Udazkena zen, 1978koa. Ni Saint Pauleko Macalester Unibertsitatean nenbilen. Nire logelatik etxadi batera, Cheapo Records izeneko denda txiki bat zegoen. Atetik gertu, punk-rock burrunba ederra jaurtitzen zuen soinu ekipo bat zegoen. Sartu, eta dendan zegoen pertsona bakarrarekin denbora egin duen. Grant Hart deitzen zen. Nire bizitzako hurrengo bederatzi urteak harekin igaro nituen, elkarren ondoan. Musika zoragarria egin genuen elkarrekin». Grant Hart hil eta ordu gutxira, Husker Du taldean lagun eta kide izandako Bob Mouldek gutun hunkigarria argitaratu zuen sare sozialetan, Hart eta Mould bera elkarrekin ageri diren argazki batez lagunduta. Bertan, agerikoak dira gaixotasunaren arrastoak Harten aurpegian. Gaitz horrek, minbiziak eraman du, 56 urterekin, Husker Du-rekin 80ko hamarkadako hardcore musika irauli zuen abeslari eta bateria jotzailea.
Taldeak iraun zuen bederatzi urte haietan, Hart eta Mould—Greg Norton baxu jotzailearen laguntzarekin— hardcore-punk bizi eta basatitik molde melodikoagoetara igaro ziren, bi kantugile eta buruek markatutako nortasun handia inoiz galdu gabe. Zen Arcade (1984), New Day Rising (1985), Candy Apple Grey (1986) eta Warehouse: songs and stories (1987) disko bikoitza izan ziren garapen horren isla eta lekkuko. Berriro ere Mould: «(Ia) beti, ados geunden gure lan kolektiboa munduari nola erakutsi erabakitzean. Detaileez eztabaidatzen bagenuen, biontzat oso inportantea zelako izaten zen. Taldea gure bizitza zen. Hamarkada zoragarria izan zen».
Ordurako, ordea, bien arteko harremanak gaiztotuak zeuden, eta bakarkako bideari heldu zioten. Mouldek ukitu zuen berriro ere zerua, Sugar taldearekin, baina Hart, aldiz, bigarren mailako errepideetara itzuli zen. Oihartzun handirik izan gabe. Grabatu zuen bere izenean —Intolerance (1989), Good news for modern man (1999), The Argument (2013) azkena—, eta baita Nova Mob taldearekin ere —The Last Days of Pompeii (1991). Eta utzi zuen kantu sorta eder bat.
Azkenaldian, gainera, bazirudien Mouldekin izandako gorabeherak gaindituak zituela, eta dagoeneko iragarria zegoen Savage Young Dü, Husker Duk 1979. eta 1982. urteen artean grabatutako kantuen bilduma. Mould: «29 urtean harremanetan izan ginen. Batzuetan lagunkoi, besteetan zailtasunekin, batzuetan epel. Onerako eta txarrerako, horrela zen, eta hori gertatzen da bi pertsona elkarrekin eraiki dutenaz kezkatzen direnean».
Hart, Moulden hitzetan, «artista bisual dohaindua, istorio kontatzaile zoragarria eta talentu izugarriko musikaria izan zen».
Grant Hart
Azken gutuna lagunari
Grant Hart Husker Du taldeko abeslari eta bateria jotzailea izan zena hil da. Husker Du hardcorearen garapenerako pieza ezinbestekoa izan zen. Han kide izandako Bob Mouldek gutun bidez egin dio agurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu