“Abandonatuegia” dago, Blanca Urgell filologo eta EHUko irakaslearen iritziz, Pedro Agerre Axular-en Gero liburua. “Euskal klasikoetan klasikoena” denak, 1643an Urdazubiko idazleak argitaratutako horrek, ez du jaso “behar besteko arreta kritikoa”, 1976an Luis Villasante euskaltzainbura zenak azken aldiz argitaratu zuenetik. Irakurleaz mintzo da Urgell, baina filologo eta ikerlariez batez ere. Lanaren ikerketa alde batera utzi dela uste du. Horregatik, “berrogei urteko utzikeria filologikoari” konponbidea jartzeko, edizio kritiko berria argitaratu du Urgellek, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren ekimenez. Bi instituzioek hauspotutako Mendaur bilduman argitaratu dute lana; bildumaren seigarren alea izango da.
Axularren klasikoaren seigarren edizioa da Urgellek aurkeztutakoa. Azaldu duenez, “goitik behera berrikusitako testua” da gaur publiko egin dena, orain arteko “edizio guztiak zipriztintzen dituzten akatsetatik garbitua”. Lan horretarako, “testua osoki erkatu du” Urgellek, “hitzez hitz”, liburuaren jatorrizko aleetako batekin, eta “pasarte ilun edo zalantzazkoetan” baita Manuel Lekuonak eta Villasantek egindako edizioekin ere. Helburua, “testu fidagarriago bat eskaintzeaz gainera, Axularri buruzko ikerketa abandonatuegia berpizteko akuilua izatea” da, Urgellen hitzetan. Edonola, “ororen gainetik” irakurlearengan jarri du interesa filologoak. Azaldu duenez, irakurlea “Axularren idazlan bikaina zabaldu eta bere burua haren sarean harrapatzen uztea” da lana egiterakoan izandako xedea.
Lankidetzaren ondorio
Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren ondorio da gaur aurkeztutako liburua. Hain zuzen ere, 2015rako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Iruñean bi aldeek, eta ekitaldia baliatu dute Urgellen lana aurkezteko. Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren presentzian, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileek sinatu dute lankidetzarako ituna. Hitzarmenaren ondorioz, 80.000 euroko laguntza emango dio aurten Nafarroako Gobernuak akademiari, hainbat lan egin ahal izateko. Bi aldeek nabarmendu dute akordioaren garrantzia.