Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako trena azken geltokira heltzear da. Maiatzaren 8an irten zen Oriotik, eta inoiz baino bidaia luzeagoa egin ostean, Donostiara helduko da igandean. Trenera igo ziren 76 bertsolarietatik zortzi lehiatuko dira helmugara lehen postuan iristeko: Unai Agirre, Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Jon Martin, Agin Rezola eta Aitor Sarriegi.
26 geldialdi eta 36 saio ezagutu dituzte dagoeneko treneko bidaiariek; hala ere, azken geltokiak berritasuna dakar, aurten eraberritze lanak egin baituzte helmugan. Aurreko geltokietan ez bezala, sei puntuko motzean kantatu beharko dute lehenik bertsolariek, eta horren ondotik helduko dira gainerako lau ariketak: bi bakarka eta beste bi bikoteka. Hamabosna bertso puntuagarri izango dituzte lehen fase horretan. Berrikuntza nagusiak, ordea, buruz burukora heltzen diren biek izango dituzte. Aurten, lehenengoz, librean puntukako ariketa bat osatu beharko dute. Horrekin batera, kartzelako lanak bestelako planteamendu bat izango du: gaia ikus-entzunezko baten bitartez jasoko dute bertsolariek. 11na bertso puntuagarri izango dira azken fasean.
Puntu gehien biltzen duenak Laxaro Azkuneren eskutik jasoko du txapela. Horrela, Azkunek bertsolaritza munduan egin duen ibilbideari aitortza eman nahi izan dio Bertsozale Elkarteak, baita «txapela jartzeko ohorea» ere. Igandeko irabazlea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren historiako zortzigarrena izango da. Aurretik txapeldun izan dira Manuel Olaizola Uztapide (1959), Joxe Joakin Mitxelena (1962), Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki (1964), Txomin Garmendia (1967), Anjel Mari Peñagarikano (1991), Maialen Lujanbio (2003) eta Aitor Mendiluze (1995-2007).
Saioa hasi aurretik helduko da Gpuntuko trena Illunbera. 15:00etan zabalduko dituzte zezen plazako ateak, eta eserlekua hartzeaz gain, izango da zer egin 16:20ak bitarte. Txapelketako hainbat saioren laburpenekin batera, Bertsozale Elkarteak egin duen DVD baten trailerra ere emango dute. Hurrengo urtean 25 urte beteko ditu elkarteak, eta hori aitzakia hartuta kaleratuko dute lan hori.
16:30ean aurkeztuko dute saioa Inaxio Usarraldek eta ItziarEtxezarretak. Bertsolariak entzun aurretik, ordea, Gpuntuko sintoniaren egileak igoko dira oholtzara: Elkano Browning Cream taldea eta Gari abeslaria. Haien emanaldiaren ondotik hasiko da finala, 16:45 aldera. Amaiera, berriz, 20:45rako iragarri dute.
Azken sarrerak, gaur
Trenean ez ezik, izango da azken geltokira heltzeko bestelako modurik ere. Autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte 14:30etik aurrera, Bulebarretik aterata. Garraio publikoa erabiltzea edo autoa partekatzea gomendatu dute Gpuntuaren antolatzaileek.
Bertsozale Elkarteak azken geltokirako zituen aurreikuspenak gainditu ditu izango den jendetzak. 9.600 lagun inguru bilduko dira Gpuntuko finalera, eta oraindik sarrera eskuratu ez duenak badu oraindik aukera. Larunbatean Interneteko sarrerak amaituta zeudela iragarri bazuten ere, Illunbeko muntaia egokitu eta herrietan zeuden azken sarrerak bildu dituzte; horrela, gaur 10:00etatik aurrera eskuragarri izango dira azken 1.200 sarrerak, www.bertsosarrerak.eu webgunean.
Aurtengo txapelketak zortzi hilabeteko iraupena izan du, inoizko luzeena. Lehen fasea hamar herritara heldu zen, eta 60 bertsolarik parte hartu zuten horretan. Lehen sailkapenaren ondoren, 32 bertsolarik egin zuten aurrera, eta horiek 2007ko txapelketako finalerdietako hamar bertsolariekin egin zuten topo hurrengo geltokian; hau da, final-zortzirenetan. Zazpi saioren ostean, 24 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako. Beste sei, ordea, zain zituzten bidaiatzen jarraitzeko; 2007ko sei finalistak, hain zuzen. 30 horietatik 18 bertsolarik jokatu dituzte finalaurrekoak, finalean sartzeko lehian.
Inoizko luzeena izateaz gain, jendetsuena ere izan da aurtengoa. Guztira 25.000 lagun inguru bildu dira trenaren joan-etorrian, baita ikusleen ondoan bidaiatu duten hainbat gai-jartzaile, epaile eta antolatzaile ere. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere babesa eskaini dio antolakuntzari, eta igandean «Illunbe biziberritzen» izango da, atzo emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez. Bertsolari amorratutzat dauka bere burua, eta ilusioarekin dago horrenbeste bertsolari gazte finalean egoteagatik. «Onenak irabaz dezala; bertsolaritzak eta euskal kulturak bai irabaziko dutela igande honetan». Bertsolariei animoak emateaz gain, alkatea bera ere animatu zen bertsoa kantatzera.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala
Azken geltoki eraberritua
Zortzi bertsolari lehiatuko dira igandean Gpuntuko finalean; saioa Donostian izango da, Illunbe zezen plazan, 16:30eanParte hartzaileek bi berrikuntza nagusi izango dituzte egin beharreko ariketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu