Bakarrik nentorren Roses-eko bide zaharretik. Eperrak erretiratzen ari ziren, eta ehiztari desanimatuek libre utzitako untxi bakanek, ustekabean, jauzi egiten zidaten zangoen artean. Mahastiak, olibondoak eta pinu zahar eta berriak behatzen nituen, eta iturriak, latsak eta uharrak, azken aldiz balitz bezala. Ura tantaka sumatzen nuen erretenean, adarrarekin asmatzen ez zuen txori baten hotsa, azken txitxarrak eta arratsaldeko lehen kilkirrak. Sumatzen nuen, urrunean, bouko untzien hots lehor-erritmikoa, Selvako lurmuturra inguratzean, portura bidean; eta motoreen burrunba beti-berdina, ibilgailuak errepideetatik bultzatzen, mundu guztia bizkor hel dadin Inora Ez; eta baretzen ari zen itsasoaren hotsa. Izarrak jaiotzen ikusten nituen, eta sateliteak ahultzen. Moilara iritsi nintzela, neskak jai-giroan igarotzen ziren, ez edergailurik ez lokarririk, haur etorri berriaren antzera. Ezaguna dudan batek, Pòsit-ekoa bera —motorea trabatzean, arraunei gogorren eragiten dien horrek—, komentariorik gabe eman zidan, bion harridurarako, paper bat, norbaitek niri helaraztea nahi zuena. Hala dio: Jadanik ez dago hitzik esateko hitzak jadanik hitz ez direla eta hitzari jadanik ez diogula eusten. Martiriak bezala torturatu zituzten, urkamendirik garaienean zintzilikatu, barrikadetan harrikatu, altxamenduaren lautadan gilotinatu, izkinan zintzurra ebaki, ibilgailu baten gurpil azpian jarri, erraiak erauzi idiari hiltegian bezala, haren odola piztiei edaten eman zieten, haren hezurrak zehatu eremua ongarritzeko, egunkarietako erredakzioetan desloratu zituzten, elaberrigile txarrek ok egin, eta sasi-poetek larrua kendu, lehortu eta gerra-danborretarako teink jarri. Hitzaz harago, esateko hitzik baduzu, goizaldeko haizekirria bezain argia, kostaldeko lurreko ardoa bezain indartsua, zokor iraulien usaina bezain garbi-berria, ez zaitez esaten saiatu: mihia moztuko lizukete.
POEMA
Jatorrizko hizkuntza: katalana.
Jatorrizko izenburua: Darrer comunicat.
Itzultzailea: Gerardo Markuleta.
Liburua: Antologia. Zenbait poeta katalan.
Argitaletxea: Ibaizabal (Literatura Unibertsala bilduma).
Argitarapen urtea: 1997.
Aurkezpena: Bihar izango dira 25 urte Josep Vicenç Foix katalan poeta (Sarria, Bartzelona 1893 - 1987) hil zenetik. Europako abangoardien eraginpean idatzi zuen, poesia batez ere. Sol i de dol (Bakarrik eta doluz, 1947), On he deixat les claus (Non utzi ote ditut giltzak, 1953), Onze nadals i un Cap d'any (Hamaika Eguberri eta Urte Berri bat, 1960) dira haren poema libururik ezagunenak. Gerardo Markuletak Josep Vicenç Foix-en hainbat poema euskaratu zituen Antologia. Zenbait poeta katalan liburuan, eta haien artean dago prosazko poema hau.
Literatura. Pasarte hautatua. Josep Vicenç Foix
'Azken komunikatua'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu