Uda batez Galeuscan

Azken urtea 2030

Nee Barros Ourensen jaio zen, 2002an, eta @neeumatiko izenarekin aritzen da sare sozialetan. Identidade (Galaxia, 2021) du lehen antzezlana: askatasunaz hitz egiten du, izateko premiaz eta, batez ere, identitateaz. Jaiotze hutsak molde batean sartzen du bizitza, eta gizarteak taxua ematen dio molde horri. Baina zer gertatzen da okerreko molde batean jaiotzen bagara? Itxialdian, Youtuben bideoak jartzen hasi zen Barros, Galiziako literaturako zenbait kontzeptu azaltzeko. Azaldu duenez, entretenituago egoteko eta modu interaktiboago batean ikasteko hasi zen bideoak grabatzen. Lagunek bultzatu zuten horiek argitaratzera, eta kanalak 2.700 harpidedun inguru ditu egun. Orain, Barros Interneteko eduki sortzailea da, idazlea, literaturaren zale amorratua eta kausa sozialen babesle sutsua. Froalla izeneko musika talde bat ere badu, eta podcast bat: Conversas perversas.

Arena. ALEX ROZADOS.
Nee Barros.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Goizeko 8ak. Logelako led argizko egunsenti-simulazioarekin batera esnatzen naiz. Ez-bitar hau hain ohitua dago txoriok entzutera, ezin baitu itxurarik egin errealak direla. Edonork pixka bat erreparatuz gero igarriko luke ordenagailuz eginak direla. Ahots neutro bare batek aletzen ditu nire bihotz-erritmoa, 75 taupada minutuko, eta nire gorputz-tenperatura, 35,9 °C.

Ohe bertikaletik askatzen naiz, eta komunera noa. Sistemak ebazten du oraindik ez nagoela % 100 itzarrik, aurpegia ur hotzarekin garbitzen dit. Horren beharrik ez zegoela esaten diot garrasika. «Agindu ezezaguna», erantzuten du.

Sukaldean, pantailak bi aukera erakusten ditu: kafe-pilula ala te-pilula. Pribilegioez baliatzea erabakita, halako egun seinalatua izateagatik, kafea eskatzen dut. Egiazko kafe bat. Adimen artifizialak jakin beharko nituzkeen albisteak aletzen dizkit, nahiz garrantzizkoena badakidan. Bestela, nondik nora eskatuko nuke egiazko kafea?

—2063ko abenduaren 30a. Gaur da eguna. 2030eko abenduaren 30eko biltzarraren eguna.

—Badakit! Isildu, mesedez. Badaukat zertan pentsatua?

Espero izatekoa zenez, ez dit kasurik egiten, eta AGak, «Albiste Garrantzitsuak», aletzen segitzen du. Ironikoa da siglok «Axola Gutxi»rekin ere bat etortzea, gaur albisteak ez zaizkit-eta batere axola.

—Zientzialariek lehen aldiz lortu dute gaileta bat telegarraiatzea Cuspedrinhos-etik Folgosodo Courel-era. Ez jakin nola, hozkada bat kenduta ageri da helmugan. Berezko kontzientziadun adimen artifizialen eskaintza berezia, % 50erainoko deskontua...

Ahotsa hizketan uzten dut maneatu bitartean. Atzo aukeratu nuen zer jantzi. Elastiko gardena, top beltza eta gona beltza. Ahotsak, ordurako isilik egon arren, berriro ekiten dio gogoraraziz iraganean ohikoa zela abenduan hotz egitea. Kaka. Pilula bat agertzen zait muturren aurrean, soraiotasun termikoarena. Hartu egingo dut, ez baitut janzkera aldatu nahi ezta biltzarreko denbora galdu ere.

Kapsulan sartu, eta data konfiguratzen dut, 2030eko abenduak 30, denboran zeharreko nire lehenbiziko bidaia baino 365 egun lehenago. Abenduaren 30 guztietan han elkartzen gara, umetako nire etxean, ni eta nire beste bertsioak, urte bakoitzeko bat. Biltzar espazio-tenporala denez, bidaia deserosoa eta garestia da: gertakari honetarako gordetzen dut beti nire urteroko doako bidaia-txartela.

Iristea ez da oso zaila ere, 08:40rako. Urtetik urtera bost minutu lehenago agertzen naiz, zeren, jakina denez, denboran zeharreko bidaiek komunera joateko gogo handia eragiten dute. Dena hantxe bertan dago. Komunak garbi-usaina du, jatekoa prest dago eta erreala da. Amaraun batzuk badira, hauts apur bat, hezetasun pixka bat... Gustatzen zait. Pasieran joango naiz, beste denak iritsi aurretik.

Itzultzen naizenean, 2031 eta 2055 eztabaidan ari dira zuhaitzen kontura. 2055ek uste du ederrak direla, baina 2031k arrapostu ematen dio ezetz, eukaliptoak direla, kaltegarriak direla. 2050 hurbiltzen da eransteko berak nahiko lukeela bere garaian zuhaitzak izatea, eta 2031k ulertarazten dio eukalipto horiei zor zaiela neurri batean haiek desertu batean bizitzea.

Bitxia da, kosta egiten zait nire bertsio guztietan neure burua identifikatzea. 2030ek bizarra du oraindik, ile laburra eta arropa oso xinplea. Jeans urdin ilunak, jaka beltza eta txanoa, beltza hura ere. Handik gutxira 2036, bere estiloa aldatzen hasi berria bera, bere soineko koloretsua erakustera hurbiltzen zaie, eta 2030ek irribarre egiten du, nahiz eta sekula ez litzatekeen halakorik jantzita eramatera ausartuko. 2040 hurbiltzen da, bizarrik gabe, ilea luzeago eta azkazalak pintatuta. 2042k bibotea darama berriro, oraingoan berak nahi duelako.

Elkartu eta nork bere berri ematen du; spoiler askorik gabe, ordea, bertsio gazteenengatik. Beren kabuz bizi behar dituzte ikaraldiak eta atseginak. 2051k gaztigatzen dio 2050i maiatzaren 25ean aterkia hartzeko. 2048k 2045i diotso baietz, egiteko, ondo aterako dela. 2041ek bere betiko diskurtsoa ematen du nork bere burua aurkitzearen inguruan. 2036k galdatzen digu aurrerantzean forma ez-bitarrak erabiltzeko berarekin; zaharrenok txalo egiten diogu; gazteenak zurtz eginda daude, eta kontua zertan den azaltzen diegu. 2036tik aurrera ebatzi genuen ez geundela eroso ezarria zitzaigun maskulinitate horretan.

Aurten isilik nago. Deskonektatua sentitzen naiz, eta nahiago dut lardaskan ez ibili. 2030ek miresmenez begiratzen dio 2036ri. 2036k miresmenez begiratzen dio 2040ri. 2040k miresmenez begiratzen dio 2042ri. Niri inork ez dit begiratzen. Beti pentsatu dut denboraren joanak eboluzioa zekarrela, eta eboluzioa zerbait positiboa dela. Ez dakit nolatan ez nintzen ohartu ez zela hala. Bertatik bertara ikusia nuen: denboraren joanarekin, zaratak hedatu ziren eta zuhaitzak desagertu, jakiak desagertu ziren eta pilulak hedatu, adimen artifizialak hedatu ziren eta zera desagertu, neroni desagertu nintzen. Neroni desagertuz joan nintzen. Noiztik ez dut beste inor ikusi? Hauek ez dute balio, hauek ni neu direlako.

2060 hurbiltzen da, eta labana sartzen dio 2063ri. Bai zoritxarra, 2063 neu naiz eta. Eskua sabelaldera eraman, eta odola ikusten du. Gora begiratu, eta hantxe dago 2061; lehen laguntzetan trebatzen aritu da azken urtean abagune honetarako, baina 2062k geldiarazi egiten du. Izan behar duenak izan behar duela diotso. 2063k, nik, baietz egiten diot buruarekin. Badoaz. Elastiko gardenari esker hobeto ikus dezaket zauria.

Ez dakit zergatik egiten ditudan harritu-plantak, urtero kontu bera izaten baita, eta badakigu. Nahiz eta nire 2061 ez-bitarra lehen laguntzetan trebatu urtebetez egoera aldarazteko, ezin izan du deus egin. Urtero kontu bera da, eta ni bertsio diferente bat izaten naiz, badakiena haietako bati labana sartuko diotela.

Etzaten naiz, eta amore ematen dut, baina 2010 nire ondora dator. Nolatan iritsi da honaino? Haurtxo bat da, eta beraren urtean oraindik asmatu gabe zeuden denboran zeharreko bidaiak. Biltzar guztietara etortzen da, ordea; iritsi, osteratxo bat egin, eta badoa. Gaur nire ondoan eseri da, eta esaten dit neska ederra naizela. Nahasi antzean uzten nau, baina ondo sentiarazten nau, neska ederra esan duelako. Neska ederra. Neska ederra. Neska ederra naiz. Kontu handiz zauria josten dit, eta eskutik helduta basoan barrena eramaten nau. Ez dut galderarik egiten, baina, gailetak dauden leku batera iristen garenean, ni baino zaharragoak diren neska batzuk ikusten ditut, eta kartel batek «Ongi etorri, neska!» dio, urte horretatik aurrera biltzarrak hantxe izango direla ohartaraziz. Neskek beren buruak aurkezten dituzte: 2064, 2065, 2066... Ez zen azken urtea. Iraganeko azken urtea baizik.

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.