«Azal berri bat» Kursaalari

Playmodes kolektiboaren 'Gradients' obra proiektatuko dute Kursaaleko fatxadan asteburuan

Playmodes kolektiboaren Grandients obraren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaal auditoriumean. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Herritarrak arte galerietara gerturatzeko» asmoz, Irekiak Gallery Weekend jardunaldia antolatu dute, hirugarren urtez, Donostiako Kursaal eta Tabakalera espazioek. Erakusketa denboraldia irekitzeaz gain, bisita gidatuak eta tailerrak antolatu dituzte Donostiako zenbait arte galeriak, gaurtik hasi eta igandera bitartean. Kursaal auditoriumeko fatxada izango da jardunaldien erakusleihoetako bat. Izan ere, Playmodes kolektibo artistikoak sortutako Gradients ikus-entzunezko obra proiektatuko dute egunero, jardunaldiak iraun bitartean, 20:30etik 22:00etara.

Irma Vila i Odena ikertzaileak egin ditu lanaren komisariotza lanak, eta, azaldu duenez, «Kursaaleko kuboetarako propio egindako obra bat» da Gradients. Are, haren hitzetan, «ez luke inolako zentzurik izango beste leku batean proiektatuta». Hala eman ditu lanaren gaineko xehetasunak: «Eraikinaren mugen eta bolumetriaren pertzepzio metamorfosi bat bilatu nahi izan du Playmodesek.Rafael Moneok egindako eraikinarekin ikus-entzunezko elkarrizketa minimalista bat izatea proposatzen du, eta, modu horretan, haren lanaren soiltasun materiala, kromatikoa eta geometrikoa nabarmenduko du».

30 minutuko proiekzio bat da Gradients, eta, beraz, egunean hiru aldiz ikusteko aukera izango da. «Horrek modua ematen die ikusleei lana argi desberdinekin ikusteko: arratsaldeko argiarekin eta iluntzeko argiarekin», zehaztu du komisarioak. «Bi une horietan joatera gonbidatu nahi dugu jendea, nork bere interpretazioa eman diezaion».

Playmodes kolektiboko kide Santi Vilanovak kontatu duenez, Moneoren arkitekturaren «zale amorratua» da taldea. Hala definitu du eskultorearen lana: «Moneok ez zuen ezer alferrik egiten. Oso arkitektura arrazionalista da harena». Hain zuzen ere, Gradients lanarekin hasi orduko ohartu ziren horretaz: «Lan hau egin ahal izateko, haren arkitektura aztertzen hasi ginen aurrena, eta berehala ohartu ginen zer mania zituen hark». Arkitektoaren teknika aztertu ondotik, Kursaaleko fatxadara egokitu zuen obra kolektiboak. «Ez dugu mihise soil gisa erabili kuboaren horma. Gure helburua zen proiekzioarekin soilik horma hori eraldatzea eta, hartara, Gradients eta Moneo parez pare jartzea».

Eraldaketa hori, baina, ez zuten edonola egin nahi izan. Moneoren teknika arrazionaletik aldendu gabe jardun nahi zuten. Logika horrekin jarraitzeko, logaritmoez eta matematikez baliatu zen kolektiboa. «Horrela gerturatu dugu gure lana Moneoren teknikara, etengabeko planteamendu arrazional baten bila». Zertan datza, baina, proiekzioa? Vilanova: «Irudi sinplez osatutako proiekzio bat da, eta irudi sinple horiek kaos batera iristen direnean, desagertzen da kaosa. Horrela behin eta berriz». Metafora batez ilustratu du lana: «Azal berri bat jarriko dio obra honek Moneok sortu zuen eraikinari».

Artisau digitalen talde bat da Playmodes kolektiboa,eta ez da gisa horretako lan bat egiten duen lehen aldia. Izan ere, azken urteotan, hainbat herrialdetako eraikinetan aritu da horrelako proiektuak lantzen, hala nola New Yorken, Pragan, Madrilen, Sao Paulon (Brasil), Houstonen (AEB), Genevan (Suitza), Berlinen, Erroman eta Londresen.

Aurreko instalazioak

Medialab Tabakaleran garatu eta Kursaaleko fatxadan proiektatuko den bosgarren instalazioa da Gradients. 2021ean proiektatu zen lehen lana, Irekiak Gallery Weekend jardunaldien lehen aldian, hain zuzen: Jaime de los Rios artistaren Crimson Waves. Urte berean proiektatu zuten bigarrena: Denbora Latente, Karlos G. Liberalek eta Biko2 estudioak elkarlanean sortutako obra. Kursaaleko Gabonetako argiztapenaren elementu nagusia izan zen hura.

Iaz ere bi instalazio eman zituzten Kursaaleko horman; biak ala biak Alba G. Corral artistak egindakoak: Entremaliat, Irekiak egitasmoaren bigarren aldian, eta Estel, hiriko Gabonetako argiztapenetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.