Emankor sareak azken bost hamarkadetako Euskal Herriko musikagintzako disko esanguratsuen azalak bildu ditu liburu batean. Azaletatik Sustraietara izenburua du, eta irakurlea txundituko duen kolore biziz osatua dago. Liburua, baina, egitasmo zabalago baten parte ere bada, datorren urteko udaberrian erakusketa ibiltaria egingo baitute. Helburua ikastetxeetako ikasleek Euskal Herriko musikagintzaren historia hobeto ezagutzea da. Horrekin batera, eta proiektua bukatzeko, kontzertu bira bat izango da.
Liburu hau argitaratzeko ideia duela bi urte sortu zela esan du proiektuaren zuzendari Amets Rodriguezek: «Orain bi urte bururatu zitzaigun egitasmoa. Eta 2010. urtea borobila izateak motibazioa eman digu. Aurten, liburuaren zatia gauzatu dugu, eta 2012an erakusketa ibiltaria eta kontzertuak izango dira». Rodriguezez gain, Edorta Jimenez idazleak eta Alberto Bocosek egindako lana dira nabarmentzekoak. Aurrenekoak testuen ardura izan du; bigarrenak, berriz, koordinazioarena. Jimenez gehien harritu duen kontua da Euskal Herriko musikari erdaldunek euskarazko musikaz duten ezagutza. «Mikel Erentxun batek Laboa aipatzea, adibidez», dio idazleak. Horrek aurreiritzi asko ezabatzeko balio duela uste du. Hala ere, emakumeek Euskal Herriko musikagintzan izan duten parte hartzea txikia ere azpimarratu beharrekoa dela erantsi du.
Azaletatik Sustraietara bost hamarralditan egituratuta dago, 60ko hamarraldiarekin hasi eta XXI. mendeko lehenengoarekin bukatu arte. Garai bakoitzeko sarrera idazteko eginbeharra idazle batek izan du. Aurrenekoa, Jose Angel Irigaraik, eta ondorengoak Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribek, hurrenez hurren. Sarrera horiez gain, liburuan, musika arloko zenbait profesionalek eta kazetarik egindako iruzkinak daude, eta horietako batzuk barrea eragingo dute, Bocosek dioenez.
Guztira, 600 azal inguru bildu dituzte, Txomin Artolaren Belar hostoak, Su Ta Garren Jaiotze basatia, Berri Txarrak-en Payola eta Eskorbutoren Anti Todo, besteak beste. Baina arduradunek bost azal nabarmendu dituzte beste guztien gainetik: Hertzainak taldearen estreinako lan homonimoa, Laboaren Bat Hiru, La Polla Recordsen Salve, Cicatrizen Inadaptados eta RIPen No te Muevas.
Azal historikoak azalera
Azken mende erdiko musikagintzako diskorik aipagarrienak jaso ditu 'Azaletatik Sustraietara' liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu