LITERATURA

Auzi sozialaren kostu pertsonal izugarria

Iñigo Aranbarrik Esteban Alberdi azkoitiar langabearen istorio ekonomiko, sozial eta laborala kontatu du 'Apirila' (Susa) nobelan, horretarako bi plano erabilita: gaur egungo egoerarena, eta 1766ko apirilean Azkoitian emandako 'Gosearen matxinada' deituriko gertakizunena.

Aranbarri, gaurko aurkezpenean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2014ko apirilaren 11
10:42
Entzun

Langabezian dago Alberdi, eta familia ere aldentzen ari zaio. Etxetik kanpo bizi da, eta aztoratuta, durduzatuta dabil; hondoratzen ari da, finean. Gau batean kale bazter batean aurkituko dute, buruan kolpe handi bat duela. Ospitaleratuko dute, eta koma egoeran, hondoratze horretan, amets eldarnioan, bi mende eta erdi egingo ditu atzera. 1766ko apirilaren 14an matxinada bat piztuko da Azkotian. Jauntxoek gariaren eta artoaren prezioa garestitu dute, eta herritarrek lehengo salneurrian nahi dituzte, bestela ezin izango dituztelako ordaindu. Gose garai bat iragartzen zaienez, altxatu egingo dira. Sasoi hartan, eldarnioan, Alberdi barberoa da, eta Teresa emaztearekin bizi da —orainaldian ere Teresa du emazte—.

Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) gaur goizean egindako aurkezpenean adierazi duenez, egungo istorio bat da, "orain eta hemen gertatzen ari dena". Langabe baten drama da, eguneroko martxak eta ekonomiaren logikaren dolare horrek xehatzen duena, egilearen esanetan. Bi sasoien artean paralelismoak nabariak direla iruditzen zaio: "Bai gaur eta bai orduan ere ezagututako sistema ekonomikoa aldatzen ari da, eta jauzi horretan jende xehea da dolareak txikitzen duena". Libertate ekonomikoak ez baitu zerikusirik jendearen askatasunarekin, Aranbarriren iritziz. Idazleak esan du  produktu batetik bestera egiteko libertatea badagoela, baina jendeak ez duela askatasunik toki batetik bestera joateko, eta epopeia bati ekin behar dio ametsaren atzetik abiatzeko. "Historia jendearen kontura pagatzen ari gara, eta eromen horrek, auzi sozialak, kostu pertsonal izugarria dakar". Pentsatzen baitu bai orduan, 1766an, eta baita gaur ere oinarrizko balio batzuengatik borrokatzen direla pertsonak.

Bi planoen, bi garaien arteko loturak egiteak, identifikazio posibleak ikusteak, kendu dio loa, eta jolas literario hori konpentsatzeko ahaleginak sortu dio kezka gehien.

Laugarren nobela du Aranbarrik, Emon bihar yako (1994), Zulo bat uretan (2009) eta Zamaontzia-ren (2011) ondoren. Laurak Susarekin kaleratu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.