Gustura eta eroso mugitzen da Jon Arretxe eleberri beltzaren eremuetan. Giro horretan kokatu zituen Xahmaran (2009) eta Tangerko ametsak (2011) nobelak, eta beltzaren esparrukoak dira 2012an 19 kamera lanarekin Toure pertsonaiari buruz hasitako serieko eleberriak ere. Sail horretako bosgarrena da Sator Lokatzak —612 euro (2013), Hutsaren itzalak (2014) eta Estolda jolasak lanek osatzen dute pentalogia— eta aurreko guztiak bezala, Ereinek argitaratu du.
Pertsonaia bat eta haren ingurune fisikoa. Bi elementu horiek ardazten dituzte Toure etorkin txiro, pikaro eta gizajoaren istorioak. Bilboko San Frantzisko auzoa, «Afrika txikia» Arretxeren hitzetan, du bizileku eta ibileren paisaia, eta horko kale eta kalezuloen artean egin beharko die aurrean aurkituko dituen arazo guztiei. Baina auzoak ere izan du bere bilakaera 19 kamera-rekin estreinatu zenetik. «San Frantzisko garai batean izan zen kabaret giroko auzo alai bat; gero 1980ko hamarkadan heroina sartu zen, ondoren etorkin txiroak iritsi ziren, etaorain, berriz, nolabaiteko gentrifikazioa ari da gertatzen. Batik bat auzoaren beheko partea, modernoz eta hipsterrez betetzen hasi da. Baina beste aldean bizimodu eskasa duten afrikar, asiar eta hego amerikarrak daude. Koktel berezia da benetan».
Alde batean, auzoa. Eta beste aldean, edo barruan zehazki esanda, Toure. Estolda jolasak aurreko nobelan bere jaioterrira bueltan kokatu zuen Arretxek detektibea, baina Bilbon da orain. Eta hark ere izan du bere bilakaera. Etorkin txiro eta gizajoa zenaigarlearena egiten hasi zen 19 kamera lanean, eta denetarik egin behar izan du ondorengo lanetan: gigolo izan da, zezensuzkoa eraman du...eta Sator lokatzak-en Poliziaren salatari bilakatuta aurkituko du irakurleak. «Hiltzaile ere bihurtuko da», aitortu du egileak, jakinarazpen horrekin ez duela inolako ezustekorik aurreratzen gehituta: «Hasieran gertatzen da!».
Poliziak harrapatuta bizi da Toure, eta antzera daude bere lagunak, Osman pisukidea, Xihab... «Gogoz kontra harrapatuta daude eta uztarri horretatik askatzen saiatuko dira».Eta hala ere, nobela berrian saiatu da berreskuratzen Toureren lehen lanek zuten umore ukitua. «Poliki-poliki, gogortuz joan dira eleberriak, gordinagoak bilakatuz, eta oraingoan nahi nuen umore puntu handiago bat».
Auzoaren ezagutzatik
Badaki zertaz hitz egiten duen Arretxek, ez alferrik San Frantziskon bertan idazten ditu Toure pertsonaia nagusi duten eleberriak. «Auzoak berak nobela erdia idatzi dit», aitortu du idazleak: «Pisuan bertan eta liburutegian idazten dut, eta azken horretan bertan ikusi nuen liburuaren abiapuntua bera dena». Magrebtar bat ikusi zuen Estatu Islamikoaren inguruko informazioari begira ordenagailuan eta hortik abiatzen da istorioa. «Baina liburutegian denetarik izaten da: flamenkoa izugarri maite duen junkie bat, garai batean bahitu, bortxatu eta drogak hartzera derrigortu zuten prostituta brasildar gazte bat, burua galdua duena; etxegabeei janaria banatu eta gurdi handi batekin mugitzen den emakume bat... eguneroko ogia dira ingurune horretan». Halakoak baliatzen ditu bere eleberrietan; baina, gainera, errealitateak fikzioa gainditzen duela dioen topikoa egia dela uste du Arretxek. «Han gertatzen diren gauza batzuk sinesgaitzak dira, eta ezin izaten ditut sartu».
Toure maite du idazleak, eta irakurleek ere estimua diotela iritzi dio. Detektibe bat asmatu behar izan zuenean, izkin egin nahi izan zion polizia ohi alkoholzale eta bakartiaren klixeari, «zerbait ezberdina» egin nahi zuelako, eta pozik da izan duen oihartzunarekin. «Etorkina da, prekaritatean bizi dena, eta maitagarri bilakatzen da, nahiz eta ez izan, inondik ere, perfektua». Irakurleekin harreman zuzena du Arretxek, eta aitortu du behin baino gehiagotan errieta egin diotela, «Toure gehiegi sufriarazteagatik». Haren ustez, samurtasuna eragiten du Tourek, «ahula delako hemengo errealitatearen barruan».
Sator lokatzak Toureri buruzko eleberri sortako azkena izango da oraingoz eta beste proiektu bati ekiteko gogoz dago Arretxe. Nobela beltzaren eremuan nolanahi ere. «Oso gustura sentitzen naiz mundu horretan. Irakurleak nahiz idazleak jende normala dira, eta eroso nago hor, literaturan ez baita hain ohikoa hori».
Auzoak idatzitako errealitatea
Jon Arretxek 'Sator lokatzak' nobelarekin itxi du, oraingoz, Toure detektibea protagonista duen pentalogia. Bilboko San Frantzisko auzoan kokatu du, ostera ere, eleberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu