Exnovios. 'Exnovios'

Azidotan bustia

Diskoetxea: Analog Love Records

2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruñeko lagun batek telefonoz bota berri dit: «Ezin gara kexatu, Iruñea bor-bor dago». Bada, erraz zerrenda daitezke soinu-eltze hori irakiten duten osagaiak, batzuk aipatzearren, Chin Chin diskoetxea, Color Hits estudioa, Daniel Uleciaren ekoizpenak, kontzertuak —iragan ekainaren 19an, Nebula tabernan, Kid Congo Powers (The Cramps…) eta Kim Salmonek (The Scientists…) Gun Club-en Jack on Fire jo zuten agertokian—, United Nation of Soul-Gautxoriak taldearen pintxadak eta, jakina, inguruko musikariek eratutako bandak, tartean, Columpio Asesino, Monte del Oso, Los Graves —iazko disko onenen artean sartu nuen horien estreinako lana—, edo lerrootara ekarri ditudan Exnovios.

Karatekas, Los Jambos, Muy Fellini eta Almanaque Zaragozano taldeetan aritutako musikariaren egitasmo berria da Exnovios, eta lan homonimo hau haien estreinako lan luzea. Aurretik, 2015ean, lau kantuko maketa bat plazaratu zuten. Lau bikotekide ohik formula jakin baten inguruan ardaztu dute talde berria: 1960ko urteetako pop melodiak gitarra distortsionatuekin eta mantra errepikakorrekin janztea, 1980ko hamarkadako erdialdetik Jesus and Mary Chain eta Galaxie 500 taldeek egin zuten lez. Putzu horretan bustita datoz, esaterako, Quizás (Spacemen 3-ren moldaketa) eta Si no me quieres.

Halere, bestelako eragin klasikoak ere nabaritzen dira, Kaliforniako psikodeliarenak, hain justu. Diskoa irekitzen duen Viajes de ida doinuko Rickenbacker gitarrek The Byrds-en oihartzunak haizatzen dituzte, baina Allah-Las talde garaikidea ere gogorarazten didate. Si no me quieres ere azidotan prestatu dute, baina pop zigilu nabarmenarekin, Ginkas (Chin Chin Records) taldeko Amaia Tirapuren koruak tarteko, —Ginkasen bertsio bat ere bildu dute: Vete si no bebes—.

Psikodeliaren itzala disko osoan nabaritzen den arren, hasieratik amaierara, lisergia hori sarritan garage-rock primitiboaz lagunduta dator. Odio eta Magia blanca (Delmonos taldearen moldaketa) garage kutsu horren erakusle dira, fuzz efektudun gitarra eta guzti.

Orain arte idatzitakoa irakurrita, entzuleak pentsa dezake collage antzeko disko nahaskor bat osatu dutela nafarrek: hamaika influentzia, hiru bertsio, Gabinete Caligari taldearen hitzak (Viaje al averno kantuko testuak espainiarren izenburu bereko hitzetan oinarritzen dira)... Baina ez da horrelakorik antzematen, grabazioak, bere aniztasunean, soinu trinko eta bateratua erakusten baitu, Dani Uleciak Color Hits estudioan egindako ekoizpen-lan ederrari esker.

Ahaztu baino lehen, diskoa Zaragoza hiriko Analog Love Records diskoetxearen bidez argitaratu dute iruindarrek, eta lehenbailehen eskuratu beharko zenukete, 60'punk tankerako gitarra kiriotsuekin jositako espiral hipnotiko eta erakargarria baita. Amaitzeko, diskoaren azala azpimarratu behar dut, aurten ikusi dudan karpeta erakargarri eta lizunena baita, bere vintage estiloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.