean, prozesuaren amaiera zein izango den artean jakin gabe. Pentsakor bata; akzioari emana bestea. XX. mendeko euskal artista esanguratsuenetako bi, haien izaera eta lan egiteko modu desberdinen adibide diren irudietan. Eta hirugarren argazki bat parean, bi eskultoreak elkarrekin solasean erakusten dituena. Bi sortzaileen arteko desberdintasunak eta bat egiteak biltzen ditu Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan erakusketak. Bi artisten lanei batera eskaini dieten lehena da, eta, denera, bien ehundik gora obra biltzen ditu. Donostiako San Telmo museoan gaurtik urriaren 2ra bitarte izango dira denak ikusgai.

Duela hogei urte hil zirenetik bi artisten obrak elkarrekin aurkezten dituen lehen erakusketa handia da. Horregatik, «artearen historian mugarri bat» dela adierazi dute sustatzaileek. Donostiako San Telmo museoak antolatu du, Bancaja fundazioarekin lankidetzan; hain zuzen, erakunde horren Valentziako egoitzan (Herrialde Katalanak) iaz ikusgai izan ostean heldu da Donostiara. Bi artisten erakunde legatudunen lankidetza ere jaso du, Oteiza Museoarena (Altzuza, Nafarroa) eta Txillida Lekurena (Hernani, Gipuzkoa). Eta beste zenbait erakunde publiko zein pribatuk utzi dizkiete piezak antolatzaileei. Javier Gonzalez de Durana izan da komisarioa, 121 artelan biltzen ditu, eskulturak gehien-gehienak, baina baita marrazkiak, zirriborroak, grabatuak eta bestelakoak ere. Halaber, bien erakusketetako katalogoak, gutunak, argazkiak eta beste hainbat dokumentu bildu dituzte espazioetako batean.

Komisarioak adierazi duenez, bi artisten ibilbide osoa kontuan hartu beharrean garai jakin batera mugatu nahi izan dute bilduma, eta, hala, 50eko eta 60ko hamarkadetako obrak aukeratu dituzte. Modu kronologikoan osatu dute ibilbidea, eta 1948an abiatzen da, bi artistentzat bidaia urtea izan zen garai batean. Hain zuzen, orduan itzuli zen Oteiza Latinoamerikatik, han hamahiru urte igaro ostean, eta urte berean abiatu zen Txillida Parisera, eskultorea izan nahi zuela erabakita. Eta amaiera, berriz, 1969an eman diote, Oteizak Arantzazuko basilikako eskultura multzoa amaitu zuenean eta Txillidak Parisen bere lehen obra publiko handia kokatu zuenean. Tarte horretan, adiskidetasun harremana izateaz gain, interes handiz jarraitu zuten batak bestearen obra. Eta urte haietan nabarmendu ziren biak ere nazioartean. Ondoren etorri ziren desadostasunak, duela 25 urte besarkada baten bidez adiskidetzea irudikatu zuten arte. Horregatik, komisarioaren hitzetan, «zauri edo mesfidantza zaharren sendatzaile ere baden diskurtso bat» osatzen du erakusketak. «Izan ere, bi sortzaile hauengan, garrantzitsuena ez da esan edo egin zutena, baizik eta haien ekarpena, utzi ziguten ondarea, eta eskulturek elkar besarkatzea. Haien arteko besarkada oso ongi egon zen, baina nire ustez, benetako besarkada, benetan ona dena, areto hauetan oraintxe dagoena da».

Lehen aretoetan, aurrez aurre jarri dituzte sortzaile bakoitzaren obrak: alde batean batarenak, eta bestean bestearenak. Baina, hurrengoetan, nahasian ipini dituzte pieza guztiak, «elkarrizketan». Gonzalez de Duranak azaldu duenez, elkarren arteko lotura edo «gertutasun» horiek hiru irizpideren arabera antolatu ditu: piezak garai bertsuan sortutakoak izatea, obren arteko «gertutasun formala», eta lanen arteko «gertutasun kontzeptuala». Edonola ere, zehaztu du batzuk besteen alboan bai, baina elkarren arteko distantzia gordez kokatu dituela, ikuslea izan dadin lotura horiek egiten edo bat egite horiek sumatzen dituena. «Gertutasun horiek ez dira modu ageriko batean erakusten; nahiago izan dugu gertutasun horiek airean egotea, eta bisitaria izatea horiek sumatuz joango dena». Halaber, orain arte erakusketa batean aurkeztu gabeko zenbait pieza ere ekarri dituzte Donostiara.

Arantzazuko piezak

Sarreran, bi artisten argazkien alboan, bakoitzaren eskultura batek egiten dio harrera ikusleari, biak ere bertikalak eta tamaina handikoak. Oteizaren Laocoonte da bata (1954-1955), Kordobako (Espainia) Merkataritza Ganberarako egin zuen egurrezko obra bat, han kokatu zuenetik inoiz lekuz aldatu ez zutena. Hori da, beraz, inoiz erakusketa batean erakutsi gabekoetako bat. «Henry Mooreren obraren eragin handia du piezak, gorputzak zeharkatzen dituzten hutsune horiekin», azaldu du komisarioak. Txillidaren Oyarak I izenekoa da bestea, 1954an sortu zuena, nekazarien metalezko lanabesak erabiliz. «Obra honetan, garai bereko beste zenbaitetan bezala, itzalak rol garrantzitsua jokatzen du hormetan marrazkiak egitean».

Hortik aurrera, bederatzi ataletan banatu ditu pieza guztiak komisarioak, eta ordena kronologikoa du ibilbideak. Lehen aretoan, 1948tik 1951rainoko lanak daude; Oteizak, Latinoamerikatik bueltatu, eta Arantzazuko basilikako lanen enkargua jaso zuen tarte hartan, eta Txillida Parisen izan zen tarte berean. Biek giza gorputza landu zuten garai hartan, eta eskultura antropomorfikoak ageri dira aretoan, nork bere ikuspegitik landuak. «Txillidarenak oso sintetikoak dira, oso deskribapen fisionomiko gutxikoak; Oteizarenak, berriz, dramatikoagoak dira, espiritualki goratzen dira. Esan genezake gorpuztasunera emanagoa dela bata, eta existentzialistagoa, tragikoagoa bestea».

Hurrengo aretoak 1951tik 1955erainoko sorkuntza biltzen du, eta Arantzazuko obrak dira protagonista —garai hartako beste batzuk ere badira—. Horien artean daude Txillidak basilikarako eginiko bi ate, orain arte sekula handik mugitu gabeak, eta, beraz, lehen aldiz museo batean ikusgai daudenak. Haien aurrean, parez pare, Oteizak apostoluen frisoa ontzeko prozesuan sortutako zenbait pieza daude —batean hiru eta bestean hamasei jarri zituen—, baitajatorrizko tamainan apostoluetako bi erakusten dituen brontzezko pieza handia ere. Andramari (1953-68) eta Pietaterako estudioa (1969) esperimentazio lanak ere ikusgai daude.

Lehen bi espazioetan, aurrez aurre daude jarrita artista bakoitzaren eskulturak. Baina hortik aurrera, elkarren alboan ikusiko ditu bisitariak, nahasian. Txillidak nekazaritzako lanabesekin egindako obra gehiago, eta Oteizak metalezko pieza biribilekin osatutako formak daude jarraian, besteak beste. Oteizaren Esne bidea eskultura bertikalari (1955)aipamen berezia egin dio komisarioak. «Interesgarria da, frogatzen baitu Oteiza, apostoluen eskultura figuratiboetan lanean ari zen bitartean, beste ildo askoz ere abstraktuago bat lantzen ari zela aldi berean; horren adibide da pieza».

Hurrengo aretoan dokumentazioa bildu dute, eta, besteak beste, bi artisten idatzi eta gutunak, argazkiak eta erakusketetako katalogoak jaso dituzte bitrinetan. Hormetako batean, berriz, zale batek Super8-an grabatutako irudiak daude proiektatuak; Oteiza Arantzazun apostoluak jartzeko lanetan ikusten da haietan.

Hurrengo gelako obrak biltzeko irizpidea, komisarioak azaldu duenez, elkarren oso desberdinak izatea izan da. Hala, elkarren inguruan dabiltza bertan Txillidak harriz eta berunez landutako erliebeak eta paper gaineko marrazkiak, eta geometria zorrotzeko Oteizaren burdinazko eskulturak, besteak beste. Azken aretoan, berriz, harrizko obrak dira nagusi bestelakoen artean.

Erakusketan, guztira, gehiago dira Oteizaren eskulturak, baina handiagoak, oro har, Txillidarenak. «Oteizarenak esperimentazio lanak zirenez, formatu txikikoak izaten ziren. Aldiz, Txillida ideia batekin hasten zen lanean, eta amaitu arte ez zuen aurkitzen zer egin nahi zuen; ez zuen esperimentatzen, aurrera egiten zuen, azken helburua argi izan gabe, eta, horregatik, haren piezak monumentalagoak izaten ziren». Izenburuak jartzen ere oso desberdinak zirela gehitu du komisarioak; ia zientifikoak ziren Oteizarenak —Positibo-negatibo unitate lauzko eraikuntza hutsa, Espazio definitu baten ordenazioa/Kontrol hiperespaziala... — , eta kutsu erromantikokoak Txillidarenak —Haizearen orrazia, Amets ingudea...—.

Erakusketaren osagarri, bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak eta beste jarduera batzuk izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.