Literatura

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.

Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. BERRIA.
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Demostratua zegoen izurria ez zela kutsakor deitu ohi dena, eskarlatina eta baztanga izan ziren bezala. Epidemia izendatu zen, baina ebatzi gabe zegoen auzi nagusia: nola sortzen zen epidemia, eta nola zabaltzen». XXI. mendea finitzerako, birus ezezagun batek zeharo sarraskitua du gizateria, eta mundua korritzera abiatu da azken gizakia, The last man, Mary Shelleyren nobelako protagonista. Hondamenetik bizirik atera den inoren bila doa, nonahiko fikzio lan apokaliptikoetan jada klasikoa den bezala. Horretan ere aitzindari izan baitzen Shelley: 1826koa da The last man, eta askok lehen fikziozko lan distopikotzat jotzen dute. Nobelan, Shelleyk 250 bat urte egiten du aurrera, 2073. urte ingurura, eta azken gizakia jartzen du narratzaile, Lionel Verney, urte hartatik aurrerakoak konta ditzan. Istorioak marko orokor bat ere badu: Shelleyk sarreran azaltzen duenez, Napoli inguruan aurkitutako idazki profetiko batzuk hartu zituen istorioa ontzeko oinarritzat.

The last man ez da, ordea, gaur egun Orwellen-eta sokari segika nobela distopikotzat jotzen dena, hau da, etorkizun den totalitarismo suerteren bat deskribatzen duena, oraingo egoeraren bat islatuz eta zapalkuntzaren kontrako mezu politiko eta guzti. Izatez, The last man nobelak ez du inola ere irudikatzen etorkizuna; Shelleyren XXI. mendeko pertsonaiak zalgurdietan ibiltzen dira, eta, garai bateko aristokraziak hain du presentzia nabaria, non XIX. mendeko irakurleari ez bailitzaioke batere arrotz egingo. Hala ere, Shelleyk bere garaiko zenbait kezka eta gogoetagai etorkizunean proiektatu zituen, eta kezka horiek munduaren azkenaren argi kontra ezarri, The last man honetan. Erromantizismoaren berezko kezka existentzialak munduaren akaberaren ideian formulatzea ez zen Shelleyren asmazioa izan —hain justu, azken gizakiaren gaia oso boladan egon zen garaitsu hartako letra ingelesetan—, baina, halere, kritikak eskandaluz eta bereziki gogor hartu zuen eleberria: «imajinazio gaixo baten fruitu» iruditu zitzaien kritikariei, «horroreen segida nardagarri bat». Orduko moralismo asaldatuak kritika misoginoetara ere jo zuen nobelaren kontra egiteko.

Baina eleberria apokalipsi hutsa baino askoz ere gehiago da; desastrea berandu ailegatzen da istoriora, kasik erdi parean, eta ordura arteko gorabeherak askoz ere arin eta neurri batean xaloagoak dira. Lionel protagonista agertzen da hasieran, kortesano galbideratu baten semea, errege zenaren seme Adrianekin adiskidetu eta Londresera bueltan doana, arreba Perditarekin batera, Ingalaterrako errepublika sortu berrian. Adrian errepublikazalea da, eta kultua, manera onekoa; Lionel eta Perdita, berriz, umezurtz eta «basati» hazi dira, eta Adrianen eraginpera biltzean hezibidea jasotzen dute, hau da, kultura humanista: erabat murgiltzen dira literaturan, filosofian eta arteetan. Raymond abenturazalearekin eta Adrianen arreba Idrisekin batera, familia giro kultu eta ia zerutar bat osatzen dute, ideal erromantiko humanista gauzaturik, eta halaxe bizitzen dira hainbat urte, atseginen baratzean bezala. Lehen parte horretan, errepublika berriaren eta monarkia zaharraren arteko tirabirak dira gatazka iturri nagusia, bai eta protagonisten arteko harremanen gorabeherak ere. Greziaren eta Turkiaren arteko gerra ere hor dago, atezuan, atze-oihal modura: Raymond gerra hartatik itzultzen da nobelaren hasieran, eta haraxe bueltatzen lehen liburukiaren amaieran.

Luze eta zabal aztertu dira nobelan nola edo hala Mary Shelleyren biografia islatzen duten zertzeladak: Percy Shelley senar defuntua izan omen zuen Adrianen pertsonaiarako inspirazio iturri, eta Raymonden atzean, berriz, Lord Byron poeta eta adiskidea egon omen zen, hura ere The last man kaleratu baino pare bat urte lehenago hila, Greziako Independentzia Gerran hain zuzen (1821-30). Erromantikoen artean oso presente egon zen gerra hura, eta Shelleyk horixe ekartzen du bere etorkizuneko fikziora ere.

Gatazka oso humano bat sartzen da lehenik nobelan, gerrate bat, bi herrialderen artekoa baina gizateria osoari dagokiona, zibilizazio humanistaren eta «basakeria» arrotzaren arteko borroka gisa aurkezten denez gero —dikotomia hori lehen ere agertu da, Lionel eta Perdita hezkuntzaren bidez «zibilizatzen» direnean—. Apokalipsiaren ertzean, Shelleyk Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko borrokaldia irudikatzen du, humanismoaren eta «barbarismoaren» arteko azken talka modura. Horretan, nobelak bilakaera argia dauka: lehenik, Shelleyk ideal erromantiko humanistaren paradisua irudikatzen du, eta gero gatazkan ezartzen Ekialde «barbaroaren» kontra.

Gerratearen erdian pizten da humanitatea galbideratuko duen izurri misteriotsua, eta gaina hartzen dio gerrari berari, hain da giza gatazkaz haragokoa. Hala, Shelleyk naturaren erdigunetik egozten du gizakia, eta auzitan jartzen nobela hasieran goretsi duen humanismoa —zenbaitek esaten dute izurriak ideal erromantikoen porrota ere adierazten duela—. Eta, nolabait, Shelleyk lortzen du nobelaren bi mutur horien arteko kontraesan itxuraz saihetsezina onbideratzea, antropozentrismo eroaren salaketa kultura humanistaren gorazarrearekin uztartuta. Nobelaren azkeneko paragrafoan, guzti-guztia galdua denean, giza espeziearenak egin duenean eta azken gizakia itxuraz bakar-bakarrik geratu denean, Lionelek, partitu aurretik, liburu gutxi batzuk hartzen ditu aldean, «Homero eta Shakespeare gehienbat». Ez du gehiagoren beharrik: «irekiak ditut mundu osoko liburutegiak», egiten du berekiko. Pentsamendu horretan kausitzen du, ezinbestez, kontsolazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.