Ez dira rastak, are, ateoak dira; asko jota, marihuana erretzen dute taldeko batzuek. Reggae kulturatik musika eta mezua hartu dituzte Glaukoma taldeko kideek, rapetik flow-a, eta dena nahasi dute taldearen izen bereko lehendabiziko diskoan. «Azal zuridun beltzak», hala deitzen diote beren buruari doinu beltzek harrapatutako «mendebaldeko euskaldunek». Bonberenea ekintzak zigilupean argitaratutako lan berrian raparen eta reggaeren arteko nahasketatik sortzen diren azpi-munduetan mugitzen dira, roots reggaean, dancehallean eta, batez ere, ragamuffinean. Halaber, tartekafunkerantz jotzen dute, eta akaso rock and rollaren arrastoren bat ere suma lezake inork.
Izan ere, Juantxo Arakama abeslariak dioenez, ez diote inolako legeri segitzen konposatzerakoan. «Kantu bakoitza abentura bat da. Batzuetan niri bururatzen zait letra, eta hortik abiatuta egiten dugu musika. Besteetan, lokalean erritmo batzuk sortu, mikrofono anbientalarekin grabatu, eta ondoren idazten ditut hitzak etxean. Denetarik dago». Oro har, musika oinarria rock talde baten berbera da, bi gitarraz, baxuaz eta bateriaz osatua. «Glaukoma Sound System ginen orain gutxira arte», dio Arakamak, «sound system tankerako apustua egiten genuelako, hain justu ere. Aurrez programatutako oinarri batzuen gainean letrak egiten nituen, eta hasieratik utzi nahi genuen argi zein zen gure rolloa». Diskoa grabatzean, ordea, izaera hori pixka bat galdu zutela iruditu zitzaienez, taldearen abizena ezabatu zuten, nahiz eta estilo berari fidel segitzen dioten.
Hitzak, ostera, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ditu Arakamak, guztiak nahasian, «entzuten dugun reggaeren %90a ingelesezkoa delako, 90eko hamarkadatik honako Espainiako rap gehiena irentsi dugulako, eta gure hizkuntza euskaraz delako eta natural ateratzen zaigulako». Eta hizkuntza nahasketa horretatik harrotasunezko hitzak sortzen ditu, rapean ohi den moduan, eta «ez harrokeriazkoak». Dioenez, panfletoak egitetik urruntzen saiatzen da, aldarrikapenei muzin egin gabe. «Kontua norbere bizitzako ikuspuntutik mintzatzea da. Kantu batzuetan gertatzen da ez dagoela kezka konkreturik, gai baten inguruan aritu beharrean asko nahasten ditut». Haizea aipatu du, konparazio modura. «Metaforikoki hasten da, piromanoei buruz eta abarrez. Benetan, ordea, Bonbero-ren ingurukoa da, nahiz eta aldarrikapen espliziturik ez den egiten». Ladies & Gentlemen bururatu zaio bigarren adibide modura: «Emakumearen egoerari buruz hitz egiten du. Bertan agertzen da emakume eta gizon prototipo jakin bat, egungo gizartea moldeatzen duten faktoreen nahi duten modukoa».
Diskoan, kontzienteki, keinu bat egin diote Joxe Ripiauren Kaiser Sose kantuari, Exotic firemen-en. Eragin askoz gehiago izan dituzte, ordea, Arakamak azaldu duenez: Bob Marley, Alborosie eta Bad Sound System, besteak beste.
Euskal raparen pizkundea
Arakamaren irudiko, posible da euskarazko rapa berpizkundea bizitzen aritzea, eta hori kulturarentzat oso aberasgarria delakoan dago, «hutsune handi bat betetzen» ari delako apurka. Hala ere, kuriosoa zaio puntan dabiltzan talde gehienak Barakaldo eta Bilbo ingurukoak izatea, euskararen erabilera «benetan txikia» den tokietakoa. «Erdarazko rapak indar handia dute gune horietan, eta agian hori da euskarazkoa ere indartsu jaiotzeko arrazoia, raparen faktorea jartzen dutelako hizkuntzaren aurretik».
Azal zuriko beltzen 'flow'-a
Glaukomak rap eta reggae doinuak errimaz jositako hitz biziekin nahasi ditu lehendabiziko diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu