Kritika. Musika

Autokonplazentziarik ez

high 33764 34 TWITER maketa
Andoni Tolosa.
2025eko maiatzaren 25a
04:40
Entzun 00:00:0000:00:00

XAK

'Xak'
Argitalpena: Egilea editore.

Zergatik izan behar dute, beti, melodiek folkaren edo poparen kontua? Behin baino gehiagotan irakurri dut Paxkal Irigoienen kantu berri hauen inguruan folka eta popa nahasten dituela egileak, eta ez dakit oso ados nagoen, entzun ahala gero eta pop gutxiago sumatzen baitiet, hori bai, melodiaz gainezka datozen kantuoi. Melodia ez oso linealak (errazak) baina ezta bihurriegiak ere, apur bat naif-ak (folkari dagokion moduan), bareak baina ez geldoegiak. Gozotasuna darie aire hauei, intentsitate handikoa, eta, era berean, ekaitz baten promesa ere bai. Noiznahi leher daitekeen ekaitza, agian, beste nonbait. Azpiko geruzaren batean erne dagoen lehoiaren orro gozoa, baina orroa edozein modura. Horregatik, iruditzen zait rocketik hurbilago daudela Xak osatzen duten kantuok popetik baino. Besteak beste, Izar bat kantuaren sarrerak Bob Moulden Heartbreak a Stranger kantuaren giroa ekarri didalako gogora.

Baxenabartar musikariak behin baino gehiagotan erakutsi du bere ezinegon sortzailea; adibidez, askotariko generoak jorratzeko. Esku artean ibili dituen (darabiltzan) hamaika proiektu eta taldeekin erakutsi du, baina, batez ere, bakarka kaleratu dituen aurreko bi lanetan definitu du bere bidea; Kontsumo produkto (2017) eta Artha (2018). Rockak eta zaratak (nagusi lehenengoan) bidea irekitzen diete ambient giroei bigarren erabat instrumentalean, eta urtebeteren aldea baino ez dago bien artean. Horrek erakuts dezake Paxkal Irigoienen nortasun musikal askotariko baina era berean pertsonalaren tamaina. Horregatik, haren ibilbidean  erabat koherentea da zazpi urte geroago kaleratu duen Xak intimista eta folk hau. Aurretik aipatutako guztiaren zertxobait bada bertan.

Oso geruza musikal oinarrizkoa dute kantuok, gitarra akustiko eta elektrikoen arpegio errepikakorrak, giroa marrazten duten pianoak, baxu lodiak, bateria eta zarataren bat edo beste. Giro akustikoa da nagusi, baina horrek, mugatu beharrean, areagotu egiten du kantuek intentsitatearekin duten etengabeko tirabira; gozo hasi, gero gora egiteko, ez gehiegi, ondoren berriro baretzeko. Izar bat eta Etxea dira joera horren adibiderik garbienak. Meteoaz izan daiteke ohiko balada baten antz handiena duen kantua, baina erritmo eta melodia bihurriak ditu. Errekan kantuaren lelo argitsuak baxu eta bateria joko obsesiboari irekitzen dio atea. Arrailduretan da diskoko lehena, eta hau izango da denetan folk musikatik hurbilen dagoena, baina beste guztietan bezala, bada azalaren azpiko zerbait, ezinegon moduko bat. Ederra benetan lelo hori. Ez, melodiek ez dute zertan beti autokonplazentziazkoak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.