Maiatzean jokatu zen Gpuntua: 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen fasea. 60 bertsolarik parte hartu zuten, eta 32 igaro dira etzi abiatuko den bigarren fasera. Jarritako helburu guztiak bete zituen txapelketak lehen fase horretan, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale elkarteko lehendakariaren hitzetan. Andoainen jokatuko da zazpi final-zortzirenetako aurrena, Bastero kulturgunean (17:30). Iñigo Manzisidor Mantxi, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana lehiatuko dira. Igandean jokatuko da bigarren final-zortzirena Azkoitiko Baztartxo antzokian (17:30). Xabier Sukia, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Gorka Azkarate, Ibai Esoain, Asier Azpiroz eta Gorka Imaz ariko dira.
Final-laurdenetara 24 bertsolari igaroko dira, eta horiei 2007ko txapelketan final-aurrekoetan geratutako sei batuko zaizkie: Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Jon Martin eta Iker Zubeldia. 30 bertsolari horietatik 18 igaroko dira hiru final-aurrekoetara, eta haietarik zortzi finalera.
Duela lau urteko txapelketan zenbait saiotan bertsozaleak sartu ezinik geratu zirela ikusita, final-laurdenekoetatik aurrerako saioak kiroldegi eta frontoietan egitea erabaki dute antolatzaileek aurten. Finala, duela lau urte bezala, Donostiako Illunbe zezen plazan izango da abenduaren 18an. Han botako da azken puntua, eta han erabakiko da, azken puntuak ematearekin batera, garailea ere. Aitor Mendiluze izan zen txapelduna orduko hartan, eta Maialen Lujanbio 2003koan. Garaile berria izango du Gipuzkoakotxapelketak.
Sintonia
Elkano Browning Cream taldeak lehen faserako prestatu zuen txapelketaren sintonia. Hura ardatz hartuta, hitz berriak sortzeko lehiaketa abian jarri zuten Gipuzkoako Bertso Eskolen artean, eta Antzuolako Sasibertsolaixak eskolakoak izan ziren garaile. Gari abeslariak biribildu du sintonia bere ahotsarekin.
Irudi berria
Maiatzeko lehen fasean Gpuntuaren irudiaren zertzeladaren bat bistaratu zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Bigarren fase honetan gizarteratuko dute antolatzaileek irudia osorik. Metro sarearen kontzeptua erabilita, Gipuzkoako bertsoaren sarea islatuko du Gpuntuak; metroko linea bakoitza txapelketako fase bakoitzari dagokio, eta bertso eskolen sareak lurralde osoa hartzen duen linea islatuko du, Oroitz Azurmendi Elkarteko koordinatzailek azaldu duenez.
Bertsoaren sarea osatzeko elkarteak hainbat euskarri erabiliko ditu. Bertsolaritzaren inguruko informazio guztia biltzen duen aldizkaria izango da berritasunetako bat. Gainera, www.gpuntua.com webguneak izango da aurten ere informazio bide nagusia. Saio guztien gaineko informazio eguneratua argitaratuko da atari horretan, eta sarrerak erosteko aukera ere emango du. Sare sozialetan ere izango da Gpuntua: jada maiatzetik abian ziren Facebook, Twiter eta Berriketan sare sozialak indartuko dira. Berrikuntza gisa, Gpuntua telebista atala estreinatuko du txapelketak: saioetako bertsoaldirik onenak, produkzio bereziak, eta abar argitaratuko dira aldiro-aldiro.
Sarrerak
Saioetarako sarrera guztiak erosteko aukera izango da www.gpuntua.com eta www.bertsosarrerak.eu atarietan. Internetez sarrerak erosten dituztenek izango dute lehentasuna, baina saioen aurretik tokian tokiko leihatiletan ere jarriko dira salgai. Bertsozale leialenentzat Gpuntua-Bonoa jarri du salgai antolakuntzak: saio guztiak ikusteko aukera ematen duen bonua, prezio orokorra kontuan hartuta, %50eko deskontuarekin.
Azken puntua Illunben dago
Etzi ekingo zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren faseari, Andoaingo final-zortzirenarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu