Autorretratu politiko bat

Oroitzapen pertsonalak eta historikoak uztartu ditu Juan Arrosagaraik BilboArten jarri duen erakusketan

Juan Arrosagarai artista Bilbo Arteko erakusketan. J. ARROSAGARAI.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Hamaika urte zituen, eta etxeko egongelan zegoen Juan Arrosagarai artista 1978ko uztailaren 8an, Iruñean. Poliziak German Rodriguez hil zuen hiri eta garai berean. Eta uztartu egin ditu,horregatik, oroitzapen pertsonalak eta gertaera historikoak. Irratian gogoratzen du aitona, poliziak esaten zuenari adi. Eta gizon hori deskribatzen du Arrosagaraik: «Nire aitonak (etxean aitonatxo deitzen genuen) Francoren aldekoekin izan zen gerran, baina beti zehaztu zuen anbulantzia gidari gisa izan zela. Oporretan eramaten gintuenean, batzuetan, ezagutu zituen guda zelai horietakoren bat pasatu eta negarrez hasten zen. Negar egiten ikusi nuen lehen gizona izan zen, eta nik beti miretsi nuen horregatik».

Batera doaz memoria historikoa eta etxeko memoriak. Eta halako beste sei pasartek osatzen dute Argi eta garbi erakusketa. «Nolabait ere, Autorretratu politiko bat da», dio artistak. BilboArten izango da ikusgai pieza ostegunera arte.

Ikus-entzunezko sei piezak osatzen dute bilduma. Zazpi atalek, baina azken piezarekin batera hartara heltzeko egindako lana ere erakutsi nahi izan du sortzaileak. Bideo bakoitza erakusten duen telebistarekin batera, zirriborroak, storyboard-ak, dokumentazio lana ere ikus daitezke lantoki itxura duten mahai batzuen gainean. Bana, oroitzapen pertsonal eta pasarte istorio bakoitzeko, eta beste bat blogarentzat (http://blancoyenbotella-juan.blogspot.com.es).

Historia eta oroitzapen nahasketa bat da erakusketa, urratsez urrats. ETAk zabor poltsetan jarritako bonbek hildako haurrez mintzo da bigarren kapitulua. Poliziak taberna batean egindako oldarraldi batez hirugarrena. Bilbon atxilotutako lagunaz laugarrena. Eta Euskal Herria uztean izan zituen gogoetez bosgarrena.

Beste bi atal gehiago gehitu nahi dizkio piezari, eta atalak gehituz joan ahala joango da erakusketa osatzen ere. Gasteizen izango da datorren urtean eta baita Marseillan ere. Burutan darabiltza hurrengo kapituluak, eta bere hamaika urteko semearen hitzekin amaituko du pieza, agian. «Zabor poltsa bonben kontua benetakoa al zen galdetu zidan, eta ederra iruditu zitzaidan harridura. Polita da nik Germanen hilketa ezagutu nuen adin berean berak galdera hori egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.