Axraf Fayadhen alde, irakurraldiak izango dira gaur Donostia eta Iruñean

Saudi Arabiak heriotzara zigortu du poeta palestinarra, apostasia bultzatu izana leporatuta

Axraf Fayadhen askatasunaren aldeko mobilizazio bat, Erresuma Batuan. Gaur, herrialdez herrialde egingo dira protestak. BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mundu osoko idazle, irakurle eta PEN klubek deituta, Axraf Fayadh idazle palestinarrari elkartasuna adierazteko ekitaldiak izango dira gaur 29 herrialdetan. Euskal Herria ere batuko da protestara, eta irakurraldiak izango dira zenbait liburu dendatan: Donostiako Garoan, 19:00etan, eta Iruñeko Katakraken, 19:30ean.

Gainerako herrialdeetan bezala, Fayadhen egoera salatuko daDonostia eta Iruñeko saioetan ere: Saudi Arabiak heriotzara zigortu du jatorri palestinarreko poeta, Argibideak barruan liburuan apostasia krimena egin izana leporatuta. Nazioarteko PEN klubak ohar batean azaldu duenez, «ateismoa sustatzeaz eta irainak zabaltzeaz akusatu» du Saudi Arabiak idazlea. Fayahdek, edonola, ukatu egin ditu akusazioak, eta bere obraren defentsa egin: «Niri buruzkoak dira [poemak], errefuxiatu palestinarra naizen heinean, eta kulturarekin eta filosofiarekin lotutako gaiei buruzkoak. Erlijioaren estremistek, ordea, Jainkoaren aurkako ideia suntsitzailetzat jo dituzte».

2013ko abuztuan atxilotu zuten Fayadh Saudi Arabiako segurtasun indarrek, hainbat iturrik dioenez, irakurle batek poetaren lanaren ustezko apostasia salatu ondoren. Abokatu bat izateko eskubidea ukatu zioten hasieran idazleari, orain gutxira arte. Lehen epaiketan, lau urteko espetxealdira eta 800 zigorrada jasotzera zigortu zuten Fayadh. Fiskalak, ordea, helegitea jarri zion erabakiari, eta bigarren epaiketan, heriotzara zigortu zuen justiziak poeta gaztea.

Prozesua hasi zenetik, nazioarteko idazle askoren erantzuna jaso du Saudi Arabiaren erabakiak. Nazioarteko PEN Klubak Ekialde Hurbileko monarkia salatu du, «giza eskubideak ukatzen dituen erreinua» delako, bertako «legeak adierazpen askatasunaren erabat aurkakoak» direlako, eta «erregimenak eta poliziek erabateko boterea» dutelako. Gainera, mendebaldeko potentzien jarrera ere kritikatu du idazleen elkarteak: «Mendebaldeko agintariek Estatu Islamikoaren aurka erakutsi duten suminduraren erdian, gerraren erretorikan eta erantzunen erretolikan, ez dute hitz bakar bat bera esan Estatu Islamikoak islama ulertzeko duen modu anker eta itxi horretan Saudi Arabiak duen erantzukizunaren inguruan». Era berean, AEBetako eta Erresuma Batuko gobernuak interpelatu dituzte, Saudi Arabiari presioa egin diezaioten.

Joan den irailean, Berlingo Nazioarteko Literatura Jaialdiaren testuingurua baliatuz, Fayahden egoeraren salaketan urrats berri bat egin zuen nazioarteko PEN klubak, gaurko egunez mundu osoan irakurraldiak egitera deituz. Dagoeneko, idazle ugarik adierazi dute haien atxikimendua. Besteak beste, Herta Mueller, Orhan Pamuk eta Wole Soyinka Literatura Nobel saridunak dira egitasmoarekin bat egin duten idazleetako batzuk.

Euskal Herriaren ekarpena

Euskal PEN klubak bat egin du nazioarteko deialdiarekin, eta Euskal Herrira ere ekarri du protesta, Urtzi Urrutikoetxea lehendakariak azaldu duenez. Hala, irakurraldia antolatu dute Donostiako Garoa liburu dendan. Azaldu duenez, Katakrakekoa ez da zuzenean PEN klubaren ekinaldia izan, baina «pozarren» agertu da Iruñeko dendak ere deialdiarekin bat egin duelako. Urrutikoetxearen esanean, Euskal PEN klubak «nazioartean egiten du lan handiena, nagusiki Euskal Herriko kultura nazioarteko foroetara eramanez». Oraingoan, ordea, bueltako lana egin dute, «kanpokoa gurera ekarriz».

Azaldu duenez, PEN klubak orokorrean dituen «oinarriak» izango dira ere gaurko ekitaldietan zabalduko direnak, «adierazpen askatasuna bultzatzeko eta egoera zehatz hau salatzeko». Eta gaineratu du: «Ez dugu onartzen hitza darabilen edozeinen pertsona zigortzea, eta are gutxiago hiltzea».

Katakraken eta Garoan, bietan izango dira antzeko ekitaldiak. Fayadhen egoera azaldu, eta haren poemak irakurriko dira, euskarara itzuliak, beste hainbat poeten testuekin batera. Donostian, besteak beste, Yoseba Peñak, Danele Sarriugartek, Laura Mintegik, Mikel Babianok eta Urrutikoetxeak berak parte hartuko dute, eta baita Lou Topet taldeak ere. Irakurraldi «xumeak» izango dira, Urrutikoetxeak dioenez; «pretentsio handirik gabekoak, gure ekarpena egitea besterik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.