Osagarri orotarikoz beteriko eltzea izan zen Durangoko Azoka asteartean. Atzo eltzea ez zen irakiten jarri, baina egunero-egunero huts egiten ez duen lapikoa Ahotsenea da, azokaren alboan, karpa zuri baten azpian, egunero-egunero egosten dira hitzez eta musikaz osaturiko jakiak han. Azokaren, merkatuaren, osagarri ez ezik, sorkuntza eta adierazgune bizi-bizi bihurtu da azken urteotan Ahotsenea.
Proposamen orotariko eta biziak aterpetu zituen atzo ere karpa txikiak. Oraindik ere, itxuraz, kosta egiten da goizean kontzertuak entzutera joatea. Jendeari nagia eragiten dio. Ohitura kontuak. Halaber, orduaren aitzakiaz gain, garbi geratu zen atzo ere kosta egiten zaiola oraindik ere euskal entzuleari ezagun ez den musika proposamen batekiko interesa agertzea, musikaren deskubrimendua abenturatzat hartzea. Hamar pertsona baino gehiago ez ziren izango atzo Andoni Arcilla Group Iruñeko taldearen emanaldian, eguerdia baino ordubete lehenago. Joan ez ziren guztiek proposamen ausart eta interesgarri bat galdu zuten.
Jazza du hizkuntza nagusi Andoni Arcilla Groupek, baina ez dio muzin egiten poparen edota funkaren zenbait keinuri. Andoni Arcillak ( teklatua eta ahotsa) gidatzen du taldea, gurean gutxitan entzun litekeen ahots gaitasunarekin, eta bateria, kontrabaxu eta gitarra jotzaile trebe bat lagun izanik jazz erritmikodun lau pieza sotilekin egin zioten oles Durangori. Pieza batean tronpeta jotzailearen laguntza ere izan zuten. Atzo jotako kantuen hitzak Hedoi Etxarte, Koldo Izagirre edota Anjel Errorenak izan ziren. Talde interesgarria da oso, aurrerantzean jarraitzea mereziko duena. Gaztelupeko Hotsak-en Errabal azpi-zigiluarekin kaleratu berri dute Anjel Erroren Hilkorra ez banintz hitzetik abiatutako kantuaren izenburua hartzen duen lehen lana.
Ahotsenea bi zatitan banaturik dago: batean, literaturarekin loturiko solasaldiak eta aurkezpenak egiten dira; bestean, zuzeneko musika emanaldiak. Ausardiarekin eta dotoreziarekin loturikoak izan ziren goizeko emanaldiak batik bat. Ausarta eta dotorea izan zen Miriam Luki kazetari eta idazleak eta Concetta Probanza artistak elkarrekin aurkezturiko marrazki, poesia eta antzerki inprobisatuzko emanaldia. Lukik galderaz beteriko kapela bat eskaintzen zien oholtzaren azpiko ikus-entzuleei. Haiek papertxo bat aukeratu eta galdera ozen irakurtzen zuten. Ondoren galdera horri erantzun poetiko moduko bat ematen zion Lukik, Probanzak ordenagailuaren bitartez marrazki bat inprobisatzen zuen bitartean. Zer da maitasuna? izan zen lehen galdera. Patti Smithen Because the Night kantuarekin etorri ziren bai Lukiren erantzun poesiazkoa bai Probanzaren marrazki bidezkoa. Zer da euskara?, Zer da boterea? eta Non dago unibertsoa? izan ziren publikoak azaleraturiko beste galderetako batzuk. Orduerdiko saioan, makina bat galdera, esan iradokitzaile eta irudi eder jaurti zituzten biek ala biek.
Goizeko emanaldirik jendetsuena Antton taldearena izan zen. Kantariaren izena hartu du Elorrioko taldeak, eta izen bereko diskoa kaleratu du aurten Baga-Biga zigiluarekin. Taldeko kideetako bi Lor taldean ibilitakoak dira, eta nabari zaio talde berriari ere oholtza gaineko eskarmentua. Gitarra akustikoaren laguntzaz markatzen ditu tempo eta erritmo nagusiak Antton kantariak, eta kanturik gehienetan intentsitateak gorantz egiten du, gitarra elektriko ñabardura zale, eta baxu zein bateria indartsuz osaturiko sekzio erritmikoari esker. Pop-rock ingelesaren oihartzunak nabariak dira Anttonen proposamenean, eta U2, Coldplay eta Ken Zazpiren arrastoak igartzen zaizkio. Gainera, teklatuaren erabilpenak argi uzten du Euskal Herrian ugalduz doala musika instrumentu hori erabiltzeko joera. Karpapean bildutako gazte jende andanaren aurpegietan sumatzen zen barrura iritsi zitzaizkiela Anttonen kantuak. Jarraitzaileak batuko ditu aurrerantzean ere Anttonek.
Goizeko emanaldiak ez ziren bereziki jendetsuak izan, bai ordea ausart eta sotilak. Arratsaldean, azoka nagusiaren modu bertsuan, in crescendo joan zen Ahotseneako giroa eta jendetasuna. Besteak beste, Xabier Subeletek, Lisabok, Jupiter Jonek eta Fito Rodriguezek euren lanak aurkeztu zituzten. Rafa Ruedarena izan zen arratsaldeko lehen zuzenekoa. Bere gitarraz eta akordeoi jotzailearen laguntzaz aletu zituen Enaren geometria (autoekoizpena) disko berriko hiruzpalau pieza, leuntasunez eta pop melodietarako sentiberatasunez, geroz eta epelago zegoen aretoan.
Rafa Ruedaren atzetik aritu zen Berri Txarrak hirukoa. Hark adina jende biltzen duenik apenas dagoen egun Euskal Herrian, eta Ahotsenea ez zen izan horretan salbuespen. Aretoa oso-osorik bete zen. Gazte jendea zen nagusi, eta horietako zenbait ate sarreran geratu ziren hormetako batean zintzilikaturiko pantailan ikusi zutelarik kontzertua.
Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), David Gonzalez (baxua) eta Galder Izagirre (bateria) aurkezpen solasaldi bat egitekoak ziren hasieran, baina azkenean Ahotseneako antolatzaileek lortu zuten emanalditxo bat egin zezaten. Modu erdi akustikoan jo zituzten Harian lan berriko kantuak, bere berea duten gitarren distortsiorik gabe. Horrek apur bat makaldu egin zuen hirukoaren proposamen indartsua. Bateriaren soinua gehiegi nabarmendu zen, eta gozamena ez zen erabatekoa izan. Gorka Urbizuk berak adierazi zuen umiltasun handiz: «Distortsiora ohituta gaude, badakizue zaratak babes moduko bat ematen du, eta ez gaude ohituta zaratarik gabe jotzera, baina hemen gaude». Edonola ere, disko berriko hainbat kantuk duten potentzialitatea erakutsi zuen Berri Txarrak-en emanaldiak. Indar, oihartzun eta ñabardura ederrez jositako kantuak dira, besteak beste, atzo jotako Non bestela?, Makuluak eta Harian.
Su Ta Gar taldearen eta Nevermind Peoplen emanaldiek itxi zuten atzo Ahotsenea, azoka nagusian Txirri, Mirri eta Txiribiton batera eta bestera zebiltzan bitartean, eta Lisabo Plateruenan soinu probak egiten ari zen bitartean. Aniztasun faltagatik ez da izango...
Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka
Ausardia eta jendetasuna
Era guztietako musika proposamenek dute lekua Ahotsenean, sonari eta oihartzunari erreparatu gabeAndoni Ercilla Groupen jazza nabarmendu zen goizean, eta Berri Txarrak arratsean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu