Autokritika kolektiboa

Nafarroako arte 'ekosistemari' buruzko autokritika egitera gonbidatu ditu 58 artista Arte Garaikidea Nafarroa plataformakLizarrako Gustavo de Maeztu museoan eta Interneten jarri dituzte ikusgai lan guztiak

Mikel Cabrerizo, Pedro Marco eta Nerea de Diego artistak, Lizarran irekitako Cero erakusketan. IÑIGO URIZ / ARP.
Inigo Astiz
Lizarra
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ironiarik ez du falta, eta zorroztasunik ere ez. Nafarroako artearen ekosistema aztertzera gonbidatu zituzten artistak Arte Garaikidea Nafarroa plataformako kideek. Artearen bidez, arteari buruzko beren iritzia ematera. Hori zen gaia, eta argiak mugak: Din A-4 formatukoak izan behar zuten piezek, txuri-beltzekoak. Fotokopiatzeko modukoak. Zifra borobila zuen erakusketa antolatzeko aurrekontuak ere: zero eurokoa. 58 sortzailek erantzun diote plataformaren deialdiari, eta Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan (Nafarroa) jarri dituzte orain ikusgai piezak, Cero izeneko erakusketan, irailaren 4ra arte. Eta blog batean ere jarri dituzte ekarpenak, www.cerolaplataformadearte.com orrialdean.

«Autokritika ariketa bat da erakusketa», Mikel Cabrerizo plataformako kide eta artistaren hitzetan, eta Pedro Marcok laguntzen du kritika horren argazki orokorra egiten: «Atzean gelditzen ari gara». Hori da, haren ustez, Cero proiektuan parte hartu duten 58 artisten lanetan ikus daitekeen diagnosia. Eta autokritika da aurrera egiteko bideetariko bat. «Arte munduan gabiltzan guztiona da erantzukizuna. Baita artistona ere. Orain arte oso sakabanatuta aritu baikara». Proiektu kolektiboa ere bada, horregatik, erakusketa, eta Cero sinadurapean ageri dira lan guztiak.

Artistek zuzendutako arte laborategi bat sortzea da Arte Garaikidea Nafarroa plataformaren helburua, taldeko kide den Nerea de Diego artistaren hitzetan, eta bide horretan eginiko urrats bat ere bada Cero. «Esperimentatzeko, elkarrekin lan egiteko eta arteaz bestelako diziplinetako jendearekin aritu ahal izateko gune bat behar dugu». Horrek behar luke lehen urratsa artistaren ustez. «Publikoak urrun sentitzen du artea, eta arte garaikidea, bereziki. Oinarrietatik hasi behar da lanean. Arte laborategi bat sortzea izan liteke giltza. Inguruko hiriek badituzte halakoak, eta hemen atzean gelditzen ari gara». Leku finkorik ez dute oraingoz laborategiarentzat, ordea, eta «modu abstraktuan» dabiltza horregatik orain asmo hori lantzen. Interneten laguntzaz. Hala aritu dira Cero erakusketarekin.

Kritikoak dira artisten lanak. Zorrotzak eta ironikoa da arte sistemaz egiten duten argazkia. Beren burua lanerako eskaintzen du haietariko batean artistak: «Pintore profesionala», dio kalean ikusten diren kartel horien itxura duen fotokopietako batek. «Prezio merkeak!! Aurrekontuak, konpromisorik gabe. Espezialitateak: inpresionismoa, kubismoa, fauvismoa, konstruktibismoa, art brut...». Ez hori bakarrik: «Happening eta performanceak ere egiten ditut, enkarguz».

Azken urteetan Iruñean itxi diren arte aretoen argazkiak egin ditu beste artista batek arte sistemaren egungo egoera deskribatzeko. Ateak itxita ageri dira Mayako Gazteluan zegoen erakusketa aretoa, Iruñeko Arte Eskolakoa eta UPNAk Karlos III.ean zegoena. Hesia botata: abandonatuta. Utzita. Uharteko Arte Garaikideko zentroa ere ageri dute beste batzuek. Hala dio lan horietako batek, museoaren irudi kubikoari keinu eginez: «Hainda karratua... artea sartu eta Aatera ahal izateko zirrikiturik batere gabea».

Oteizari tiroka

Bada lan ikonoklastarik ere. Oteizak eginiko buru famatuetariko bat ageri du haietako batek, adibidez, baina gainean pistolarekin tiro praktikak egin ahal izateko diana bat duela. Komiki ixura du beste batek, eta Oteiza ageri da hor ere, marmar batean, Arte Garaikidea Nafarroa plataformaren ekimena «porrot politiko-kulturala» dela esanez. Juan Ramon Corpas Nafarroako Kultur kontseilaria ageri du azken biñetak, helikopteroan, Oteiza museoaren gainean, artistari gobernuaren Arte Garaikideko Plana azaldu nahi diola esanez. «Utz nazazu bakean», erantzuten dio oriotarrak, «bakarrik egon nahi dut!».

Jarduera artistikoak dituen zailtasunez ari dira beste batzuk. Sorkuntzaren mugez. Ekonomiaz. «Nik bertikala, handia eta koloretsua izan nahi nuen», dio fotokopietako batek. Ezin, ordea, eta txuri-betzeko Din A-4 horizontal batean ageri da mezua. Zorrotz, ironiko. Umore beltzeko, eta zurikeriarik gabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.